Dokumentuaren akzioak
Lurrarekin dantzan
Urretxuko Lurra dantza taldea sortu zutela 50 urte bete dira aurten. Egun, 200 bat dantzari ari dira taldean.
Aurten 50 urte bete dira andrez osatutako lagun talde batek Lurra sortu zuenetik. Diktadura garaia zen orduan, eta dantza taldearen banderari gorria, zuria eta berdea hartuta ere, urdina gehitu behar izan zioten kalera atera ahal izateko. Emakumezko haiek auzoz auzo joan ziren arin-arina eta fandangoa erakusten, eta eskoletan ere aritu ziren. Pixkanaka-pixkanaka gehiagora egin zuen egitasmoak, eta hala jaio zen Lurra taldea. Irene Sudupe eta Kontxi Larrañaga izan ziren andre haietako batzuk.
Orduz geroztik, dantza pauso ugari gehitu dizkiete arin-arinari eta fandangoari. Izan ere, Lurraren arima deskribatzerakoan bi dira hitz gakoak: jakin-nahia eta bidaia zaletasuna.
Ezagutza gosea
Jakin-minak Euskal Herriko zazpi lurraldeetako dantzak ezagutzera bultzatu ditu taldeko kideak. Ezagutu, ikasi eta Urretxun dantzatu. Hori da egiten dutena. Baina harago ere eraman dute ezagutza gosea eta jantzietara lotu dira, estu. Ez dituzte bakarrik dantzak ikasi, dantza bakoitzaren jantziak zeintzuk diren ikertu eta erreplikak josi dituzte. Horrenbestez, gaur-gaurkoz, zortzi bat jantzi ezberdin ditu Lurrako andre bakoitzak eta bost bat gizonezko bakoitzak.
Bidaia zaleak ere badira Lurrakoak. Euskal Herriko txoko batean baino gehiagotan dantzatu dira eta dantza egin dute, baita ere, Herrialde Katalanetan, Polonian, Hungarian, Italian, Alemanian eta Espainian, besteak beste. Irteera horietan guztietan formula bera erabili dute beti: trukea. Hala, berandu baino lehen, haiek joan diren tokietatik iritsi dira Urretxura dantzariak.
Junkal Osinalde ere dantzari beteranoa da Lurran, eta bere ustez, «irteera horietan guztietan beste taldeekin egin ditugun harremanak oso aberasgarriak izan dira». Leire Larrañaga taldeko txistulariak hartu eman horien nondik norakoa zehaztu du: «Lagunak ere egin ditugu, esate baterako, urtean behin Asturiasetik, Kataluniatik eta Lizarratik (Nafarroa) dantzari lagunak etortzen zaizkigu bisitan».
Elkarrizketara bildutako dantzariei Lurra taldea bakoitzarentzat zer den azaltzeko eskatuta, nork bere erantzuna eman badu ere, guztiek hitz berbera erabili dute modu batera edo bestera: familia.
Juanlu Elgarresta kide beteranoenak 51 urte ditu eta 14 urterekin hasi zen Lurran arin-arina eta fandangoa ikasteko: «Lurra dena da niretzat. Gazitik eta gozotik eman dit, baina, jakina, gozoarekin geratzen naiz. Bi alabak dantzan ari dira Lurran eta familia bat gara». Junkal Osinaldek 42 urte ditu eta 6 urterekin hasi zen dantza taldean: «Nirekin dantzan hasi zirenak ez daude jada, baina ni gustura nago eta jarraitzeko asmoa daukat».
Alaitz Larrañagak 28 urte ditu eta 5 urterekin hasi zen: «Dantza talde bat baino gehiago da Lurra». Leire Larrañagak 27 urte ditu eta 4 urterekin hasi zen: «Orain sei urte min hartu nuen eta dantzatzeari utzi behar izan nion. Lotura ez galtzeko, dantzatzeak bezainbeste asetzen ez nauen arren, txistua jotzen dut taldean». Leire Urkiolak 33 urte ditu eta 11 urterekin hasi zen: «Lurran sare sozial bat eratu dugu».
Lurrak 50 urte bete ditu eta, agerikoa da, beste hainbat betetzeko dantza pausoz lurra ereiten jarraitzeko asmoa duela.
Urtea ekintzaz josiko dute Lurrako dantzariek 50. urtemuga ospatzeko
Urretxuko Lurra dantza taldekoek ohi baino gehiago dantzatuko dute aurten kaleetan. 50. urtemugaren harira Lurra Eguna ospatuko dute uztailaren 11n eta ekitaldi nagusia urriaren 10ean egingo dute. Bien bitartean apirilaren 26ra bitartean taldeak urteotan bildutako jantzi gordailuaren lagin bat Urretxuko udaletxearen sarreran ikusi daiteke, baita egindako bidaietan jasotako oroigarri guztiak ere.
Uztaileko jaialdia taldeko haurrei eskainiko diete. Umeak eta gurasoak bazkari batera bilduko dituzte, eta arratsaldean dantzaldia egingo dute. Urriko ekitaldian Lurrako belaunaldi guztiak batu nahi dituzte, iraganeko dantzariak, egungoak eta izango direnak; gonbidatu bereziak ere edukiko dituzte. Guztira, 400 bat lagun bilduko direla aurreikusi dute.
Dokumentuaren akzioak