Dokumentuaren akzioak
Maitaldiaren helduaroa
Aurtengo edizioa hemezortzigarrena izan da eta horrek, noski, adin nagusitasuna gogorarazten digu, nahiz eta -gazte askorengan gertatzen den bezala- heldutasuna aspaldiko kontua zen jaialdiaren bizitzan. Nik uste dut Jakes Abeberri Biarritz Cultureko presidentea oso kontzientea dela Filgi Claveriek azken urteotan zuzendu duen giza taldearen profesionaltasunaz, eta ikuslerik apalena ere jaialdiaren funtzionamendu eta giro bikainaz ohartzen dela.
Zalantzarik gabe, sentipen horretan zerikusia daukate hiriaren itxura ederrak eta nortasun kosmopolitak, baina hori guztia ez litzateke ezer izango Maitaldiak urteetan egindako heziketa-lanik gabe. Heziketa hori hainbat arlotan gauzatzen da eta haien artean honako hauek nabarmenduko nituzke: kalitate bikaineko programazioa, era guztietako dantza-lengoaien aurkezpena eta kaleko ikusleak dantzaren mundura erakartzeko ahalegin jarraitua. Ildo horretatik aipatzekoak dira zenbait konpainiak egiten dituzten entsegu publikoak eta gigabarra bezalako ekimenak. Esate baterako, bigarren asteburuko gigabarra Mourad Merzoukik animatu du, hip-hop erritmoan, eta Maitaldian zehar dantza garaikidea, flamenkoa, performance-a eta balet klasikoa ikusi dira.
Arestian esan bezala, estilo askotako produktu interesgarriak programatzen dira hamar egunez, eta aurten hamaika herritako konpainiak ikusi ditugu. Euskal Herriak ere bere lekua izaten du jaialdian, baina aurreko urteetan Hegoaldeko produkzioek izandako maila eskasa dela-eta aurten bi pieza baino ez dira hartu Eusko Jaurlaritzak antolatzen duen Dantzarako Plataformatik eta, hala ere, oso urrun geratu dira beste guztien mailatik. Horrek gogoetarako abagunea zabaldu beharko luke gurean sortutako dantzaren kalitateaz eta haren inguruko heziketaz.
Dokumentuaren akzioak