Dokumentuaren akzioak
Magiaz beteriko dantzariak
Hogei urte bete ditu Verdini dantza taldeak, eta, ospatzeko, gala berezi bat egingo dute etzi, Donostiako Viktoria Eugenia antzokian: jendeari ezgaitasun intelektualen bat dutenen bertuteak erakustea dute helburu.
Bi zatitan banatuko dute gala. Lehenengoan, ezgaitasun intelektualen bat duten pertsonekin nola lan egiten duten erakutsiko dute, nolakoa den euren entseguen egunerokotasuna, eskolako ikasleen eskutik. Horrez gain, proiektuaren hastapenetako ikuskizunen grabazioak emango dituzte, dantzari gisa izan duten bilakaera erakusteko. Bigarren zatian, berriz, azkenaldian egin dituzten ikuskizunen zatiak dantzatuko dituzte, baita jendaurrean orain artean erakutsi ez dituzten pieza batzuk ere. Badut taldeak gidatuko du ekitaldia, clownaren bidez ikuskizuna dinamizatzen.
Verdiniren ustez, momentu dibertigarri eta hunkigarri bat pasatzeko ikuskizun bat baino zerbait gehiago izango da larunbatekoa: «Ezgaitasunen bat duten pertsonen mundua gertuagotik ezagutzeko aukera izango du ikusleak». Ez hori bakarrik, jendeari mezu itxaropentsu bat bidaltzeko ere balioko duela uste du Verdinik: «Garai zail honetan, etorkizuna, ilusioa, jarraikortasuna eta oztopoen gainditzea irudikatzen ditu ikuskizunak, eta, azken batean, hori dira Verdini proiektuaren funtsa». Mundua hainbat ikuspuntutatik begiratu daiteke, eta Zu zeu, Verdini 20 urte ikuskizunaren bidez, eurena propioa eskaini nahi dute.
Hitza eman, eta bete
Haren iloba Haizea down sindromearekin jaio zenean, Verdinik hitzeman zion bere ahizpari haurra dantzaria izango zela, uzteko bere esku.
1992ko kontuak dira: Bartzelonako Institut del Teatren Koreografia eta Interpretazioan lizentziatu ostean jarri zuen martxan Verdinik izen bera daraman dantza taldea. Bost ikaslerekin hasi zen lanean, eta hogei urte geroago, 30 dantzarik osatzen dute Verdini dantza taldea. Helburua argia da: «Dantzaren bidez, dantzarien hobekuntza fisiko eta intelektuala lortzen saiatzen gara. Baina, batez ere, haien bizi-kalitatea bermatu nahi dugu: ez down sindromea dutenena bakarrik, baita haien ingurukoena ere».
Sortu zenetik zortzi urtera hasi ziren elkarte moduan funtzionatzen, eta orduan hasi ziren emanaldiak egiten. Zazpi egin dituzte guztira: Gure indarra (2000), Nahi nuena (2002), Bihotzetik (2003), Bihotzetik II (2004), Ilunpetik (2006), Argira (2007) eta Dantzaria naiz (2010). Zu zeu, Verdini 20 urte ikuskizunaren bidez, adierazi nahi dute hasieran zuten ilusio berarekin lan egiten dutela orain ere: «Elkartasunetik, gizatasunetik eta sentimenduz lan egiten dugu, pluraltasuna eta gizartearen sentsibilizazioaren alde».
Hunkituta egin du Verdinik hogei urteotako balorazioa: «Esan zidaten halako proiektu bat aurrera eramatea ezinezkoa izango zela, erotuta nengoela ezgaitasun intelektualen bat duten pertsonez osatutako dantza talde bat sortu nahi izateagatik». Burugogor, bereari tinko eutsi zion Verdinik, eta, gaur egun, ahots ezkor haiek isilarazi ditu, harro egoteko moduko balleta osatu baitu. «Ikuskizun eta emanaldi asko egin ditugu, eta oso pozik gaude egindako lanarekin», baieztatu du.
Aise ahoskatzen den arren, hogei urte bada denbora puska bat, eta bidean, onetik eta txarretik, bietatik topatu dute. «Momentu on asko izan ditugu, eta horri esker lortu dugu honaino heltzea», dio Verdinik. Hala ere, oztopoak ez dira gutxi izan, eta horiek ere oso presente ditu. Adibidez, euren jarduna kulturatzat hartzeko, lan dezente izan zuen: «Egiten genuena gizarte ekintza zela zioten, eta nik, ezetz, nire ikasleek ez zutela josten edo antzekorik egiten. Dantza egiten zutela, ezgaitasunik ez duten dantzarien modura».
Ezezagutza oztopo
Ezgaitasunen bat edukitzeak guztiz baldintzatzen ditu pertsonak, eta hori salatu du Verdinik: «Ezgaitasunik ez duen dantzari bat ona dela suposatzen da, berezkoa balu bezala, eta ezgaitasun fisiko edo mentalen bat dutenekin zalantzak hasten dira». Verdini, noski, ez dator bat halako usteekin, eta horren aurka borrokatu behar dela deritzo: «Dantzari handiak dira. Agertokian daudenean, magia berezi bat dute, egiten dituzten dantzak sentimenduz betetzen baitituzte».
Edozein motatako ezgaitasunek jendea beldurtzen dutela uste du Verdinik, eta mamu horiek guztiak ezezagutzaren ondorioz sortzen direla: «Ezezagutzak eta aurreiritziek ez digute uzten gauzak diren bezala ikusten; begiak estaltzen dizkigute». Egoera hori ikusirik, jendea larunbatean egingo duten galara gonbidatu du, haien begiekin ikus dezaten zertarako gai diren.
Verdini proiektuaren bidez, gizartearen sentsibilizazioa lortu nahi dute, jendeari erakusteko ezgaitasunak dituzten pertsonak ez direla izaki arraroak, pertsonak direla, gainontzekoak bezala: «Zeinek dio zein den normala? Eta zer da normala izatea? Batzuk ilehoriak dira, burusoilak, beste batzuk zuriak, beltzak, batzuk, lodiagoak, eta beste batzuk, baxuagoak... Ez ote dugu gizartea guztiok osatzen?».
Ezgaitasunen bat duten pertsonekin lan egingo duten taldeen garrantziaz mintzatu da Verdini, zeinak bere bizitzaren erdia eskaini dion proiektuari: «Ezgaitasunen bat badute ere, euren kasa molda daitezke, horretarako prestatzen baditugu. Edonor bere bizitzaren lehenengo bost urteetan gela batean giltzapetuko bagenu, ez luke hitz egiten edo oinez ibiltzen ikasiko. Eta hori da hein batean, ezgaitasunak dituztenekin egiten dena».
Egindako emanaldi guztiei begiratu bat emango diete larunbateko galan, dantzarien bilakaera islatzeko asmoz. / BERRIA
Verdini dantza taldeko zenbait kide, aurkezpen ekitaldian. / GARI GARAIALDE / ARP
Dokumentuaren akzioak