Dokumentuaren akzioak
Maiatza Dantzan jaialdiak apiriletik ekainera zabalduko du egitaraua aurten
Europa osoko konpainiak izango dira Donostian eta Gipuzkoako hainbat herritan
DANTZA klasikoko nahiz garaikideko taldeak. Batzuk konsagratuak, ezezagun eta gazteagoak besteak.
Aniztasuna izango du ezaugarri nagusietakotzat Maiatza Dantzan jaialdiaren XVII. aldiak, Gipuzkoako Kultura diputatu Luis Bandres eta ekimenaren koordinatzaile Lide Aranak atzoko aurkezpen ekitaldian azaldu zutenez.
«Aldaketa bat egin nagi dugu. Dantza eskaintza maiatzetik haratago zabaldu nahi dugu eta aurten emango dugu lehen urratsa bide horretan», adierazi zuen Bandresek jaialdiak denboran izango duen luzapena azaltzeko. Jaialdia apirilaren 15ean hasiko da eta ekainaren 17an izango du amaiera. Hiru multzo nagusitan banatuko dira aurtengo dantza ikuskizunak. Lehenengoak Donostiako Gasteszena aretoa (Egiako kultur etxea) izango du kokagune nagusi. Carmen Rocheren Balletak apirilaren 15ean eta 16an eskainiko du bertan Clasicos y Contemporáneos izeneko lana. «Koreografia klasikoak eta garaikideak tartekatuko ditu konpainia honek», azaldu zuen Lide Aranak. Ondoren, Damian Muñoz gasteiztarraren taldea izango da Gasteszenan, maiatzaren 6an. Asire lan estreinatu berria erakutsiko du konpainia horrek. Jaialdia itxiko duen emanaldia ere Egiako kultur etxean izango da ekainaren 17an, Nats Nus talde kataluniarraren eskutik.
Konpainia handienak Victoria Eugenian
Jaialdiko bigarren multzo nagusia, dantza ikuskizunak Victoria Eugenian eskainiko dituzten konpainiek osatuko dute. Emio Grecoren taldeak Conjunto de falda y chaqueta eskainiko du maiatzaren 13an: «Emio Greco Holandan lan egiten duen italiarra da eta ziur aski haren eskaintza izango da berritzaileena». Maguy Marin frantziarra aurrenekoz izango da Maiatza Dantzan jaialdian bere konpainiarekin.Quoi quil en soit aurkeztuko dute maiatzaren 27an. Rhineko Operaren Balleta izango da aurtengo ekitaldian izango den talderik handiena. «35 dan- tzarik osatzen dute taldea eta formato handiko ikuskizunak eskaintzen dituzte, bai klasikoak, baita gariakideak ere», argitu zuen Aranak. Hiru koreografia emango dituzte ekainaren 3an: Scholzen Jeunehomme, Forsythen Steptext eta Kelemenisen L´ombre des jumeaux. Donostiako Adeshoras dantza garaikideko taldeak aldiz, kalean erakutsiko du bere ikuskizuna emanaldi nagusi bakoitzaren aurretik.
Hirugarren multzoa, Gipuzkoako hainbat herritan biratxoa egingo duten hiru taldek osatuko dute. Arrieritos talde madrildarrak «flamenkoa eta dantza garaikidea uztartzen» duen Todos los gatos son pardos ikuskizuna emango du maiatza amaieran Lasarten eta Arrasaten. Maria Rovira kataluniarraren Transit taldeak Mandala lana eskainiko du Beasain eta Irunen, eta Mar Gomezen taldeak Hay un pícaro en el corral, Tolosa, Azkoitia eta Irunen.
Dokumentuaren akzioak