Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Maitaldia festibalak plaza berrietara eramanen du dantza

Dokumentuaren akzioak

Maitaldia festibalak plaza berrietara eramanen du dantza

Malandain Ballet Biarritz Zentro Koreografikoak laugarren aldiz antolatzen duen Maitaldia festibala abiatuko da gaur, irailak 4. Aurten, inoiz baino gehiago, lurraldean hedatutako egitaraua eskainiko du, 16 herritan emanaldiak eskainiz.
Egilea
Irati Esparza--Guimon
Komunikabidea
Kazeta
Mota
Albistea
Data
2024/09/04
Lotura
Kazeta
Usaian bezala, barne eta kanpoko emanaldiak izanen dira Maitaldiaren kari, horietatik anitz urririk. (Artxiboko irudia)
Usaian bezala, barne eta kanpoko emanaldiak izanen dira Maitaldiaren kari, horietatik anitz urririk. (Artxiboko irudia) (© Guillaume Fauveau)

Maitaldia 34. edizioa ospatuko da irailaren 4tik 16ra. Aurtengo egitarauak 21 konpainia eta 80 bat hitzordu proposatuko ditu, hamar egunez jendea dantzaren inguruan elkartzeko.

Jaialdiak leial jarraitu dio aurten bere gida-ildoari, «gaur egungo panorama koreografikoa osoa» kontuan hartuz. Dantza estilo eta estetika anitz izanen dira, munduan zehar ibiltzen diren konpainien parte-hartzeari esker. Eloixa Ospital komunikazio arduradunak KAZETAri azaldu dionez, aniztasuna «festibalaren DNA da eta biziki presente izaten segitzen du».

Festibala Biarritz Culture elkartearen esku zen 2021. urtera arte. Harrezkero, Malandain Ballet Biarritz Zentro Koregrafikoak antolatzen du. Maitaldia «erakundeei esker, indarra hartzen joan da, hedatu da lurraldean eta hedadura handiagoko ekimena bilakatu da», nabarmendu du festibalaren antolaketan 22 urte daramatzan ordezkariak. Pasa den urtean 11 izan baziren, aurten 16 herritara iritsiko dira ikusgarriak, besteak beste, lehen aldikoz Zokoa eta Luhusora.

Bertako artistak argitan

Lurraldean hedatzeko borondatea Euskal Herri mailan islatuko da ere. Hala, ikusgarri batzuk Errenterian (Gipuzkoa) eskainiko dituzte, eta beste hainbat Ipar Euskal Herri barnekaldean. Metzko Balletaren eskutik, adibidez, Tango Vertige ikusgarria eskainiko dute Bardozen hilaren 13an, Donibane Garazin 14an eta, azkenik, Maulen irailaren 15ean. 

Lurraldean hedatzearekin batera, bertako artistak argitan ezartzeko xedea du dantza festibalak. Jon Maya euskal koregrafoa «pixka bat denetan izanen da Kukai Dantza taldearekin», azaldu du Ospitalek. Horrez gain, Bilaka Kolektiboarean ILaUNA lana deskubritzen ahalko da irailaren 13an, Atabalen, 19:00 eta 22:00etan. Errenteriako Dantzaz Konpainiak Distirak lana aurkeztuko du Luhuson, Harri Xurin, irailaren 14ean, 20:00etan. 

«Gure helburua dantza publiko ahalik eta zabalenarengana eramatea da», zehaztu du Ospitalek. «Dantza denei hitz egiten dien arte bat da, mundu guziak entzun dezakeen gorputza. Gainera, hemen, Euskal Herrian, dantzarekiko atxikimendu handia bada, eta hizkuntza bezala, dantza gure nortasunaren parte da», gaineratu du. 

Balletak

Europan diren dantza jaialdien aldean, Maitaldiaren berezitasuna balletei ematen zaien garrantzia da. Aurten, «errepertorioa eta sorkuntza uztartzen duten» bost ballet proposatuko ditu. Tartean, emanaledietako batek festibalaren irekiera eta besteak itxiera markatuko ditu.

Izan ere, irailaren 6an festibalari hastapen ofiziala emanen dio Suitzako Berneko Baletak, Don Quixote «obra mitikoarekin». Po-Cheng Tsai koreografo taiwandarrak hizkuntza koreografiko eta estilo bakanean kontatuko ditu zaldun errestari ospetsuenaren istorioak, Asiako arte martzialak eta dantza klasikoa nahasiz.

Irailaren 14an, Monte Carloko Balletak itxiko du festibala. Honek Jean-Christophe Maillot koregrafoaren dantza neo-klasikoa eta haren ikerketa estetikoa uztartu ditu. Emaitza gisa, kontakizun baleta handi ekoiztu du: Bolchi Antzokiak manaturiko William Shakespeareren La Megere apprivoise’ obra egokitu du, «dantzarien teknizitate ederra eta eszenografia zoragarria miresteko». 

Egitarau osoa eta xehetasun guziak Maitaldia festibalaren webgunean aurki daitezke.

Dokumentuaren akzioak