Dokumentuaren akzioak
Madhavi Mudgalek Indiako dantza klasikoz bustiko du gaur Donostia
Indiaren burujabetzarekin berreskuratu zen ‘Odissi’ estiloaren ordezkaria da
Madhavi Mudgal dantzariak gaur iluntzeko 20:30ean Indiako dantzarik klasikoenak ekarriko ditu Donostiako Gazteszenara. Mugimenduaz baliaturik, dantzariak errealitate zerutiarrago bat bilatuko du; giza izaeraren espiritualtasuna eta sentsualtasuna gorpuzten baititu indiar dantzariak.
Indiako dantza klasikoaren aldaera baten interpretazioa egingo du Mudgalek iluntzean, Odissi deituriko estilo alai eta espiritualaren bidez, poesia adierazten saiatzen baita aurpegiko keinu eta esku-mintzairaren bidez. Madhavi Mudgal Indiako dantzari klasiko onenetakoa da eta Odissi estiloaren ordezkari entzutetsuena bilakatu da.
Odissi dantzako egitaraua Ama Lurrari oles eginez hasten da, Manglacharan errituarekin. Ganesh jainkoari hel egingo zaizkio eta ondoren maitasunarekin loturiko hainbat erritu interpretatuko ditu eta Moksharekin amaitu. Kosmosarekin harreman harmoniatsua gai duen kantuarekin amaituko da ikuskizuna.
Madhavi Mudgalek hainbat musikari izango ditu lagun Gazteszenako ikuskizunean. Batetik pakhawaj deituriko perkusioko instrumentua izango du alboan, enbor hustu batez egindako zilindroaren alde bietan ongi tenkaturiko ahuntz larru bat da hau.
Zazpi hari nagusi eta hamahiru lagungarri dituen sitarra deituriko instrumentua ere entzun ahal izango da, manjira edo zinbal txikiekin eta danborrekin batera. Dantzariak olerkiaren testua interpretatzen duen bitartean, abeslariak silaba abstraktuak kantatuko ditu.
‘Odissia’ tenpluetako erritu gisa
Indiako ekialdetik dator Odissi estiloa; hasiera batean, Kristo aurreko II. mende inguruan, tenpluetako erritu gisa interpretatu zen; gerora, ohitura hau galdu egin zen, XX. mendearen hasieran, gizarte eta politika arrazoiak zirela-eta Odissia erabat azpiraturik zegoen, baina 1947an Indiak burujabetza lortu zuelarik, dantza estilo honek berriro gora egin zuen hala dantzarien ahaleginari nola Erdi Aroko tenpluetako eskulturak eta eskuizkribuak aztertu izanari esker.
Odissi estiloko mugimenduak Natya Sastra izeneko antzinako idazkian biltzen diren arau sistemetan oinarritzen dira. Odissi teknika gorputzaren bi posiziotatik abiaturik eraikitzen da, batetik laukia eta bestetik hirukia; lehenak unibertsoko jainkoa irudikatzen du eta bigarrenak haren ezkontidea, Energia Absolutua irudikatzen duena.
Dokumentuaren akzioak