Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Makil hotsek hartuko dute Txindokiren magala

Dokumentuaren akzioak

Makil hotsek hartuko dute Txindokiren magala

Egilea
Aitor Arroyo Askarai
Komunikabidea
Ataria
Tokia
Abaltzisketa, Amezketa
Mota
Albistea
Data
2024/02/07
Lotura
Ataria
Talaiak, joan den urtean, Amezketako baserri batean. I. SAIZAR

Igandean aterako dira Abaltzisketako txantxoak; Amezketako talaiak, berriz, larunbatean zein igandean. Datorren urtean 50 urte beteko dira azken horien tradizioa berreskuratu zutenetik.

Urteroko zitara ez dute hutsik egingo Amezketako talaiek eta Abaltzisketako txantxoek. Bi herrietako etxeetako atariak makil hotsez agurtuko dituzte: larunbatean eta igandean Amezketako talaiek; eta igandean, Abaltzisketako txantxoek.

Larunbatean, urtero bezala, Amezketako plazako elkartean elkartuko dira 07:30ean eta kafea hartuko dute anisarekin. 08:00etan bi taldetan banatu eta horietako bat Bedaio inguruko etxeetara joango da; eta bestea, berriz, Amezketako baserrietan ibiliko da. Igandean ere modu berean hasiko dute eguna eta talde batek Ugarte ingurua egiten duen bitartean, besteak Amezketan aurreko egunean egin gabe geratutako baserriak pasako ditu. Eguerdi aldean, berriz, bi taldeak elkartu eta herria pasako dute bukatu arte.

Joan den urteko erritmoari eutsiz, aurten ere 50 bat kide bilduko direla azaldu du Izarne Otamendi trikitilariak. Erreleboaz, berriz, gogobeteta hitz egin du gazte «asko» gerturatu direlako: «Lehen urtea dutenak zein beste urteetan egon direnak gogoz egoten dira egun hauek iristeko, beraz, erreleboa momentuz ziurtatuta dago».

Hari berari tiraka, amezketarrentzat «tradizio garrantzitsua» dela nabarmendu du Otamendik, eta egun «oso politak» izaten dira harentzat: «Oso giro ona izaten dugu gure artean: barrez eta kantari ibiltzen gara, etxez etxe joaten gara eta haiekin ere hizketan aritzen gara...». Datorren urtea «berezia» izango dela ere aipatu du, 50 urte beteko baitira talaien tradizioa berreskuratu zutenetik. Urteurrenaren harira zerbait antolatzeko ideia ba omen dute, baina oraindik ez dakite nondik joko duten.

Jarraipena ziurtatuta
Abaltzisketan ere, urtero legez, igandean aterako dira herriko etxeen zein baserrien atariak alaitzera. Maialen Senperena trikitilariak azaldu du izan dituztela urteak, zeinetan taldea «ezin osatu» ibili diren; baina azken urteetan ez omen dute arazorik jendea biltzeko.

Goizeko 06:30ean edo 07:00ak aldean elkartzen dira urtero udaletxe azpian; jantzi eta entsegu pare bat egiten dituzte, Senperenaren hitzetan: «Aurretik entsegu handirik ez dugu egiten. Goizean goiz elkartu, prestatu eta zortzietarako puntu-puntuan izaten gara». Udaletxean izaten dituzte gordeta jantziak, eta aurretik ziurtatzen dute behar duten guztiak jarraitzen duela bertan.

Lehenik, Orendain aldeko baserrietara joango dira, eta 10:30ak aldean itzultzen dira herrigunera. Bertan mezatik ateratzen direnei egiten diete dantza, «aspaldiko ohitura» legez. Jarraian, herrian bertan ibiltzen dira etxez etxe; eta Gaintza aldera dauden baserriak pasata, Larraitz auzora joaten dira. Bertako ermitan ere meza izaten da eta, auzoko baserrietan zein etxeetan ibili ondoren, amaitzen denerako iristen dira; 13:00ak aldera, alegia. Behin hori eginda, Amezketa aldeko etxeetara joaten dira, eta 15:30-16:00ak aldera bukatu eta udaletxean elkartzen dira.

Datorren urtera begira lauzpabostek uzteko asmoa azaldu dutela kontatu du Senperenak. Dena dela, ez du kezkarik azaldu jarraipenaren inguruan: «Ez dago jarraikortasun arazorik; jendeak parte hartu nahi izaten du». Egunaren inguruan «giro ona» nabarmendu du: «Dantza egiten dugu, baina umorea izaten da batez ere adar nagusia. Etxeetakoek eta baserrietakoek oso pozik hartzen gaituzte, eta nik uste gogoan hartzeko egun bat dela».

Dokumentuaren akzioak