Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Maiatza Dantzan ez da egingo Victoria Eugenia itxirik dagoela eta

Dokumentuaren akzioak

Maiatza Dantzan ez da egingo Victoria Eugenia itxirik dagoela eta

Hamazazpi urtez egin da jaialdia, eta urtero hamar konpainia inguru ekarri ditu

Egilea
Amagoia Mujika
Komunikabidea
Euskaldunon Egunkaria
Tokia
Donostia
Mota
Albistea
Data
2001/04/29

Hamazazpi urtetan izan du Donostiak Maiatza Dantzan jaialdia. Hilabete pasatxoan hamar konpainia inguru igaro dira urtero Victoria Eugenia antzokitik eta inguruko herrietatik. Euskal Herriko dantza hitzordurik garrantzitsuenetakoa da, baina aurten ez da jaialdirik izango. Jaialdiaren antolatzaile den Gipuzkoako Foru Aldundiak ez du azalpenik eman nahi izan gaiaren inguruan. Lide Arana Maiatza Dantzaneko koordinatzaileak atzo Egunkariari adierazi zionez, «orain ez da une egokia» horri buruz hitz egiteko, eta azaldu zuen komunikabideei jakinaraziko zaiela berria behar den garaian.Jakina zen jaialdia ez zela Victoria Eugenian egingo, luzera iraungo baitute lanek. Hala ere, alternatibarik eman ez dutela eta kezkaturik daude dantzariak. Bihar izango den Nazioarteko Dantza Egunak iragartzen du dantza sasoia urtero, eta aurten inoiz baino urriagoak izango direla eskaintzak adierazi dute Gipuzkoako Dantza Elkarteko kideek. Katixa Perea elkarteko lehendakariarentzat «Maiatza Dantzan da orain arte dantzariok izan dugun hitzordu bakarretakoa. Eta pena da, baina apur hori gabe geratu gara aurten».



Maiatza Dantzanen gabezia betetzeko emanaldiak urte osora zabalduko direla erantzun diete antolatzaileek: «Foru Aldunditik jakinarazi izan digutenez, jaialdiko dirua dantzarako erabiliko da urte osoan emanaldiak eskainiz. Gazteszena hor dago, baina guk ez dugu uste hori denik hutsunea betetzeko nahikoa eskaintza. Bestelako programarik dagoen galdegin dugunean, ez dugu erantzunik jaso. Gure susmoa da ez dagoela oraingoz behintzat egitaraurik loturik», esan du Pilar Zabalak, dantza elkarteko lehendakariordeak.



Joan den urritik Gazteszenan hilero izaten dira dantza emanaldiak, Donostia Kultura eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren ekimenez, baina dantza elkartearen ustez horrek ez du betetzen Maiatza Dantzan jaialdiaren hutsunea. «Lehen gutxi bazegoen oraindik ere eskasagoa da eskaintza Maiatza Dantzan gabe», dio Pereak.



Adeshoras talde garaikide donostiarrak azken bost urteotan parte hartu du Donostiako jaialdian, eta Arantxa Balenziagak azaldutakoaren arabera, «Victoria Eugenia zabaldu arte trantsizio garai hori Gasteszenak beteko du, baina ez da beste ezer egongo, guk dakigula behintzat».



Norka Chiapuso Donostia Kulturako Arte Eszenikoen programatzaileak dioenez, Foru Aldundiarekin adostu zuten Gazteszenak dantzari lekua egitea. «Gazteszenan urritik hilero eskaini ditugu emanaldiak, eta horretan jarraituko dugu», adierazi zion Egunkariari atzo. «Gure asmoa da Victoria Eugenia egitean bideratzea zein egitarau eskainiko dugun etorkizunean, bai dantza egitarauean eta baita gainerakoetan ere, baina jaialdiari irtenbidea ematea ez dago gure esku».



Lekua bada arazo bakarra, Kursaalera bideratzea izan liteke bidea, baina Pilar Zabalak ez du uste hori gertatuko denik: «Ez dugu Kursaalen inolako ekitaldirik izango delako berririk jaso. Ez dakit asmorik ba ote den Fundazioaren bitartez zerbait egiteko, baina uste dut honezkero izango genuela horren berririk».



Chiapusok, berriz, hauxe erantzun du aukera horren gainean: «Aukera bat izan daiteke lekuz aldatzea, baina hori Kursaal Fundazioari eta Foru Aldundiari dagokie erabakitzea».



Victoria Eugenia antzokia eta dantza loturik egon dira, maiatzean batez ere. Hamazazpi urteotan konpainia klasiko eta garaikide handienen dantzaleku izan da, eta itxirik iraun bitartean ez dirudi hutsune hori beteko duen gunerik egongo denik.

KATIXA PEREA



GIPUZKOAKO DANTZA ELKARTEKO LEHENDAKARIA

«Jaialdiko dirua dantzarako erabiliko dela esan digute, baina susmoa dugu ez dagoela egitaraurik finkaturik»

NORKA CHIAPUSO



DONOSTIA KULTURAKO PROGRAMATZAILEA

«Diputazioarekin batera, urritik hilero antolatu ditugu emanaldiak, baina jaialdia ez dago gure esku»

Dokumentuaren akzioak