Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Lyondik datoz dantza doinu eta pausoak

Dokumentuaren akzioak

Lyondik datoz dantza doinu eta pausoak

Biennale de la danse jaialdiaren lagin bat erakutsiko dute Donostian, igandean. Kultur hiriburutzaren Zubideak proiektuaren parte da

Egilea
Ander Perez
Komunikabidea
Berria
Mota
Albistea
Data
2016/06/28
Lotura
Berria

Dantza garaikidearen alorrean, munduan erreferente da Lyongo (Frantzia) Biennale de la danse jaialdia. «Europa mailako dantza jaialdi handienetakoa da, handiena ez bada», Saioa Torre Donostia 2016ko Zubideak proiektuaren arduradunaren hitzetan. «Europako herrialdeen artean lotura zuzenagoak» bultzatzea du xede egitasmo horrek, eta, hala, Europako diziplina askotako hainbat jaialdi Donostiara hurbiltzea erabaki dute. Dagoeneko Wroclawgo (Polonia) Thanks Jimi eta Dublingo (Irlanda) Bloomsday jaialdiak gerturatu dituzte, musika eta literaturari leku emanez. Oraingoan, heldu den igandean, Lyongo jaialdiaren lagin bat erakutsiko dute, eta han ikusiko diren hainbat ikuskizunen aurrerapena eskaini. Zubideak. Lyon jarri diote izena uztailaren 3ko jaialdiari.

Irailaren 14tik 30era egingo dute Lyongo jaialdia, eta hamalau egun horietan, nazioarteko 23 ikuskizun aurkeztuko dituzte; horietako batzuen laginak izango dira Donostian. Dominique Hervieu da Lyongo jaialdiko zuzendari artistikoa, eta bera arduratu da Donostiako egitaraua antolatzeaz ere. Atzoko aurkezpenean Skype bidez azaldu zituen Hervieuk Frantziako jaialditik Euskal Herrira eramango dituzten koreografien ezaugarri nagusiak. Era berean, «pozik» agertu zen, Donostia 2016rekin gauzatutako lankidetzaren harira: «Europan loturak nahi ditugu. Proiektu hau aukera handia da».

Groupe Acrobatique de Tanger izango da Lyongo dantza jaialdiaren ekinbidez Donostian geldialdia egingo duen taldeetako bat. Marokoko konpainiak lehen aldiz taularatuko du lan propio bat—Halka—, eta «erronka handia» da hori, Hervieuk dioenez. Biennale de la danse-ko zuzendari artistikoak talde marokoarraren identitatea eta modernitatea nabarmendu zituen; «bi balio garrantzitsu», haren iritziko. Lau funtzio egingo dituzte Marokoko akrobatek, Katalunia plazan laurak, 11:30ean, 14:00etan, 16:00etan eta 18:00etan. Gainera, publikoaren aurrean entsegua ere egingo dute, 11:00tan, lehen emanaldiaren aurretik. Torrek azaldu zuen horren zentzua: «Guretzat, oso garrantzitsua da prozesuak ikusaraztea, ez bakarrik azken emaitza».

Yann Bourgeois dantzaria ere izango da Donostian, zirkua eta dantza uztartuz Fugue / Trampolin ikuskizunean. «Lan poetikoa» taularatuko du, «metafora filosofikoa» gordetzen duena: tranpolin txiki bat baliatuz, orekari buruzko gogoeta plazaratuko du, «nola erortzen garen eta nola berriro altxatzen garen» erakusteko. Sei emanaldi eginen ditu egun osoan , Okendo plazan seiak. Donostia 2016k eta Orona enpresak egin dituzte Bourgeoisen eta Tangerreko taldearen obren ekoizpen lanak.

Denis Plassard izango da Lyongo jaialdiaren eskutik Donostian izango den beste artista. Hervieuren esanetan, «lan zuzena» eta «interaktiboa» ekarriko du, herritarrak ikuskizunera gonbidatuz. Mugimendurako jarraibide batzuk emango ditu Plassardek, jendeak harekin bat egin eta sorkuntza kolektiboan parte har dezan. Gainera, argazkietan jasoko dituzte Plassardek eta herritarrek partekatutako uneak, eta collage batean bilduko dituzte gero.

Atzerrikoekin batera, Euskal Herriko dantza konpainiei ere lekua eman nahi izan diete antolatzaileek jaialdian, eta Dantzaguneara jo dute horretarako. Zortzi talde ari dira zentroan sorkuntza lanetan, eta horietako hiruk aurkeztuko dituzte haien lanak Donostian. Ertza taldeak HRK (extracts) lana erakutsiko du, Cielo RasOk Carnaval, eta Lasalak, Hooked. Gainera, Shakti Olaizola dantzariak Irakurriz lana emango du.

Okendo eta Katalunia plazen artean banatu dute egitaraua, ekitaldiak elkarren artean txandakatuz. Mugitzeko «joko»horren bitartez antolatu dute jaialdia, Donostia, egun batez, dantza agertoki handia bilakatzeko.

Donostia 2016, Orona Fundazioa, Dantzagunea eta Gipuzkoako Foru Aldundiko ordezkariak, atzo.
Donostia 2016, Orona Fundazioa, Dantzagunea eta Gipuzkoako Foru Aldundiko ordezkariak, atzo. GORKA RUBIO / ARGAZKI PRESS

Dokumentuaren akzioak