Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Maiatzaren 1ean, 350 dantzari txiki herrian

Dokumentuaren akzioak

Maiatzaren 1ean, 350 dantzari txiki herrian

Ereintza Dantza Taldeak antolatuta, zortzi talde eta 350 dantzari bilduko dira Errenteria-Oreretan. 11:30ean hasiko da dantzaldia, eta herriko kaleak hartuko dituzte.
Egilea
Mikel Del Val
Komunikabidea
Oarsoaldeko Hitza
Tokia
Errenteria-Orereta
Mota
Albistea
Data
2024/04/23
Lotura
Oarsoaldeko Hitza

Dantzari Txiki Eguneko artxiboko irudi bat.

Dantzak Errenteria-Orereta hartuko du maiatzaren 1ean, Dantzari Txiki Eguna ospatuko baita herriko kaleetan barrena. Ereintza Dantza Taldeak antolatzen du jaialdia, Herri Arte Eskolaren eta Errenteriako Udalaren laguntzarekin. Aurtengo ekitaldian zortzi talde eta 350 dantzari bilduko dira Errenteria-Oreretan. Ereintzaz gain, Lezoko Murixka, Usurbilgo Orbeldi, Zumaiako Dantza Eskola, Oiartzungo Haurtzaro, Hondarribiko Dantza Eskola, Tolosako Udaberri eta Trintxerpeko Pasaia Musikalek alaituko dituzte herriko txoko ezberdinak.

Dantzari eta talde guztiak Koldo Mitxelena plazan bilduko dira 10:45ean, eta hamaiketakoa egin ondoren, 11:30ean hasiko dira dantzan, agurrarekin eta zazpi jauziekin. 11:45ean, desfileak irtengo dira, eta hiru ibilbide ezberdin osatuko dituzte. Lehen ibilbidea Koldo Mitxelena plazatik, Maria de Lezo kaletik, Xenpelar kaletik eta Xabier Olaskoaga plazatik pasako da. Bigarrena Koldo Mitxelena plazatik, Biteri Txiki plazatik, Zubiaurretik eta Gernika plazatik ibiliko da. Azkenaren ibilbidea, aldiz, honakoa izango da: Koldo Mitxelena plaza, Xenpelar kalea, Morrongilleta kalea, Urbasa kalea eta Tximinia Haur Parkea.

Lehen geldialdia 12:00etan egingo dute, ordu erdiko emanaldi bat eskaintzeko. Lehen ibilbidekoak Xabier Olaskoaga plazan bilduko dira; bigarrenekoak, Gernika plazan; eta hirugarrenekoak, Tximinia Haur Parkean. Plaza horietan Txulalai, Makil txiki, Lapurdiko makil jokoa eta Belauntxingoa dantzatuko dituzte. Denbora sobratuko balitz, arduradunekin beste dantza batzuk dantzatzea adostu daitekeela nabarmendu dute antolatzaileek.

Lehen geldialdia egin ondoren, 12:30ean desfilearekin jarraituko dute. Hiru desfileek Xenpelar kalean (Kutxa parean) bukatuko dute ibilbidea. Ondoren, 12:45ean, bigarren geldialdia egingo dute, hamar minutukoa. Lehen taldea Herriko plazan arituko da, eta gainontzekoak lehenaren atzetik joango dira. Goizeko saioa Zumardian bukatuko da, 13:15ean, eta bertan bilduko dira talde guztiak azken dantzaldirako. Agurra, Agintariarena eta Fandango eta arin-arin dantzatuko dituzte.

14:00etan, dantzariak herriko elkarteetara joango dira bazkaltzera. Ereintzak eskerrak eman dizkie elkarteei beren kolaborazioagatik. Hauexek dira elkarte parte hartzaileak: Hibaika, Txepetxa, Amulleta, Gure Toki, Gau Txori, Niessen, Txintxarri, Alkartasuna eta Landare. Elkarteez gain, Super Amarari, Sein Izarrari eta Herri Arte Eskolako ikasleen gurasoei ere beren laguntza eskertu diete Ereintzakoek.

Arratsaldean gehiago

Arratsaldeko dantzaldia 16:15ean hasiko da Zumardian trikitilariekin. Ondoren, 16:30etik 19:00etara, Modestok bertaratutako guztiak dantzan jarriko ditu.

Eguraldi txarra egingo balu, goizeko dantzaldia Koldo Mitxelena ikastetxeko jolastoki estalian eta Koldo Mitxelena plazako aterpeetan egingo da. Arratsaldeko saioa, aldiz, Gaztañoko frontoi estalian egingo litzateke.

Dokumentuaren akzioak