Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Makilak eta mihia dantzan

Dokumentuaren akzioak

Makilak eta mihia dantzan

Nafarroako Erriberako makil dantza urteetan galdua izan den arren, bizi-bizi da egun berriz ere

Egilea
Iñigo Astiz
Komunikabidea
Berria
Tokia
Cortes
Mota
Albistea
Data
2009/09/04

XVIII. mendea izan zen Erriberako makil dantzetarako unerik gozoena, baina XIX. mendearen amaiera aldera galdu egin zen herririk gehienetan. Tentsio sozio-politikoak eta bertsoen eztenkadek sorturiko iskanbilak izan ziren arrazoiak. Cortes izan da makil dantza eten nabarmenik gabe bizirik eutsi dion herri bakarra. 1936tik 1959ra, eta 70eko hamarkadatik 1995era bitartean baino ez zen gelditu dantzatu gabe. Kasu bakana da, ordea, Corteskoa. Gainontzeko herrietan, galdua zegoen, 80ko hamarkadan Urbeltz folklore taldekoak berreskuratzen hasi ziren arte.

Mikel Aranburu izan zen talde haren kideetako bat. «Jimeno Jurioren lana genuen abiapuntutzat, baina hura irakurtzetik, dantza berreskuratzera bada tarterik. Herriz herri joan ginen jendea elkarrizketatzen. Dantzari izandako gehienak hilik ziren ordurako, eta haien seme-alabei esker jaso genuen lekukotza».

Musika eta dantzak falta, ordea, eta Cortesen, eta antzeko makil dantzak dituzten Zaragozako herrietan (Espainia) ikusitakoarekin lortu zuten hainbat herritan dantza berreskuratzea. «Beste batzuetan, berriz asmatu egin behar izan genuen».

Berreskuratzearen eta berriz asmatzearen artean dabil Erriberako makil dantza, Aranburuk dioenez. «Oso lan ona egin da, dantza festa gisa berreskuratu delako, eta herritarrek inoiz berena izandako dantzatzat hartu dutelako dagoeneko. Hondakinetan zen dantza hau, eraikin zahar bat bezala, eta arkitektoek egiten duten modura, berriro eraiki dute, egitura zaharrari eutsiz, eta egungo joerak kontuan hartuz».

Egungo egoerara moldatzen

Emakumeek dantzan jokatzen duten rola da aldaketetariko bat. Lehen bakarrik gizonezkoak ziren dantzariak, baina, egun, emakumezkoak ere badira makil dantzan. Hori gertatzen da Cortesen, hain zuzen. Bi dantzari zortzikote aritzen dira, mutilez osatutakoa bata eta neskez osatutakoa bestea.

Irailaren 29an dute erakustaldia Cortesko dantzariek, baina aspaldi dira lanean hasiak; ekainean. Egunero entseatzen dute orain, Maria Alcalde dantzariak dioenez. «Dantza ongi ikasten aritu gara orain arte, baina orain prestaketa fisikoa da lanik gehiena; izan ere, oso dantza gogorra da».

Urteekin pertsonaia tradizionalez gain (aingerua, deabrua, alkatea eta artzaina), berriak azaldu dira, eta gaiak ere aldatu direla dio Aranburuk. «Lehen herriko ahulenen kontrakoak ziren bertsoak, haurdun zegoen ezkongabearen aurkakoak eta. Orain, gai politikoak dira nagusi, zinegotziei buruzkoak, eginiko lanei buruzkoak...».

Makil dantzaren egoera orain urte batzuk baino hobea da, baina ez da gorabeherarik gabekoa. Fustiñanan, esaterako, aurtengo udara arte, hamabost urtez egon dira dantzatu gabe. Ribaforadan, berriz, eztabaida bizia izan da dantza taldearen eta udalaren (UPN) artean urte guztian, iazko makil dantzan botatako eztenkaden inguruan. Jimeno Juriok zioenez, ordea, «dantzak dantza gehiago pizten du», eta gorabeherak gorabehera, bizi-bizi dago makil dantza.

Dokumentuaren akzioak