Dokumentuaren akzioak
Maitaldia hegaldatuko da bihar
Dantza airatuko da Miarritzen, bihartik goiti. Maitaldia dantza
jaialdiaren hemeretzigarren edizioa 19:00etan hasiko da, Udal Kasinoan.
Luc Petton koreografoaren Frantziako Le Guetteur taldearen
ikuskizunean, dantza airean izanen da, hain zuzen, dantzariek bezainbat
protagonismo ukanen baitute txoriek. Txorien konfidentzia
ikuskizunean, dantzariak egiazko txoriekin ariko dira dantzan.
Ikusgarri berezi eta «liluragarria» ekarrarazi du Biarritz Culture
elkarteak, jaialdia hasteko.
Ondotik, Alemaniako Wiesbadengo baletaren ikusgarria izanen
da, Midi geltokian, 21:00etan. Philip Glass, Stravinski eta Ravelen
musiketan oinarrituz, hiru koreografia dantzatuko dituzte, Munduaren begia
ikusgarrian bilduz. Lehenak, ametsen munduan murgilduko ditu ikusleak;
ametsetatik iratzartzeko une zehatza taularatuko dute. Ametsek pertsona
bakoitzaren mundu zabal, ezezagun eta sekretua islatzen dutela
erakutsiko du. Bigarrenak ni-ari begiratuko dio. Ni asko direla eta ezin dela erran ni bakarra dela azpimarratuko dute. Bakoitzaren ametsek erakusten dituztenen haritik, «ni asko» horiek dantzatuko dituzte.
Hirugarren koreografia Bolero dantzaren irakurketa
ohiz kanpokoa eta burleskoa izanen da. Dantza horrek bertsio anitz ukan
badu ere, «gehienek erotismo zerbait erakusten dute, gazteria eta
edertasuna bilduz», Biarritz Culture elkartearen arabera. Wiesbadengo
balletekoek adineko sei emazte ezarriko dituzte dantzan, eta haien
plazer iturria kafea eta ahamen goxoak dira.
Dantza karrikan
Larunbatetik aitzina, egun osoan zehar izanen dira animazioak.
Udal Kasinoko eta Midi geltokiko dantza ikusgarrietako sarrerak
ordaintzeko dirurik aski ez duenak ere ukanen du dantzaz gozatzeko
parada. Goizetan dantzariak ikusi ahal izanen dira karrikan.
Larunbatean, 10etan, Ex Nihilo taldekoek Clemenceau plaza hartuko dute.
Aulkietan jarririk egonen diren arren, dantzan ariko dira. Oinezkoei
une batez gelditzeko gonbidapena luzatuko diete. Eguerdian, lorategi
publikoan, Marie-Laure Agrapart konpainiaren emanaldia izanen da.
Mediatekan hitzaldiak antolatuko dituzte, horrez gain. Hurrengo
egunetan ere non nahi ikusi ahal izanen dira dantzariak, kanpoan,
irailaren 20a arte.
Larunbat ilunabarrean, Grimaldi taldeak pizkunde garaia
taularatuko du Koliseo gelan, 19:00etan. Bi ordu geroago, Dansk Danse
Teater taldea izanen da Udal Kasinoan. Igandean, Herbehereetako Gotra
Ballet taldeak margolanak, musika, bideoa, antzerkia eta dantza
nahasiko ditu Udal Kasinoan, 19:00etan. 21:00etan, Midi geltokian,
Europako dantza talde zaharrena eta ospetsuenetarikoa izanen da:
Suediako operako errege baleta. Brahms et Mendelssohnen bi lan emanen
dituzte. Dantza klasikoa izanen da, kutsu garaikidearekin.
Hamar egunez, orotara 40 ikusgarri baino gehiago izanen dira
Miarritzen, Thierry Malandain zuzendari artistikoak prestatutako
egitarauan. Dokumentalak, argazki erakusketa eta zinema emanaldia ere
prestatu dituzte.
Dokumentuaren akzioak