Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Maitaldi betea

Dokumentuaren akzioak

Maitaldi betea

Piezak: 'Shaker', 'Feminino', 'Canela fina', 'Dualidade@br', 'Perpetuum' . Lekua: Miarritzeko Kasinoa eta Gare du Midi. Egunak: irailak 13 eta 14.

Egilea
Agus Perez
Komunikabidea
Berria
Mota
Kritika
Data
2008/09/16

Maitaldiaren betiko izaerari fidel izanik, nazioarte maila duten konpainia handi batzuk ikusi ditugu hasierako asteburuan.

Larunbatean Israelgo Inbal Pinto eta Avshalom Pollak konpainiak Shaker pieza aurkeztu zuen irudimenezko paisaia elurtu batean. Zaila da Pinto eta Pollaken artean sortutako produktua sailkatzea, bertan elementu eta ideia asko elkartzen eta gurutzatzen baitira, baina zalantzarik gabe emanaldi bereziki bizigarria jaio da bien eskuetatik, eta horretan berebiziko garrantzia izan dute era askotariko soinu-banda iradokitzaileak eta Pollaken eszenografia ahalmentsuak.

Paisaia oniriko horretan hainbat pertsonaia misteriotsu agertuko dira, ametsetako desordena berean, eta Pintoren koreografiei jarraiki hegan egingo dute emakumeek gizonen besoek lagunduta. Edo, bestela, dantza artegagarria irudikatuko dute, aurpegirik gabeko gizonak ile-mototsetik heltzen dituela, panpinak balira bezala. Hala ere, ideia-jario itzela ez zen nahikoa izan proposamen erabat sendoa eraikitzeko eta nolabaiteko hutsaltasun sentsazioa utzi zigun azkenean.

Iazko Masculino-aren ostean Paulo Ribeiro portugaldarraren Feminino eman zen igande arratsaldean. Gutariko askorentzat, Masculino izan zen iazko piezarik gogoangarriena, baina argi dago oraingo kasuan erdi galduta ibili dela koreografoa, agian Pessoaren testuek ez dutelako balio gaurko emakumea aztertzeko eta Ribeiro emakume takoidunaren irudi estereotipatuarekin geratu delako, erdi nahastuta eta zer egin jakin gabe eskortzo jarrera ikusgarrien, diseinuzko jantzi koloretsuen eta argi joko politen artean.

Sao Paulo hiriko baletak, azkenik, ikusmin handia piztu zuen igande gaueko emanaldian. Beharbada, ikusle askok Brasilgo koloretasuna bilatuko zuten, baina konpainia guztiz errotuta dago dantza moderno eta garaikidearen parametroetan, eta, gorputzen malgutasun eta energiaren arteko konbinazioaz aparte, ez zen ia nabaritu hango mugimendu berezitasunik egitarauko hiru piezetan.

Canela fina-n gehiegizko mugimendua dago akaso, baina gorputzen erakustaldi atletikoak eta lerroen banaketa arrazionalistak nolabaiteko edertasuna sortzen dute. Dualidade@br izan zen hiruren artean zirraragarriena, soinu-bandarengatik eta akrobazia maila gaindiezinarengatik. Perpetuum, ordea, opereta garaiko pantomimaren eremuan geratu zen gehienbat, nahiz eta han ere bikainak izan ziren dantzarien maila eta haien arteko koordinazioa.

Dokumentuaren akzioak