Dokumentuaren akzioak
Mahats pikorrak ahoan
Gutxitan izaten dugu Provisional danza konpainiaren lanak gurean
ikusteko aukera, eta beraz, Gasteizko Artiumek programatutako emanaldia
ezinbesteko hitzordua bihurtu da. Dantzarako atondu duten aretoa guztiz
zuria da eta kontraste aproposa egin du dantzarien jaka, gona labur
edota praka beltzekin.
Zuri-beltzeko estetika zehatz hori bat etorri da lehen
pasarteetan erakutsi den muturreko dotoreziarekin, eta dantzarien beso
eta eskuen keinu delikatuek mugimenduaren pisugabetasuna azpimarratu
dute, Transit konpainiaren Mandala mitiko hura ere gogoraraziz.
Hala ere, oraingo honetan Carmen Werner koreografoa asko aldendu da
bere estiloan hainbeste preziatzen ditudan dentsitate eta sakontasun
horietatik, eta askoz pieza jostagarriagoa eratu du, gizakiaren alderik
etereoenak dantzaren elikagai izan daitezen.
Hasiera batean oinutsik zihoazen hiru gizonak, eta takoiekin
hiru emakumeak, baina haietariko inork ez du ezer jantzi jaka beltzaren
azpian, eta batzuen zein besteen bular-aldeak agerian geratu dira une
batean edo bestean. Laster, baina, areagotuz joan dira biluztasun une
laburrak eta, banitatearen eta sentsualtasunaren gainetik, erotismorik
aratzenak hartu du emanaldiaren protagonismo osoa. Horretan, jakina, rol
nagusia jokatu du gorputz bakoitzaren edertasunak, baina aldi berean,
esangura handikoak izan dira arropa aldaketak, emakumeen adats luzeak
eta atsegin handiz ahoratu diren mahats pikor potoloak.
Daniel Abreu koreografoaren laguntza eszenikoarekin,
planteamendu koreografiko konplexua sortu du Wernerrek, eta zaila izan
da eszenan gertatzen zen guztia jasotzea. Gainera, dantzarekin batera
hizketaldi laburrak, txantxa subliminal bikainak eta objektuen erabilera
sinbolikoak tartekatu dira. Fox-trot estiloko musikarekin dantzatutako
zatiek, ordea, publiko zabalari egindako kontzesioaren itxura hartu
dute, baina proposamenak bere osotasunean aberastasun handiko diskurtsoa
sortu du eta, batez ere, beste plano batean kokatu gaitu geure
buruarekiko.
Dokumentuaren akzioak