Dokumentuaren akzioak
Makila-dantza izango da Eibarko XLII. Euskal Jaiaren protagonista
Jon Maia bertsolariaren hitzaldi batek irekiko du ostegunean igandera arte luzatuko den egitaraua
Egitarauarekin hasteko, Jon Maia bertsolariak Apaizac Obeto espedizioari buruzko hitzaldia eskainiko du ostegunean, 19.00etatik aurrera, Arrate Kultur elkartean.
Ostiralean, haurrentzako euskal jolasak egongo dira Untzagan, 18.30etan hasita eta Kulki taldearen eskutik. Coliseo antzokian, berriz, Benito Lertxundiren kontzertua izango da 22.00etan. Emanaldirako sarreren prezioa 15 eurokoa izango da.
Larunbatean, artisau eta baserritarren azoka egongo da, 10.00etatik 14.00etara, Toribio Etxebarria kalean. Tarte horretan, taloak saltzeko postua ipiniko du Eibarko AEK euskaltegiak azoka gunean.
Era berean, herri kirolen erakustaldia eta bertsolarien emanaldia izango dira eguerdi partean eta, ordubete beranduago, Eibarko D.B.H.ko eskolen arteko lehiaketa bat. Bertan, Aldatxe, La Salle, Mogel Isasi eta Itxio ikastetxeetako neska-mutilek parte hartuko dute.
Arratsaldean, Euskal Herriko eta atzerriko makila-dantzen lehen erakustaldia izango da, 19.30etan hasita, Untzagan. Ikuskizun horretan, Nafarroako Cortes herriko Yona dantza taldea; Errioxako San Asensioko dantzariak; Elgoibarko Haritz euskal dantzari taldea; Otsagabiako dantzariak eta Eibarko Kezka dantza taldea arituko dira.
Era berean, Eibarko bertso eskolak antolatutako bertso-triki-poteoa izango da, 19.30etatik aurrera.
Eta larunbateko ekitaldiekin amaitzeko, Jainaga eta Narbaiza trikitilariek alaituko duten kantu afaria egongo da 22.00etan karpan. Haur, gazte eta langabetuentzat, prezioa 12 eurokoa izango da eta, bestelakoentzat, 18 eurokoa. Sarrerak Klub Deportibon eta Kultur elkartean eros daitezke.
azken txanpa Eibarko Euskal Jaietako azken eguna igandea izango da. Egitaraua Urkizutik Untzagara egingo den kalejira batekin jarriko da abian, 12.00etan. Bertan, Makila-dantzak jaialdiko talde guztiek eta gaiteroek, joaldunek, Eibarko trikitilariek eta Jainagaren eskolako trikitilariek parte hartuko dute.
Behin Untzagara heldu ondoren, Makila-dantzen jaialdiaren bigarren saioa izango da, oraingoan, Terrassako bastoners; Antzuolako Oin Arin; Portugaleko Pauliteiros; Uztaritzeko Errobiko Kaskarotak; Ingalaterrako The Britannia Coco-nut Dancers of Bacup; Gasteizeko Indarra eta Castelloneko El Todó-Danses Guerreres de la Todolella dantza taldeak arituko dira aurreko eguneko talderekin batera.
Bestalde, 14.30etan herri bazkaria egongo da karpan eta 17.00etan Patxi Perezekin erromeria. Azkenik, Larrain-dantza izango da 19.00etan Untzaga plazan.Dokumentuaren akzioak