Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Mairuaren Alardea, larunbatean

Dokumentuaren akzioak

Mairuaren Alardea, larunbatean

Uztailaren bigarren larunbatarekin helduko da aurten ere Antzuola herriko jaietako ekintzarik gogoangarriena: Mairuaren alardea. Alarde guztiz berezi eta eraberritu honetan antzuolarrek X. mendeko borrokabat gogoratu eta antzezten dute. 920. urtean, hainbat herritar, Sancho I Garcés errege nafarrarekin batera, Kordobako Abd-AL Rahman III kalifaren aurka borrokatu ziren. Alardeak ekintza hura ekartzen du gogora, hain zuzen.
Egilea
Lide Rekondo
Komunikabidea
Diario Vasco
Tokia
Antzuola
Mota
Albistea
Data
2012/07/11
Lotura
Diario Vasco

 

19.00etan emango diote hasiera kaleetan zehar egiten den desfilearekin. Antzuolarrak aurretik, txistulariak, danbor-joleak, buruzagia, kanoiak eta bandera, 'Marcha de fusileros' delako piezan erritmora abiatzen dira plazarantz. Segizio horren atzealdean, mairuen buruzagia eta bere komitiba, mairu martxa bat lagun duelarik. Bitartean, Oinarin taldeko dantzariek zenbait dantza eskeintzen dituzte.
Behin plazan daudela, antzerkiaren unea iritsiko da. Antzezlanaren unerik hunkigarriena hasierakoa da: Iparragirrek Antzuolari eskainitako bertsoak abesten ditu abesbatzak, herriko dantzariek dantzatzen dituzten bitartean. Ondoren, buruzagiak hartzen du hitza eta diskurtso txiki bat -aurrekoa luzeagoa zen- eskaintzen dio herriari. Hitzaldian, herriaren jarrera goraipatzeaz gain, herriko armarriari buruzko zenbait azalpen ematen ditu. Jarraian, antzerkiarekin jarraituz, buruzagiak Mairua bere aurrera ekartzeko agintzen du, Mairuak aberriaren aurka egingo ez duela aitor dezan. Bi buruzagion erantzuna adiskidekorra izanda, antzezlanak bukaerari ekiten dio, kainoilari eta eskopeteroek gogo handiz tirokatzen dutelarik.
Ekitaldiari bukaera emateko, alardeko partaideek osotasunean, 'Antzuolako Doinuak' abesteaz gain, herriko neskek koreografia bat eskaintzen dute. Dantza honen musika, Iparragirreren bertsoen eta J.I. Ansorenaren 'Antzuola' zortzikoarekin egindako nahasketa da. Foruen galeraren ostetik, 1881. urtetik, ospatzen den ekitaldia izan arren, aldaketa sakonak jasan izan ditu, azken urteotan batez ere.
Hasteko, 1975. urtean Abd-Al Rahman mairuak durbantea zapaltzen zuen eszena kentzea erabaki zen. Horixe izan zen Antzuolako alardeak izan dituen berrikuntzetan lehena.
Egokitzapen lana
Gutxinaka jantziak, hitzaldia, ibilaldia, danborjole kopurua eta kainoi eta arma kopurua aldatu ziren. 2008. urtea inflexio-puntutzat har daiteke. Urtebete lehenago, Eusko Ikaskuntzak eta Mairuaren Alardea Biziberritzeko Taldeak bat egin, eta ikertze lan sakon bati ekin zioten, alardea gure egunotara egokitzeko.
Ikerketaren emaitzak oso garrantzitsuak ziren, hurrengo urteetako berrikuntzen iturri izan baitzen Horrela, Mairuaren Alardeari buelta eman zioten helburu bikoitzarekin: lehenengoa, alardearen izpiritua ez galtzea publikoak gustuko izateko; bigarrena, mairuen eta, batez ere, Abd-Al Rahman-en irudia duintzea.
Helburua lortu dutela dirudi eta gaur egun sendotutako ekintza dela diote Udalean. Aurtengoa, beraz, ustekaberik gabeko alardea izango da, xehetasun txiki batzuk besterik ez dira moldatuko. Berrikuntzei esker, alardeko parte hartzaile kopurua areagotu egin da eta baita ikuskizunaz gozatzera gerturatzen den publikoa ere.

 

Mairuaren Alardea, larunbatean

Alardea. Jende ugari biltzen da herriko plazan Mairuaren jaialdiaz gozatzeko. :: N. IRAOLA

 

Dokumentuaren akzioak