Dokumentuaren akzioak
'Maddiren trajeria' pastorala, Xareta ibarreko herrien arteko elkarlanaren emaitza
Urtebetez entseguak egin ondotik, igande honetan azken mustraka ukanen dute Xaretako herritarrek, urriaren 15 eta 16arekin Zugarramurdiko leizeetan eta 22 zein 23arekin Saran haien lehen pastorala antzezteko: 'Maddiren trajeria', oreina bilakatu zen neskaren kondaira. Apirilean aurkeztu zuten eta orain ailegatu da momentu handia.
Pierre Laffittek ezagutarazi zuen kondaira Euskal Herrian, bertsu batzuk atxeman baitzituen, eta Benito Lertxundik abesti bat egin zuen ondotik. «Maddiren trajeria kondaira polit bezain gogorra da, Europako iparraldetik datorrena. Istorio hori Xaretako historiarekin lotu dugu, hemengo pasarte batzuekin. Sorginak, inkisizioa eta herriko hainbat gertakari aipatzen dira» argitu du KAZETA.EUS atarian bertan parte hartzen duen Juan Miguel Olaizolak, baratzezain eta antzezlea den zugarramurdiarrak.
Kanpotik iritsi zen Xaretara ideia. Gerardo Mungia 'Pintxe'k idatzi zuen 'Maddiren trajeria', eta Pantxika Urruty da haien errejenta. Biak gerturatu ziren Zugarramurdiko biztanleengana, pastorala egitea proposatuz. «Bagenuen usai apur bat herrian antzerkia egiteko, eta berehala esan genuen baietz. Pastorala antzezteko Zugarramurdiko historia eta leizeak interesatzen zitzaizkiela uste dut, pastorala kondaira batean oinarritua baita».
Hala ere, ikusleentzako tokia dela-eta, leizean egiteko segurtasunik ez zela azaldu du, harmailak muntatzeko eta eszenatokiaren aldeetan publikoa ezartzeko ezintasunarengatik. «Kanpoan egitea aipatu zen, Xiberoan egiten den bezala. Pastoraletan denetan izaten duzu publikoa, gehienetan hiru gradaren gainean, ezkerrean eta eskuinean, baina leizean ezin da. Horrek mugatu egiten gaitu».
Antzerkia muntatzen hasi ziren heinean, berriz, zalantzak desagertu zitzaizkien: «Muntatzen hasi ginen, eta leizean egitea egokiagoa zela ikusi genuen. Baimena eskatu eta eman ziguten». Ondorioz, urriaren 15 eta 16 bitartean 500 ikusle izanen dira Zugarramurdiko leizeetan, eta hortik aste batera 600 inguru hartuko ditu Sarako herriak.
Pentsatzetik egitera pausu handi bat badela azaldu du Olaizolak. «Berehala konturatu ginen sobera latza zela guretzako. Zugarramurdi herri txikia da, berrehun biztanle gira bakarrik. Beraz, Xaretako lau herriei aukera luzatzea erabaki genuen». Ondorioz, Urdazubi, Sara eta Ainhoak bat egitean proiektuak forma hartu zuela azaldu du.
Gainera, ingurukoen sustengua ukaiteak bultzada handia eman zien Xaretako herriei. «Zenbat lan zen harritu ginen, baina Pantxikak hasieratik trankildu gaitu. Lortuko genuela esaten zigun. Batzuek ikusiak genituen lehenagotik pastoralak, baina ez genuen mundu hori sobera ezagutzen. Errejentak badu bere usaia eta baditu bere kontaktuak». Bide beretik, Etxalarren izan zen lurraldeko lehen pastorala 2017an, eta bertakoek ere asko lasaitu zituztela ekarri dute gogora: «Lana zela, baina ongi aterako zela esan ziguten».
Antzeztearekin batera, jendartearen usaiak aldatzea
Xaretako herrietan pastorala antolatzeko ideia zabaldu bezain laster adin eta herri guztietako jendea motibatu zela dio baratzezainak, «jende arrunt ezberdina. Xaretako lau herrien barnean ere ohiturak ez dira berdinak, eta anitzek ez genuen elkar ezagutzen. Aitzakia ederra izan da edozein pertsona elkartzeko. Covid-19 urte hauen ondotik, muga itxia egon ondotik, bi aldeetako jendea horrelako proiektu baterako elkartzea biziki ederra izan da».
Elkartu eta elkarrekin lan bat egiteko estakurua izateaz gain, lehen pastoral honen protagonista emazte bat izateak anitz pozten duela adierazi du Olaizolak. «Aurten Xiberoan ere Simone Veil izan da protagonista, andreen nortasunari eta lanari garrantzia handia eman zien andrea. Ez nau harritzen, eta eskertzekoa da ez harritzea, honek esan nahi baitu usaia hartu dugula». Afixarentzat kolore ubela hautatu dutela gehitu du, justuki, hautu hau emazteei indarra emateko aukera gisa ikusten baitzuten.
Emaztea protagonista izatearekin batera, hamar bat haur badira, horrek «airetasun bat ematen dio, dena ez da horren seriosa bilakatzen. Dantzek ere lan bera egiten dute. Trajeria bat da, istorio tristea da, baina honi guztiari esker zerbait polita sortzen lortzen dugu».
Zugarramurdin dena beterik
Hilabete hauetan egin lanak bere emaitzak ekarri dituenaren seinalea da Zugarramurdiko emankizunerako sartze guziak bukatu direla jadaneko. Saran urriaren 22 eta 23ko hitzorduetarako sartzeak nahi dituenak puntu hauetan ditu eskuragarri: Zugarramurdi (lezeak), Sara (Herriko ostatua), Ainhoa (Herriko Etxea), Urdazubi (Indianobaita ostatua), Baiona (Elkar), Baigorri (Oronoz denda), Donibane Garazi (Paris) eta Hazparne (Lurra Bio denda).
Dokumentuaren akzioak