Urtebetez jardun du Mairuaren Alardearen gaineko informazioa batzen artxiboz artxibo Lourdes Odriozola historialari errenteriarrak. Antzuolako udal artxiboan ez ezik, Bergarakoan eta Tolosako Gipuzkoako artxibo orokorrean ere ibili da ikerketa egiten: "XVII. mendetik hasi eta XX. mendera bitarteko informa-zioa ikertu dut. Antzuolako artxibo historiko zein administratiboan egin dut ikerketa, baina Bergarara ere jo dut; izan ere, Antzuola Bergarako parte izan da. Tolosako probintzia artxibo orokorrean Gipuzkoako alardeen gaineko informazioa dagoenez, han ere batu dut informazioa". Udalak eta Alardearen Elkarteak hasieratik argi izan dute ikerketa egingo zuenak herriarekiko independentea behar zuela izan. "Kutsatu gabeko herriaren ikuspegia zuen ikertzailea gura zuten. Helburua Alardearen gaineko lan bateratua egitea izan da, eta, bilatutako informazio berriarekin, zeuden hutsuneak betez bilduma egitea. Egia da hainbat lan eginda eta argitaratuta daudela, baina lan oso bat, bateratua, falta zen. Erronka galanta izan da".
1880an lehen alardea
Odriozola historialariak egindako ikerketari esker, jakin da lehen Alardea 1880an ospatu zela. "Benetan datu oso esanguratsuak eta garrantzitsuak aurkitu ditut. Azpimarratu behar da orain arte uste zela 1881ean egin zela lehenengoz Alardea; baina aurkitutako fakturei esker, jakin da 1880an egin zela. Badirudi emanaldia asko gustatu zitzaiela herritarrei, eta hurrengo urtean jaialdia errepikatu eta ofizial bilakatu zuten. Hala jasotzen da udalbatzarreko liburuan; buruzagiaren lehenengo diskurtsoa ere badago. 208 pezeta eta 21 zentimo gastatu zuten".
Identitatea bermatzeko
1876an amaitu zen azken karlistaldia, eta ondorengo bi urteetako Mairuaren Alardeak ez zuela izaera militarrik izan ondorioztatu du Odriozolak: "Alardea ez zuten egin herrian zenbat arma zeuden kontrolatzeko; euskal nortasuna aldarrikatzeko jaialdia izan zen, zehazki. Sasoi hartan, kontuan izan galdutako foruei bizia ematea ere bazutela asmo. Euskal nortasunari eusteko Alardea da Antzuolakoa; are gehiago, herriak bere berezitasuna mantentzeko aldarri-kapen festa da Alardea; izan ere, euren identitatea galtzeko arriskua zegoela sumatzen zuten". Mairuaren Alardearen inguruko agirietan, argi ikusten da herriak inplikazio oso handia izan duela beti. "Herriak herriarendako egin duen Alardea izan dela garbi ikusten da dokumentuetan. Sasoi hartan horren ondo egin zuten, non Gipuzkoako ekitaldi nagusienetako bat izatea lortu zuten. Hainbat egunkari garrantzitsutan ere bazuen oihartzuna eta albistean kaleratzen ziren; 1943an No-doak erreportajea kaleratu zuen". Antzuolako Alardea Irungo, Hondarribiko eta Tolosako alardeetatik bereizten da, bestelako ezaugarri batzuk baititu. "Alardeetan beti dago Elizarekiko lotura duen ekitaldiren bat, eta Antzuolakoan ez dago loturarik. Alarde zeharo zibila da. Kontuan izan behar dugu sasoian Elizak garrantzi handia zuela edozein ekintza eta pentsamenduren baitan, eta Antzuolakoan Elizarekiko aipamenik ez egoteak nortasun propioa ematen dio; baita mairua egoteak ere. Gainera, gizartearen beharrei eta egoerara moldatzeko gaitasuna erakutsi du bere sorreratik Mairuaren Alardeak, eta istilurik gabe, gainera".
Kondaira ala errealitatea?
1881eko udal akta liburuan, Alardea nolakoa den deskribatzen da, eta bertan dago jasoa 920ko Valdejunquerako bataila ere. Gertaera hori kontatzen duen pergamino baten aipamena egiten da aktan; beraz, modu ofizialean dago jasoa gertatu gertatu zela. "Antzuolarrak Nafarroako erregeari lagundu zioten eta bataila irabazi zuten. Hori dioen pergamino bat badagoela diote dokumentu ofizialek; gaur-gaurkoz agertu ez den pergaminoa da, ordea. Antzuolarren parte-hartzea ezinbestekoa izan zela ospatzen dute, eta kontakizun hori jasota dago. Bere garaian erregeak armarria ematen dio Antzuolari, eta aipaturiko bataila hori agertzen da deskriba-pen ofizialean. Dokumentatua dago dena, eta Alardean erakusten den armarria da horren isla".
Euskara lehenengoz
Demokrazia indarrean sartzean, lehen berrikuntzak agertu ziren ekitaldian. 1976an, lehenengoz, euskaraz egin zuen buruzagiak diskurtsoan. "Demokraziarekin batera, ekitaldian mairuak daukan tratamendua ere hausnartzen hasi ziren. Giza eskubideak eta berdintasuna aintzat hartu zituzten, eta gizartean gertatutako aldaketek Alardean ere isla izan zuten. Aldaketa horiek guztiak herritarren eskubideak babesteko helburuarekin hasi ziren, alegia".
Sekulako ondarea
1980ko hamarkadatik aurrera, Alardearen gainbehera etorri zitekeela ondorioztatzen dute Alardearen Elkarteko kideek. "Belaunaldi berriei transmisioa nola egin izan zuten erronka. Gazteek ez zuten parte hartzen, eta, horrela segituz gero, galdu egingo zen". Orduan etorri ziren aldaketak eta biziberritzeko plana. "Nire ustez, asko irabazi du ekitaldiak berrikuntza horiei esker. Ikusten da antzuolarrek bizi egiten dutela. Euskal Herriarendako sekulako ondare kulturala da. Euskal dantzak eta folklorea mantentzeko ere ezinbestekoa dena, hain zuzen ere. XX. mendeko dokumentuetan dantzaren garrantzia oso azpimarragarria da". Lourdes Odriozolak nabar-mendu du Alardeari balioa eman zaiola ikerketa historiko bateratu honi esker. "Orain arte argitaratu dena, elkarteak egin duen lana, eta artxiboan bilatu-tako informazio berria, jasota dauka ikerketa-liburu honek. Baina horrek ez du esan nahi etorkizun batean dokumentu berririk azalduko ez denik".
Zezenketak eta Alardea, ospakizun
Sasoiko harakinek, udal zergak gutxitzeko, herriari zezen pare bat eskaintzeko konpromisoa zuten. Hala, Alardearen jaiarekin batera, zezenketak ere egiten ziren. Modu satirikoan Valdejunquerako bataila kontatzen du oso baliotsua den kartelak –oso gutxi daude–.
Jendetza erakartzen duen Alardea
Argazkiek asko diote eta jendetzak parte hartzen zuela nabarmena da. "Kanpoko faktoreen ondorioz soilik geratu da bertan behera ekitaldia, inoiz ez herriak erabakita: 1937an eta 1938an, gerra zibilagatik; eta aurten, pandemiaren ondorioz", dio Odriozolak.
Helburuak beteta
"Hainbat galderaren erantzunak emateko baliagarria izan da. Balio historiko-folkloriko handikoa da Alardea, Euskal Herrian parekotasunik ez duena, eta guk herriaren ekimen kultural aberats bat bezala hartzen dugu, herriak herriarendako egina, eta hori demostratzea nahi izaten dugu Alardea eginez urtero. Dagoeneko badakigu, esate ba-terako, gaur ospatzen dugun Alardearen hasiera 1880ean izan zela. Bestetik, jatorri erlijiosorik ez duen eta jainkotasun bati ere lotuta ez dagoen desfile folkloriko bakarretakoa ere badela. Alderdi koreografikotik begira-tuta, berriz, Alardearen aldaketa ezberdinak ezagutzeko aukera izan dugu. Liburuan agertzen diren argazkiren bidez ikusi ahal izango dira", adierazi du Iñigo Ramirez de Okarizek.
Liburua eskuragarri
Antzuolako Alardea. Ikerketa historikoa liburua euskaraz idatzita dago eta sei atal independente dauzka. "130 orriko liburua da; erraz irakurtzekoa. Argazkiekin eta atal ezberdinekin osatuta. Ikerketaren ostean ateratako ondoriok ere jaso dira". Udaletxean, liburutegian eta liburu-dendan salgai jarriko dute. "Jendearen iritzia eta aurrez aurreko hartu-emana interesatzen zaigu eta plazan jarriko dugu liburua salgai", dio Ramirez de Okarizek.