Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Luzarorako uztarketa

Dokumentuaren akzioak

Luzarorako uztarketa

MusEkintza jaialdian ikuskizunak egingo dituzte Bizkaiko hainbat kulturgunetan, ekainaren 24ra arte. Dantza, antzerkia, zinema eta bertsolaritza izango dute saioek ardatz, esate baterako.
Egilea
Amaia Igartua Aristondo
Komunikabidea
Bizkaiko Hitza
Mota
Albistea
Data
2022/10/28
Lotura
Bizkaiko Hitza

Luzarorako uztarketa

Ausarta iruditu zitzaien proposamena iaz, aurrenekoz plazaratu zutenean: batzea, batetik, Bizkaiko ondarea eta kulturguneak; eta horiek uztartzea, bestetik, kultur sortzaileekin, artistekin. Hori izan zen MusEkintzaren hazia. “Zerbait desberdina sortu genuen. Balioetsi genituen arte eszenikoak, orduan momentu konplikatu bat pasatzen ari zirenak”, Lorea Bilbao Kultura foru diputatuaren irudiko. Eta publikoak eskertu egin zuen berrikuntza, antolatzaileen hitzei erreparatuta: lehen aldia “arrakastatsua” izan zen, Marta Urzelai jaialdiaren sortzaile eta programatzailearen ustez, eta aurrekari horren hauspoarekin ekin diote bigarren edizioari; ekainaren 24an amaituko da.

“Bizkaiko museoak eta beste interesgune batzuk ezagutzeko modu berri bat da MusEkintza”, Urzelairen hitzetan. Aukerak ematen dizkio publikoari, baina baita sortzaileei ere, horiek baitituzte jopuntuan, orobat, Bilbaok nabarmendu duenez. “Nahiko nuke sortzaileentzat plataforma kutuna izatea”. Aurten, irizpide berekin egin dute jaialdia, baina, diputatuaren hitzetan, “zabalagoa, ugariagoa eta kontsolidatuagoa” da aurtengo aldia. Izan ere, museo eta diziplina gehiagotara jo dute oraingo honetan, eta ikuskizun gehiago egingo dituzte.

Lurraldeko zazpi kokalekutan garatu zen iazko MusEkintza: zehazki, Balmasedako La Encartada fabrika museoan, Muskizko El Pobal burdinolan, Bakioko Txakolingunean, Gernika-Lumoko Euskal Herria museoan, Bilboko Arkeologi museoan eta Bermeoko Arrantzaleen Museoan. Aurten, beste lau gehitu dituzte eskaintzara: Bilboko hiru —Mariaren Bihotza plazako aztarnategia, Berreginen Museoa eta Europa parkea—, eta Kortezubiko Santimamiñe.

Era berean, jaialdiak aniztasun handiagoa izango du moldeei dagokienez: zinema, antzerkia, musika, zenbait estilotako dantzak, poesia errezitalak, eskultura, moda eta bertsolaritza izango dituzte ardatz ikuskizunek. Urzelaik iazko atxikipena du jomuga: “Pertsona askorentzat saio finkoak izan ziren lehen MusEkintzako emanaldiak, eta aurpegi batzuk ezagunak egiten zitzaizkigun jada. Aurten, aurpegi horiek berriro ikustea espero dugu, eta gehiago etor daitezela”.

MusEkintza

Hileroko hitzorduak

Gutxi gorabehera, hilero ikuskizun bat edo bi eskainiko ditu MusEkintzak. Bihar izango da bat: Maitane Sarralde dantzariak zintzilikatutako dantza emanaldi bat egingo du Europa parkean: Desªnuda. Azaro bukaeran izango da hurrengo hitzordua. ECCBI Bilboko zinema sorkuntza eskolak antolatuta, Berreginen Museoan film sekuentzia bat grabatuko du Amara Mosteiro zuzendariak. Bisitariek figurante gisa hartuko dute parte, eta bideoa igorriko zaie.

Urtarrilaren 28an, Arrantzaleen Museoan emanaldi poetiko bat egingo dute: Elisabeth Perezen Memoria de un pez bueno album ilustratuko irudiak eta testuak doinuekin lagunduko ditu Bilboko Txistu Bandak. Otsailaren 25ean, Matxalen Bilbaok eta Natalia Garciak Serenity Suite dantza emankizuna eskainiko dute La Encartadan. Ia 30 urteren aldea dago bi dantzarien artean, eta horri helduta denboraren iraganaz ariko dira.

Dantza hartuko du, halaber, Mariaren Bihotza plazako aztarnategiak martxoaren 18an: Adriana Bilbaok modaren mugarriak erakutsiko ditu Éclat ikuskizunean, XIX. mende bukaerakoak eta XX. mende osokoak, eta hiru poeten testu egokituak entzungo dira bitartean: Juana Ines de la Cruz, Gertrudis Gomez de Avellaneda eta Alfonsina Stornirenak, hain justu. Apirilaren 29an, mikroantzerkiko bi pieza emango dituzte Bakioko Txakolingunean. Luna Luna konpainiaren Repiqueteo, eta Mikel Martinezen Tabernaria, euskaraz. Atzetik aurrera kontatutako istorio bat antzeztuko du Martinezek.

MusEkintza

Maiatzaren 27an, ATX Teatroak BilakATXe ikuskizuna antzeztuko du El Pobalen, eta burdinolen funtzionamendua izango dute oinarri. Hortik abiatuta, askotariko generoak uztartuko dira: lau aktore, tenor bat, pole dancer bat eta lau musikari ariko dira. Ekainaren 10ean, Euskal Herria museoan, Garazi Etxaburuk dantza bat egingo du Jose Pablo Arriagaren eskultura handi batekin interaktuatuz; piezaren tolesturek emakume haurdun baten azala iradokiko dio Etxabururi, esaterako.

Ekainaren 24an izango da MusEkintzako azken emanaldia, Santimamiñen. Ez da kasualitatea bertso saio ez-mistoa hartuko du, non umorea eta gogoetak batuko diren, besteak beste.

Dokumentuaren akzioak