Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Luzaide karakotxekin dantzan

Dokumentuaren akzioak

Luzaide karakotxekin dantzan

Urteak pasatu ahala Nafarroako kulturaren isla nagusietariko bat bilakatu dira bolanteen herri dantzak.

Egilea
Xan Harriague
Komunikabidea
Berria
Mota
Erreportajea
Data
2008/03/18

Zaila da dantzak eta ospakizun hori nondik datozen jakitea, baina dirudienez, oso aspaldikoak dira. Aintziburuk betidanik ezagutu ditu karakotxak, eta guraso eta aitatxi eta amatxiei beti aditu izan die. «Iduri du mendeak zeharkatu dituen armada dela». Karakotxetan era anitzeko jendeak parte hartzen du. Batzuek armada bati pentsarazten dute, eta bertze batzuek berriz, euskal mitologiako pertsonei. Dantzarien taldea karrikaz karrika eta baserriz baserri ibiltzen denean, zapurrek irekitzen dute bidea. Bizar handia daramate eta eskuan aizkora. Horien ondotik datoz, berriz, zaldunak, jauntxoak irudikatzen dituztenak. Soldaduek jarraitzen diete garai bateko armada gehienetan bezala. Luzaiden gorriak

deitzen dituzte, eta arma gisa egurrezko ezpatak erabiltzen dituzte. Armada bati pentsarazten duten azken figurak banderariak dira, izenak dioen bezala eskuan banderak eramaten dituzte, aspaldiko denboretan, nortasunaren erakusle zena edo guda baten ondotik menperatutako lurrak haienak egiten zituztela adierazten zuen sinboloa.

 

Hortik aitzinera, mitoekin zerikusia duten pertsonaiek osatzen dute taldea. Lehenak basandereak dira, edo bestela erranda sorginak. Horien gibeletik ibiltzen diren ziganteek itxura politagoa dute, ongi apaindutako panpina batzuena alegia. Aintzibururen ustez, horiek emakumeari zor zaion errespetuaren isla dira. Gaur egun ez baldin badago ere, lehenago ondotik zetorren hartza. Europako hainbat inauteritan agertzen den irudia, negua bukatzen den eta natura iratzartzen den seinalea. Azkenik, bidea hesten dute dantzariek. Lehenago bertsolariak izaten ziren haien ondotik, baina azken urteetan ez daude. Kantatuz, egunaren epaileak ziren, eta baserrietan ibilbidea zer moduz zihoan kontatzen zuten.

Dantzan aritzeko ezinbestekoa dira musika eta musikariak. Horiek atzetik datoz. Garaian txistu eta akordeoilariak ari ziren, baina orain orkestra oso bat dabil.

Musikan ere badago armada bati pentsarazten duenik. Karrikan barna ibiltzen direnean, biko doinuak jotzen dituzte, erritmo labur eta gogorra.

Herrian besta eguna bada ere, karakotxetan parte hartzen dutenentzat egun luzea izaten da. Goizean elkarrekin gosaldu eta, Arnegira jaisten dira, eta, itzulian, Pekoetxeta eta bentetako auzoetan barna ibiltzen. Baserriz baserri eskea egiten duten bitartean etxeko andre eta nagusiek trago batera gomitatzen dituzte haien dantzen truke. Herrira itzuli orduko eguerdi badute, eta lehen dantza erakustaldi nagusia eskaintzen dute plazan mezatik ateratzen direnentzat eta kanpotik etorritakoentzat. Gehienak jauzi dantzak izaten dira edo eskualde batzuetan mutxikoak deitzen direnak. Baina badira bertzelakoak ere, hala makilariena, nola kontradantza edo dantza luzia. Azken bi horiek koadrila eta soka dantza dute izena bertze leku batzuetan. Bazkal ondoan dantzari eta musikari taldeak bere itzulia jarraitzen du Elizaldeko auzoa eta apeza bisitatuz eta hango hara-hona egin eta, Arretxe pilotalekura doaz, arratsaldeko erakustaldirako. Goizekoaren antzekoa izaten da, baina, bukaeran, Atxetatupinaren jokoa gehitzen diote. Gutxitan ikusi den proba horretan, jendeek eskuz esku lotu dagoen bikotea biluzi behar dute, baina ez pentsa lan erraza dutenik. Soinean txapela, zaia eta ardi larrua daramate, eta horren gainetik elorria.

 

KARAKOTXAK ETA GERLA. Hori da gaur egun Karakotxek duten itxura. Arrakasta dutela eta, bazkoz ehunka eta ehunka bisitari hurbiltzen dira Luzaidera, baina ez da beti hala izan. Aintziburuk ezagutu zituenean, herrikoiagoak ziren, baina neurri batean orain bezainbat fama zuten. «Herritarrak baserritik jaisten ziren dantzen ikusteko. Etxeko lanak zirela eta, batzuk goizean etortzen ziren, eta bertzeak arratsaldean». 36ko gerra eta ondoko urteetan izan ezik, beti ezagutu ditu gutxienez 50 bat dantzariko karakotxak. «Ahal zuten guziek dantzatzen zuten, hemen gehienak dantzariak gara». Igande arratsaldetan biltzen omen ziren ikasteko. Hura zen haientzat gozatzeko manera. «Aste tartez inor ez zen lanetik libratzen, eta igandeko errepetizioneak ziren gure aisialdiak. Gure artean lehiak izaten ziren ea zein zen hoberena». 1936tik aitzinera karakotxak ez ziren egin, eta gerla pasatu eta gero behar den bezala berreskuratzen kostatu zitzaien. «Denbora haietan jendeak ez zuen gogoa bestan, eta handik landa anitz Ameriketara joan ziren edo mendiko lanetara». 1950eko eta 1960ko hamarkadan egin-egin ziren, baina ez omen zuten aitzineko urteetako distira.

1967an berrikitan Luzaidera joandako apez gazteak abiatu zuen ohituraren berreskuratze eta berrindartzearen prozesua. Iritsi orduko Angel Sarasetak karakotxei buruzko bilketa hasi zuen hala dantzak, nola urratsak eta partizioak. Herriko gazteak eta hain gazteak ez zirenak ere bat egin zuten jaun erretorearen ideiarekin, eta herriko harrotasunari hats berria eman zioten. Hasteko eguraldi txarra zela eta, eguna aldatu zuten, eta inauterien igandetik Pazkora pasatu. Dantzatzeko eran zorrotzago izaten hasi ziren, eta urratsak garbiago egiten. Aldaketa nagusia hala ere, emakumeen parte-hartzearena izan zen. Ordura arte gizonak baizik ez ziren aritzen, baina 1968tik aitzinera kontradantza edo koadrilak sartu zituzten emakumeei tartea eginez.

Karakotxek eboluzionatzen jakin dute, eta haien onerako izan da gaur egun Nafarroako ondarearen erreferentzia bihurtu dira baita ohitura herrikoia zena ospe handiko besta bihurtu ere. Aldaketaren lekuko izan da Juan Miguel Cantero. Saraseta herrira iritsi zenean haurra besterik ez zen, baina dagoeneko musikaren zaletasuna zuen. Solfeoa harekin ikasi, eta geroztik urtero musika jotzen aritu da karakotxetan. «Errespetu handiagoarekin dantzatzen da orain. Lehenago giroa lasaiagoa izaten zen, eta dantza bukatzerakoan berdin dantzariak ondokoarekin solasean aritzen ziren». 1968az geroztik, urteak pasatu dira, eta egitaraua ia-ia ez da aldatu, baina Cantero beti bezain gustura aritzen da. «Arratsaldean pilotalekua tanpez beteta dagoelarik, eta dantzak hasten direlarik, oilo larrua ateratzen zait aldi oro. Orduan bai luzaidar izateaz harro sentitzen naizela».

 

HAUR ETA HELDUAK. Azken egun hauetan, aurtengo karakotxen azken prestakuntzetan dihardute dantzariak. Besta eguna igandean dute, eta ordurako dena prest egon behar da herriko eta kanpoko jendeei ahal bezain saio polita eskaintzeko. 38 urterekin Cesar Etxeberri dantzan arituko diren 100 bat dantzariren artean zaharrena izanen da, baina entsaioak ez ditu huts eginen. Gazteenekin duela aste batzuk hasi ziren errepetizioak egiten, eta dakitenekin Aste Sainduko opor egunak aprobetxatuko dituzte. «Hemen denek dantzari izan nahi dugu, eta gero eta goizago hasten gara karakotxetan dantzatzen». Gazteenek 10 urte besterik ez dituzte, baina grazia handia omen dauka. «Haurrek ez dute helduek bezain garbi dantzatzen, baina hain politak dira dantzariz jantzita; nola erran behar diozu guraso bati bere alabak edo semeak ezin duela dantzatu». Talde handia bada ere, Etxeberriri iruditzen zaio zaharragoek ere parte hartzen segitu beharko luketela. «Pena ematen dit ni baino helduagoak direnak parte hartzeari utzi diotela. Hau ez da gazteen kontu bat baizik eta herriarena». Dena dela, luzaidar gazteak besta paregabea iragartzen du iganderako. «Eguraldi ederra bada hobe, baina edozein gisaz ere, egun zoragarria pasatzeko aukera izanen da, egunean karrikan barna dantzatzeko, eta ilunabarrean denak batera bestaren egiteko».

 

Zer: Karakotxak edo Bolanteen dantzak. Non: Luzaide. Noiz: Igandean, 12:00etan. Prezioa: Doan.

Dokumentuaren akzioak