Dokumentuaren akzioak
Maiordomo saldoa dantzan
Gaur abiatuko dira Iruñeko Arrotxapea auzoko bestak. Besteak beste, maiordomoek botako dute suziria, 20. urteurrenagatik. Ondorengo dantzan, urte guzietako parte hartzaileak ariko dira.
Garai batean, bestak antolatzeko arduradunak ziren maiordomoak edo mutil nagusiak. Herri askotan, sosak ongi kudeatzeaz gainera, dantzan ere egiten zuten bestei hasiera emateko. Hala izaten zen Iruñeko Arrotxapea auzoan ere. Tradizio hori galdu egin zen, baina, duela 20 urte, berriz ere ekin zioten maiordomoen usadioari, garaiari egokiturik. Gaur egun, ez dira besten antolaketaz arduratzen, baina lan hori egiten duten elkarteen ordezkari dira. Dantza ez dute baztertu, noski. Gaur abiatuko dira auzoko bestak, eta, txupinazoaren ondoren, neska-mutil nagusiek dantza eginen dute.
Hiru urteurren ospatzen dituzte Arrotxapean: Rotxapea peñak 40 urte bete ditu; maiordomoek, hogei; eta erraldoien konpartsak, hamar. Hiru elkarteetako ordezkariek botako dute, beraz, suziria. Ondoren, neska-mutil nagusien txanda izanen da. Aurten, berezia izanen da besten hasieran egiten duten dantza, azken hogei urteetan plazara atera diren maiordomo guziak gonbidatu baitituzte. Herri eta auzo gehienetan bi edo lau neska-mutil nagusi izaten dira, baina, Arrotxapean, hamasei auzokide izaten dira maiordomo, eta horiek dira dantzatzen dutenak. Urtetik urtera aldatzen dira, ez dute errepikatzen, baina, urteurrena dela eta, salbuespena eginen dute. Maiordomo saldoak abiatuko ditu, beraz, aurtengo bestak.
Izaskun Arriaran eta Oskia Zaro arduratzen dira usadio hori mantentzeaz. Haiek azaldu dituzte Arrotxapeko maiordomoen bereizgarriak. Baldintza bakarra dago parte hartu ahal izateko: auzoko talde batetako kide izatea. «Hor dago koska: auzotik eta auzoarentzako urte osoan lan egiten duen jendea goraipatzea, eta haien artean elkar ezagutzea», esan du Arriaranek. Argi du Arrotxapea ez litzatekeela berdina izanen kolektiborik gabe.
Zaro hasieratik ibili da maiordomoen tradizioan murgildurik. Bernardo Apestegiak bildu zuen informazioa, eta hortik abiatu zen usadioa birsortzeko ideia. Zaro dantzaria zenez, proiektuan sartu zen: «Lehenengo urteak oso mugituak izan ziren. Hiru talde ateratzen genituen: helduena, ertainena eta gazteena. Jende mordoa elkartzen ginen». Besten aurreko asteburuan, Iruñeko udaletxera igotzen ziren jaiak iragartzera, baina hori bukatu zen, udalak harrera ukatzearekin batera. Dantza ere aldatu dela esan du.
Tradizioaren segida
Gogoak ere aldatu dira, eta azken urteetan gehiago kostatu zaie maiordomo berriak plazaratzea. «Alde batetik, ez errepikatzeko baldintza dugulako, eta, bestetik, dantzatu behar izateak asko usatzen dituelako», aipatu du Arriaranek. «Baina beti lortzen ditugu bikoteak». Aurten, gainera, inoiz baino gehiago. Joan den asteburuan, Iruñeko udaletxe atarira joan zen maiordomoen segizioa. Garai batean egiten zuten modu berean, kalejiran igo ziren Alde Zaharrera. Joseba Asiron jarduneko alkateak harrera egin zien. Urte hauetan neska-mutil nagusien usadioan parte hartu duten 130 lagun elkartu ziren. Aurrera begira, indarra emanen die horrek. Igandea izanen da Arrotxapeko bestetako azken eguna, eta hasi bezala itxiko dituzte bestak maiordomoek: dantzan. Urteurreneko azken ekitaldia urrian eginen dute, besta txikietan. Hala ere, oraindik ez dute aurreratu zer eginen duten. Oraingoz, bestetan gozatzea dagokie. Jantzia, txapela eta banda urdina prest dituzte, ongi lisaturik.
Dokumentuaren akzioak