Dokumentuaren akzioak
Makil dantzen nazioarteko besta handia
Nazioarteko hainbat talde elkartuko dira asteburuan, makil dantzen jaialdian, Iruñean eta Eibarren
Jaialdian Euskal Herriko hamabi dantza taldek parte hartuko dute: Indarra dantza taldeak (Gasteiz), Haritz dantzari taldeak (Elgoibar), Yona dantza taldeak (Cortes), Oinarin dantza taldeak (Antzuola), Izartxo taldeak (Uztaritze), Muskildako Ama Birjinaren dantza taldeak (Otsagabia), Aiara dantza taldeak (Amurrio), Danzantes de San Lorenzok (Iruñea), Larratz dantza taldeak (Burlata), Oberena dantza taldeak (Iruñea), Mendianike dantza taldeak (Ablitas), Kezka dantza taldeak (Eibar) eta Duguna dantza taldeak (Iruñea).
Nazioarteko taldeetan, berriz, sei izanen dira parte-hartzaileak: Danzadores de San Asensio (Espainia), Bastoners de Terrassa (Herrialde Katalanak), Pauliteros de Miranda (Portugal), Coco-nut dancers of Bacup (Ingalaterra), Asociacio cultural el Todo-Danses guerreres de la Todolella (Herrialde Katalanak) eta Danzantes de Tauste (Espainia).
Euskal Herriko makil dantzen traza eta airea dutenak mugez gaindi aurkitu dituztela esan du Aritz Ibañezek, jaialdiko antolatzaileak. «Hizkuntza, paisaia eta kultura aski desberdinak izan arren dantza tradizionaletan hurbiltasun harrigarriak ditugula erakutsi nahi dugu jaialdi honen bidez».
«Euskaldunoi askotan pasatzen zaigu, beti geure zilborrari begira egoten garela eta inguruan ditugun gauza interesgarriei jaramon gutxi egiten diegula. Hori alor guztietan gertatzen da, eta guk atzerriko taldeak ekarrita, ideia horrekin pixka bat apurtzen saiatu gara», nabarmendu du Ibañezek. Jende gutxik daki, berriz, Nafarroan egiten diren makil dantzak Herrialde Katalanetatik etorri zirela. «Iruñeko dantza saioan, bederen, ideia hori gogoratu nahi dugu», gaineratu du antolatzaileak.
Bestalde, atzerriko taldeek beren ikuskizunak Euskal Herrian ematea egunero ez dela gertatzen gogoratu du Ibañezek. «Ingalaterrako Coco-nut Dancers taldeak oso ikuskizun berezia ematen du, eta jendeari esan nahi nioke horrelako ikuskizun bat ez dela egunero ikusten, eta jaialdira etortzeko».
The Britannia Coco-nut Dancers of Bacup
Stacksteads Silver Band musikari taldearekin batera dator Erresuma Batuko Britannia Coco-nut Dancers taldea. Usadioari jarraituz, Aste Santuko larunbatean irteten dira kalera. Jai giroan, Bacup herria alde batetik bestera igarotzen dute, eta eguerdi aldera euren saioa eskaintzen dute. Durbante moduko burukoak janzten dituzte -lorez eta luma koloredunez beteak-, gona gorri, galtzerdi zuri eta eskalapoi beltzekin batera.
Coconut dantzariei buruzko lehen erreferentzia 1857koa bada ere, jakina da aurrez ere bazirela halako dantzariak, baina, gaur egun, Britannia Coco-nut Dancers taldea da dantza mota horiek egiten dituen bakarra. Zazpi dantza egiten dituzte guztira: bost arkudunak eta bi intxaur edo egur txikiekin dantzatzen dituztenak.
Pauliteiros de Miranda
Europako hainbat bazterretan aurkitzen dira makil dantzak. Mirandatik dator horren adibideetako bat. Portugalgo dantzariek, pauliteiros-ek, Miranda eskualdeko makil dantza eskainiko dute.
Janzteko orduan ere, makil eta ezpata-dantza gehienetan izaten diren irizpide nagusiak gordetzen dituzte dantzariok: gona eta alkandora zuriekin janzten dira. Gero, gerruntze eta txapel beltzak dauzkate, eta apaindura gisa, oihal koloredunak, gerritik zein lepotik zintzilik.
Makila txikien eta kriskitinen doinuak erabiltzen dituzte dantzariek musikarien erritmoarekin bat egiteko; musikariek dultzaina, kaxa, danbor baxua eta batzuetan flauta ere jotzen dituzte.
El Todo: Danses Guerreres de La Todolella
Dultzainaren eta atabalaren soinura, zortzi mutilek aipatutako guda makil dantza eskainiko dute. Belaunaldiz belaunaldi igaro eta iraun duen dantza da, eta 1989. urtean ondare historiko izendatu zuten. Izan ere, XV. mendetik dantzatu den makil dantza da Todolellakoa (Castello, Herrialde Katalanak).
Lehenago San Antonioren omenezko jaietako igandean dantzatzen zen. Egun, abuztuaren 24an dantzatzen dute, San Bartolome jaietan, eta oso kasu berezietan Sain Cristofol de la Saranyana ermitan ere dantzatu izan dute. Zenbait urtetan ez zen dantzarik izan, dantzari falta zela eta. Hori ikusita, El Todo-Danses Guerreres de La Todolella elkartea sortu zen, herriko dantzen ikerketa eta hedapena bultzatu nahian. Egun dantzan aritzen den zortzikotea 1984. urtean osatu zen.
Bastoners de Terrassa
Terrassako herriak (Bartzelona, Herrialde Katalanak) 1976. urtean ekin zion herriko ohiturak berritzeari eta lantzeari. Bizilagun talde batek castellers-ak berreskuratu zituen; beste batzuek, drac-ak; eta Marc Galik bastoners-ak, alegia, orain eskainiko dituzten makil dantzak. Terrassako taldea 1981. urtean irten zen plazara dantzara lehenengoz. Egun, laurogei lagunek osatzen dute taldea, dantzarien eta musikarien artean.
Danzadores de San Asensio
Hamalau dantzek osatzen dute San Asensioko trokeo-dantza. Arkuak erabiltzen dituzte batzuetan, giza dorreak egiten dituzte eta makila txikiak erabiltzen dituzte beste batzuetan. Trokeo-dantza horretatik lau pieza eskainiko dituzte San Asensiokoek: El de los cuatro, El Enredujo, El del culo eta El Ligero izenekoak. Nafarroako dultzainen eta danbor doinuen erritmora dantzatuko dira errioxarrak. Dantzarien gidari Cachiberrio izeneko pertsonaia arlekinatua aritzen da. Gizonezkoek soilik egiten duten taldea da, eta euren eskualdean hala osatutako bakarra da.
Muskildako Ama Birjinaren dantza taldea
Otsagabiako dantzen zikloa lau makil dantza berezik, zapi-dantza batek eta jota batek osatzen dute: Emperador, Katxutxa, Dantza, Modorro, Pañuelo eta Jota. Eta Paseo izeneko kalejira ezagun batek ere bai. Zortzi dantzarik eta Bobok eskainiko dituzte, dultzaineroen doinura. Bobo bi aurpegi dituen petsonaia berezia da: bata, atzera begiratzen duena, eta bestea, aurrera.
Urtero irailaren 8an dantzatzen dira dantzok, Muskildako Ama Birjinaren ermitaren aurrean eta plazan. Sinbologiaz betetako ohitura da. Bezperan dantzariak, Zaraitzuko traje zibila jantzita, udal ordezkariei Salberaino lagundu ondoren, plazan dantzatzen dira.
Non zer
Larunbata
Iruñea. 17:45ean, kalejira alde zaharreko
karriketan barrena. 18:30ean, Euskal
Herriko eta atzerriko makil dantzen erakustaldia
Burgoen plazan.
Eibar. 19:30ean, 42. Euskal Jai-ko programaren
barruan, Euskal Herriko eta
atzerriko makil dantzen erakustaldia Untzaga
plazan.
Igandea
Eibar. 12:00etan, Eibarko 42. Euskal
Jai-ko kalejira Urkizutik Untzagara.
12:30ean, 42. Euskal Jai-ko programaren
barruan, Euskal Herriko eta atzerriko makil
dantzen erakustaldia Untzaga plazan.
Euria eginez gero, Iruñean, Colegio de la
Compasion ikastetxean egingo dira ektialdiak
(Arrotxapeko Bernardino Tirapu
kalean). Eibarren, aldiz, Koliseo antzokian.
Dokumentuaren akzioak