Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka «Dantzaria altxatzen da lurrera jaisteko ahalik eta azkarren»

Dokumentuaren akzioak

«Dantzaria altxatzen da lurrera jaisteko ahalik eta azkarren»

Dantzari honen taldeak 'Axeri boda' eskainiko du gaur Donostiako Victoria Eugenian

Egilea
Felix Ibargutxi
Komunikabidea
Diario Vasco
Mota
Elkarrizketa
Data
2009/09/07
- Zu ez zaitugu atzo goizeko dan-tzaria.
- Ni hamalau urtekin hasi nin- tzen dantzan, Andoainen, Lizar Makil taldean. Baneukan grina txiki bat eta halaxe hasi nintzen. Badira bizitzan une enblematikoak, eta gogoratzen naiz Andoainen Sanjuango festetan ezpata-dantza zoragarria ikusi nuela, hamalau urte nituela. Argia taldea zen, orduan Gipuzkoako dantzen berreskuraketa egina zuen eta ezpata luzeekin atera ziren. Hunkituta gelditu nintzen. Nik dantza elementu hedonista bezala bizi dut, baina baita ere elementu sozial eta ideologiko bezala. Ni dantzan nago... euskaldun sentitzen naizelako. Nik alde identitario hori erreibindikatu egiten dut. Dan- tzak energia berezi bat eman dit.
- Goizaldi-n jardun eta gero, Argia-ra pasatu zinen.
- Bai, ni beti Argiaren atzetik ibilia nintzen, baina zirkunstantziek Goizaldira eraman ninduten. Urbeltzek deitu egin zigun, ea parte hartuko genuen bere proiektu berrian, gero Zortziko izango zen horretan. Garbi neukan baietz. Ordurarte neraman bideari ez bainion etorkizunik ikusten. Urbeltz ondo ezagutzen nuen eta oso irudikapen potenteko gizona irudi-tzen zitzaidan. Halaxe, gaur arte.
- Eta dantza-maisu bihurtze hori nola izan zen?
- Maisu izateko korpus teoriko bat behar duzu. Eta alde horretatik, Urbeltzek egin duen lanketa klabea izan da. Ordurateko maisuen molde haiek (Pujanatarren, Olanotarren, Maurizio Elizalderen moldeak) praktikan apurtuta zituzten dantza-taldeek beren izakerarekin, eta hori berreskuratzekotan beste era batera egin behar zen. Orduan kontestualizatzen hasi ziren gauzak, eta konturatu ginen euskal dantzak Europako kontestu baten barruan zeudela. Hemen ez dago eskolarik, akademiarik, unibertsitaterik, dantza-maisu titulua ematen duenik (ez dakit komeni den ere) eta praktikak ematen du; dantzariek onartzen bazaituzte maisu moduan, bazara maisu, bestela ez zara.
- 'Axeri boda'-k «Argiaren seilua» daukala esan zenuen aurkezpen egunean. Zer da seilu hori zehatz?
- Dantza bere osotasunean har-tzea. Dantza ez da ariketa fisiko hutsa, ez da koreografia bat bakarrik. Azken batean, da ulertzea dantza bere kontestuan ipini behar dela. Eta zein dira dantza tradizionalen kontestuak?: dira erritoak, dira protokoloak eta dira atzetik dauden metaforak eta sinboloak. Adibidez, ez baduzu ulertzen metafora horien atzetik mundu magiko bat dagoela, sekula ez duzu Axeri boda-rik egingo. Eta arlo fisikoari dagokionez, saiatzen gara dantzakera tradizionala ulertzen eta eusten. Gure dantzak telurikoak dira. Adibidez, dantza klasikoan erreferentzi puntua zerua da. Dantzaria, zenbat eta altuago igo, orduan eta dizdiratsuagoa izango da. Gure dantza tradizionalean, dantzaria altxatzen da lurrera jaisteko ahalik eta azkarren.
- Argia saiatuko da beti zirrararen bat eragiten, ala?
- Argia-k beti landu nahi izan du metaforaren bat, sinboloren bat. Elementu poetikoren bat bilatzen dugu beti. Eta zirrara lortzeko badaude trukoak, adibidez musika.
- Espektakuluaren garaian bizi gara, eta jendearen arreta zuenganatzeko gero eta gauza espektakularragoak egin beharko dituzue.
- Bai, hori landu beharra dago, baina dantza tradizionalen moldea oso berezia da eta bere legeak baditu. Adibidez: ni Irradaka egiten ari baldin banaiz, hau da, nesken dantza bat, eta batek esaten baldin badit gaurko gustuetarako hori dantza geldoa dela, nik erantzungo diot sentitzen dudala, baina ez dudala aldatuko. Nik transmititu nahi dudan tenpoa tenpo geldia baita, mantra modukoa. Azken batean, da esatea bezala gaurko poeta esanguratsu baten poesi irakurketa ez datorrela bat gaur egungo gustuekin. Gu ez goaz banguardismo merke batetik. Urrutiko adibide bat jarriko dizut: Riverdance. Efektista da, eta seguru bat egiten duela gaur egun irudien munduak eskatzen duen emaitza potente horrekin. Baina dantza aldetik ikuskizun horrek ez du ezer esaten. Zera egiten du: elementu bat behin eta berriz errepikatu.
- Zuen ikuskizunak eskaini izan dituzuenean harrera ezberdina sumatu al duzue tokiaren arabera?
- Ez bereziki. Aipatu ditzagun baserri mundua eta mundo kaletarra. Gaur egun ez dago alderik! Baserrian bizi dena ere kaletarra da!
- Lehenago esan duzu euskaldun sentitzen zarelako egiten duzula dantza.
- Bai, baina euskal dantza ez dut bizi modu hermetikoan. Hain gureak diren gure Gipuzkoako eta Zuberoako dantzak, adibidez, Probentza, Irlanda eta Ingalaterrako batzuen antzekoak dira. Areago: Alemaniako batzuen antzekoak ere bai. Nire lehenbiziko zalditik jaustea izan zen behin, Goizaldi taldean negoela, Ingalaterrara joan eta Probentzako talde bat ikusi nuenean ttunttunakin, txirulakin eta Zuberoako urratsak egiten. Modu manikeoan esanda: hori ikusita, bi gauza egin daitezke: erabat desengainatzea edo ilustratzen joatea eta konturatzea patrimonio handi baten parte garela. Gipuzkoako ezpata-dantzak ez dira gureak soilik, Sevillan ere egiten dira, eta Nurenberg-en.
«Dantzaria altxatzen da lurrera jaisteko ahalik eta azkarren»
Iñaki Arregi, Argia taldearen egoitzan, Donostian. /LUSA

«Dantzaria altxatzen da lurrera jaisteko ahalik eta azkarren»

Dokumentuaren akzioak