Aurrez aurreko euskara klaseak, Jorgelina Chaparteguiren eskutik, laster hasiko dira, eta Milagros Mugicak irakatsiko ditu adin guztikoentzako euskal dantzak. Bi jarduera hauetan, asmoa da hizkuntza eta dantza irakasteko dinamika tradizionaletan saio ludikoak txertatzea, partehartzaileen euskal kulturaren ezagutza zabalagoa lortzearren. Hor kokatuko dira Jose Luisen “Sejo” Francoren ardurapeako euskal musika eskolak, txistua eta danbolina, panderoa eta txalaparta ikasteko aukerarekin.
Etxeko txikienei dagokienez, urterako finkatutako helburua anibiziotsua da. “Urte amaieran, lehenengoz, partaide nahi genuke izan Llavallol umeen euskal topaketan eta prestatzen ari gara horretarako” aitortu dio EuskalKultura.eus-i Euskal Etxeko idazkari Tomas Vicentek. Hori dela eta, zenbait tailer antolatu dituzte, elkarteko lau gaztek osatutako taldea gidari. Antonela Veroli Mujica, Iosu Pacha Iruretagoyena, Daniela González eta Jimena Angulo izango dira mitologia eta pintura tailerren arduradunak.
Gure Ametza: 40 urte dantzan
Oso gogoan edukitzekoa, abuztuan 40 urte beteko dituela EEko Gure Ametza dantza taldeak. Karia horretara, euskal dantzari asteburu oso bat eskaintzea erabaki dute. Dantza-erakustaldi bat, dantza-taldearen ibilbidea irudietan jasoko duen argazki-erakusketa, hasiberrientzako tailer bat eta urtebetetzea partekatzeko afari handi bat egingo dira. Bertan, dantzari-taldeak lau hamarkadotan izan dituen formazio guztietako kideak elkartuko dira, eta argi dago ez del faltako nor oroitu eta nor ohoratu.
Urteko egutegiko gainerako hitzorduei dagokienez, apiilean bi ekitaldi esanguratsu aurreikusten ditu Euzko Alkartasunak: Aberri Eguneko elkarretaratze eta afaria, eta Mus Txapelketa. Gainera, jai tradizional batzuk berreskuratzeko xedez, San Juan antolatuko da berriz. Uztailak San Fermin ekarriko du besapean, eta irailak Euskal Diasporaren Nazioarteko Eguna eta Aralarko San Migel. Azkenik, Euskararen Nazioarteko Egunaren ospakizunak amaiera emango dio abenduan kronogramari.