Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Maitaldian gaude

Dokumentuaren akzioak

Maitaldian gaude

Christine Hassid konpainia eta Malandain Biarritz Ballet
Egilea
Agus Perez
Komunikabidea
Berria
Mota
Kritika
Data
2020/09/16
Lotura
Berria

Obrak eta koreografoak: 'N'ayez pas peur!' (Christine Hassid), 'Mozart à 2' eta 'Beethoven 6' (Thierry Malandain). Lekuak: Miarritzeko Kasinoko aretoa eta Gare du Midi antzokia. Eguna: Irailak 14. 

Bere 30. urtemugan dago Miarritzeko Dantza Maitaldia festibala, eta, COVID-19 egoera gorabehera, dantza egitarau oparoa eskainiko digute egunotan, segurtasun neurriak zorrotz beteta. Hasierako asteburua igaro ostean, bi konpainia oso desberdin ikusi ditugu, baina bietan nagusitu da musika klasikorako joera.

Christine Hassid konpainiaren lana N'ayez pas peur! deitu da (Ez beldurrik izan!), eta bitxia da jakitea 2015ean Dantza Biarritz sari berezia jaso zuela Beldurra izeneko pieza batekin. Oraingo honetan bost dantzari agertu dira taula gainean hiru emakume eta bi gizon eta banaketa horrek sortu duen disimetria ongi baliatu du koreografoak bere piezan ohiko sexu banaketa saihesteko. Hala ere, emakumeek zilar koloreko arropak jantzi dituzte praka labur zein luzeekin hirurak eta gizonak praka beltz luzeekin eta maukarik gabeko alkandora loredunekin ibili dira, koreografoak rol ustez berezituak eman omen dizkielako batzuei zein besteei.  

Inprobisazioetatik abiatuta eta bizitza arrunteko jarrera eta keinuekin nahastuta etorri dira dantzarien eboluzio indibidual pausatuak, aro barrokoko musika-zatietan eta garaikideko beste batzuetan bilduta martxa militar bat eta guzti entzun dugu, oraindik ez dakigula zergatik eta segida etengabe bezain zentzugabean. Dantza pasarte horietan dantzarien kalitatea eta gorputzen malgutasuna agerian geratu badira ere, are agerikoagoa suertatu da koreografiaren planteamendu falta, Hassiden lana diletantismotik hurbil utzi duena.

Betiere musika klasikoa oinarri, Gare du Midin aurkeztu ditu Thierry Malandainek Maitaldia honetan bigarrenez Mozart à 2 eta Beethoven 6 izeneko piezak. Lehenengoaren izenburuak dioenez, elkarren segidan aritu dira bikote asko duo eran, Mozarten pianorako zati eder askotan bilduta. Nik esango nuke maite-garrak baino gehiago dantzarien gaitasun atletikoa eta gorputzen arteko airea nagusitu direla, araztasun osoz garatutako paralelismoekin eta eskortzo akrobatikoekin batera. Hala ere, dotorezia handiz gertatu da guztia beharbada saio gutxiagorekin hobeto gera zitekeen eta arlo estetikoan orbangabea iruditu zaigu sentsibilitatearen eta perfekzio teknikoaren arteko oreka zaila.

Beethovenen 6. Sinfoniatik hartu du izena bigarren zatiak Pastorala, eta haren izaerari jarraituz, tunika labur zuriz agertu dira konpainiako hogei dantzariak, berdin jantzita emakumeak nahiz gizonak. Eszenaren erdian letargian bezala zetzan izaki batek irudikatu du, agian, naturaren edo basoaren izaera, haren inguruan ninfa moduko batzuk dantzatu dute leit-motiv eran, eta denak eraman gaitu Arkadia haren aro mitikora. Gorputzen arintasunak eta jarreren liraintasunak izpirituaren jatorrizko grazia egoerarantz hurbildu gaituzte, argi atseginen aldaketa leunekin batera eta Malandainengan ohikoak diren banaketa geometrikoak eta giza frisoak lagun. Hala ere, koreografoak bi izaki ilun txertatu ditu hirugarren mugimenduko ekaitzaren pasartean, eta laugarren ataleko barealdiaren ostean haiek ekarri diote ustekabeko amaiera perfekzioaren eta zorionaren munduari.

Dokumentuaren akzioak