Dokumentuaren akzioak
Maite Lazkano: «Teknikan ez da alderik egon; txapela freskotasunak eman digu»
Bigarren Eneritz Epelde eta Kimetz Larrañaga azkoitiarrak izan dira, azken hiru urteotako txapeldunak
Segurako Euskal Herriko Dantza Solteko Txapelketan duela urte batzuk irabazle izandakoek egungo dantzarien teknika miresten dute, baina nostalgiarekin gogoratzen dute garai bateko freskotasuna. Aurten, ordea, dantzarien mugimendu freskoa islatu duen bikoterik izan da, hain zuzen, Asier Ena eta Maite Lazkano irabazle bergararrena. Lehen lau bikoteen artean lehia gogorra egon zen igandean Seguran, eta garaipena alaitasun horrek eman diela uste dute txapeldunek. «Teknika eta freskotasuna erakustea posible da zaila den arren, eta guri biak erakutsi genituelako eman ziguten saria, hori esan zuten behintzat», azaldu zuen Enak. Lazkanoren ustez gerritik gorako mugimenduak eman zien garaipena. «Konpenetrazioan eta teknikan ez dut uste alderik egon zenik lehen hiru bikoteen artean, baina gerritik gora besteek erakutsi ez zuten elegantzia izan genuela uste dut. Alaitasun handiagoarekin egin genuen dan- tza. Natural atera zitzaigun. Ni behintzat inoiz baino lasaiago atera nintzen agertokira, eta oso pozik geratu nintzen egindako saioarekin».
«Giro paregabea» izan zen herenegun Seguran Enak adierazitakoaren arabera. «Zoratzeko modukoa zen jendearen harrera, eta dena prest zegoen sekulako erakustaldia izateko». Eneritz Epelde eta Kimetz Larrañaga azken hiru urteetako irabazle azkoitiarrak ziren saioa hasi aurretik faborito, baina ez zuen ezustean harrapatu ikuslea bergararren garaipenak, dantza egin orduko zutitu eta txalo zaparradaz erantzun baitzuen. Puntuz oso gertu egon ziren lehen hirurak. Jon Ander eta Edurne Azpitarte azkoitiarrak izan ziren hirugarren.
«Beste edonor izan zitekeen irabazle»
Iaz ere hortxe izan ziren bergararrak, hirugarren, eta puntan dabiltzan lau bikoteetatik edonork irabaz zezakeela uste dute. «Urtero pentsatu izan dugu gu izan gintezkeela, eta ahalik eta ondoen dantzatzera irten ginen besteak bezala. Beste edonor izan zitekeen irabazle», adierazi zuen Enak. Jon Ander eta Edurne Azpitarte anai-arreba azkoitiarrak izan ziren hirugarren.
110.000 pezetako saria, Nestor Basterretxearen eskultura, eta Mallorcara bidaia eskuratu zituzten irabazleek. Aspaldian dira Segurako txapelketan parte-hartzaileak, baina joan zen urtean aurkeztu ziren lehen aldiz elkarrekin. Iaz jada erakutsi zuten kontuan hartzekoak zirela, eta aurten, berriz, urte osoan Bergarako udaletxean egongo den Nestor Basterretxearen eskultura bertan geratzeko aukera dutela erakutsi dute. Hiru urtez jarraian irabazi behar da hori lortzeko. «Orain arte bezala edo ilusio handiagoarekin jarraituko dugu prestatzen, eta noski, bigarrenaren bila joango gara», dio Lazkanok.
Astean bitan elkartzen da bikotea dantzan egiteko, baina Segurako txapelketaren atarian bi hilabete lehenago gogor egin dute lan. Azken hilabeteotan dantzan aritzen ziren bitartean Aitzol Ena Asierren anaia izan dute begirale, hori ere puntako dantzaria eta Seguran lehiakide izandakoa, eta bikote irabazleak harentzat izan ditu esker oneko hitzak. «Jende asko izan dugu inguruan, baina batez ere Aitzoli eman nahi dizkiogu eskerrak. Bera izan dugu entsegu guztietan adi, egindako okerrak zuzentzen. Asko lagundu digu».
Dantza denboraldia hasi besterik ez da egin, eta ahalik eta txapelketa gehienetara joateko asmoa dute irabazleek. Segurakoa beranduago izatea nahiko luke Lazkanok, «denboraldi hasieran oraindik nahikoa gogor gaude, eta uste dut Euskal Herriko txapelketa beranduago balitz maila hobea egongo zela dantzari guztien artean, baina hori ez dago gure esku».
ORDEZKARITZA ZABALA
Azken urteotako txapelketarik osoena
Aurten antolatzaileek saio berezia egin dute Euskal Herriko txapelketan herrialde orotako parte-hartzaileak egon zitezen, azkenaldian gipuzkoarren lehia izan baita. Iparraldekorik joan ez den arren, neurri handi batean lortu dute euren asmoa betetzea. Maite Lazkanoren ustez, «sekulako aberastasuna eman dio saiakera horrek, eta azkenaldian ez bezala dantza egiteko era asko ikusi ditugu. Oso saio polita izan zen igandekoa, berezia, ea gainerako herrialdeetako ordezkaritza urtez urte handitzen den».
Dantza era anitzen erakustaldiak saioa berezia egin zuen igandean, baina horrez gain, izan zituen berezitasun gehiago. Hogeita bost urte bete ditu aurten txapelketak, eta orain arte irabazle izandako guztiak igo ziren agertokira. «Une hunkigarria izan zen hori», dio Lazkanok.
Dokumentuaren akzioak