Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Makil txiki dantza 'Sarri Sarri'-rekin

Dokumentuaren akzioak

Makil txiki dantza 'Sarri Sarri'-rekin

Punka eta tradizioa. antonimoak direla usteko du askok, etsaiak direla ere bai beste batzuek. kontrakoa erakutsi dute gazte hauek

Komunikabidea
Matraka
Mota
Erreportajea
Data
2006/09/20

Bertso, kantu, musika eta dantza. Zpeiz Mukaki izena du taldeak. «Bi entitateren arteko nahasketa da. Alde batetik, Zpeiz Banako deitzen den taldea edo, eta bestetik, Mukaki Sound System txaranga. Mukaki hitza gure lagun taldearen koadrilaren identifikazio hitz bat da. Horrela eta horrenbeste gogoetatu gabe sortu zen taldea», azaldu digu musikari eta konpositorea den Mizelek.

Ordubeteko kale animazioa proposatzen dute. Haien berezitasun nagusia da euskal dantza tradizionalak eskaintzea... baina 80-90eko hamarkadetako musikek lagundurik. Horrela, publikoak Makil Txiki ikusteko parada du, Kortaturen Sarri Sarri kantua entzunez, edo Txotxongillo, La Pollaren No somos nada abestiaren erritmoetan. Eta horrela bisitatzen dute dantzaren errepertorioa, «betidanik irakatsi digutena ez dela dantzatzeko molde bakarra frogatzeko», gehitu du Peruk. Baina nola da posible Izan dantzan, kantuan edo rock-and-rollean, musika bakoitzak badu bere erritmoa, baina gehienek egitura berdintsua dute. «Erritmoari begiratu, entsaioak egin eta edozerekin dantza daiteke!», dio Mizelek. Eta hori egiten dute: bonboa, atabala, eskusoinua, gitarra elektrikoa, saxofoia, gaita, txirula eta ahotsaren laguntzarekin, Kortatu, La Polla, Exkixu, Beltzez, Hemendik at, Anje Duhalde, Su ta Gar eta Negu Gorriak taldeen abesti ezagunenak jotzen dituzte…

Dantzariak zortzi dira. Baina aldakorra da. «Lagun taldea gara benetako artistak izan aurretik. Batzuetan hogei lagun joaten gara, bestetan hamabost. Baldintza bakarra motibatua joatea da!», zehaztu du Peruk, ETBko BaSEXtrem jokoan parte hartu zuen dantzariak. Emanaldia publikoaren artean egiten da, «mikrofono, argi eta agertokietatik urrun». Txarangarekin hasi eta gero hiru ordu laurdenez dantzak izaten dira: Makil txiki, Banako, Txotxongilo, Corteseko makila, Aurreskua... Ondotik, bi bertsolari gazteren marmarrak eta txisteak entzun ondoren, publikoarekin kantuz eta dantzan aritzen dira.

Besta giro hori hobeki itxuratzeko, jantziak ere landu dituzte: dantzariek txapela, zapia, abarkak eta Eskoziako gona tradizionala kilt dituzte soinean. Musikariek aldiz, Italiako mafiosoen atorra eta betaurreko beltzak dituzte.
Azken uda Euskal Herrian zehar pasatu dute, herriko bestaz besta Zaldibar, Ataun, Urruña, Baiona..., jaialdiz jaialdi Lekeitioko feria, Herri urrats, Euskal Herria Zuzenean, Sagardo Eguna...

eta gaupasaz gaupasa. Nekatuak diren galdetzen diegunean, ezetz erantzuten dute eta beti prest daudela abentura berrietara joateko. Ondo pasatzeko eta baldintza onetan jokatzeko eskatzen dietenei hau erantzuten diete: «Afari on bat eta kubatak gertu izatea aski da guretzat!!!». Ez al da hau punk izatea...

«Folkloreari umore handiagoa eman diogu»
JOXE CAZAUBON, Dantza irakaslea, ZPEIZ MUKAKI taldeko sortzaileetariko bat.

1 Nondik heldu da proiektu hau

Gau batez, Miarritze gaztetxean ari ginen lanean, presoen sostengu kontzertu bat zen eta dantzaldi bat zegoen. Fandangoak eta beste euskal dantzak dantzatzen zituzten, baina publikoan inor ez zen dantzatzen. Harrituak egon ginen, gehienak dantzariak zirelako, eta hasi ginen pentsatzen: «Nola egin euskal eta besta gune batean dantza sartzeko Zeren ez bada gaztetxe batean dantzatzen, ez da diskoteketan euskal dantza agertuko!». Eta zaila denez gauerdian txistu eta atabalarekin besta giro batean sartzea, erabaki dugu euskal dantza egitea, gau munduko musikarekin.

2 Euskal dantzak esparru anitz hunkitzen ditu jadanik herriko plaza, antzokia, jaiak.... Zergatik da garrantzitsua, zure ustez, gazte eta besta munduan ere egotea
Dantzari gisa, gehienetan herriko jai edo turistentzat bakarrik egiten dugu dantza. Hori dela eta, azken urteetan motibazio falta sentitzen hasi gara: euskal dantzak geroz eta mutil gazte gutxiago erakartzen ditu. Mutiko gazte eskasia ikusita, motibazio iturri izan daiteke erakustea folkloretik at euskal dantzak baduela bere tokia euskaldunon eguneroko bizian, eta ez udako bi hilabeteetan bakarrik. Baina tresna den dantza moldatu egin behar da. Batzuek mugimendu garaikideak edo koreografiak aldatu dituzten bezala, guk musika dugu moldatu.

3 Nola egiten duzue dantzak sortzeko eta musikak aurkitzeko

Lagun talde bat gara eta ez dugu denek maila tekniko bera. Beraz, denek dantzatzeko gisan, lehentasuna eman diegu denek dantzatzeko gisako dantzei. Gure asmoa ez da talde elitista sortzea, baizik eta umore onean elkartzea gustuko duen lagun talde bat. Hasiera batean, mutil dantza batzuk hautatu ditugu eta musika ezagunak txertatzen saiatu gara.

4 Baina dantzak aldatzen dituzue edo tradizionalak izaten dira
Ahal bezain fidel izaten saiatzen gara... Baina umore handiagoa emateko, moldaketak egin ditugu. Adibidez, banakoan, bat banaka pasatzean, bakoitzak dantza bat egiten du: batzuetan makarena, bestetan errusiar dantzak... eta gero inprobisazioa dator eta musikarien delirioak segitu behar ditugu. Gogoratzen naiz Zaldibarren Ximunek praketan amaitu zuela denen aurrean, musikariek striptease aire bat jotzea erabaki zutelako.

5 Publikoarekin baduzue harremanik

Emanaldiak hiru zatitan banatzen dira: lehena, gu dantzan eta publikoa ikusle; gero, publikoarekin dantzan hasten gara; eta amaitzeko, denek kantuz eta dantzan pasatzen dugu. Elkarrekin harreman batean gara, eta inprobisaziorako grina izanez gero, publikoa gure bat-batezko inspirazioen biktima izan daiteke.

6 Euskal dantza munduko profesional ezagunenek zer harrera egin diote zuen emanaldiari

Oraingoz kritika gogorrik ez dugu jaso. Lehen aldia da Ipar Euskal Herrian holako zerbait egiten dela, eta eskaera dezente lortzen ari gara. Horrek bide horretan jarraitzeko gogoa ematen digu. Proiektu berri batzuk lantzeko xedea ere badugu...

7 Proiektu horiek zehazterik bai

Hasieran beste munduko helbururik gabe ari ginen, baina oihartzun bat bazela ohartu garelarik, lan egitea erabaki dugu. Helburua agertokiaren konfigurazioa oraindik gehiago haustea da eta animazio ibiltaria lantzea. Eta lantzeko molderik eraginkorrena publikoaren aurrean egitea da; beraz, ezker eta eskuin dantzatzen segituko dugu deia jai antolatzaileei. Eta Hego Ameriketara joateko proiektua dugu, Euskal Kulturaren elementu nagusien aurkeztera. Gutariko gehienak izanak gara Argentina edo Uruguain, baina orain, Zpeiz Mukakirekin nahi dugu joan. Ea lortzen dugun haiekin zerbait gauzatzea...

Dokumentuaren akzioak