Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Lurralde ezezaguna

Dokumentuaren akzioak

Lurralde ezezaguna

Kritika, 'Sporen'

Egilea
Agus Perez
Komunikabidea
Berria
Mota
Kritika
Data
2005/11/06

Lurralde ezezagun batean aurkitzen gara Mendiolaza ikuskizunaren hasieran. Eta lurralde ezezagun batean jarraituko dugu emanaldian zehar, hori berori delako Argentinako Krapp konpainiaren espezialitatea, lurralde ezezagunak sortzearena. Taldeak dantzari/koreografoak, aktoreak eta musikariak elkartzen ditu bere baitan eta horrek are interesgarriago bihurtu ditu taula gainean gertatu diren barne-paisaia kaotikoak.



Estetika marjinaleko dekorazioak Ðdantza lanetan ez dago normalean ia dekoraziorikÐ dantzarako lokal bat irudikatzen du, bazter batean ikusten den pianoari erreparatuta. Gainera, dantza sentsual batean murgilduta daude hango biztanleak, irrati batetik emititzen den musikaren doinupean. Goian dagoen haizegailuak eta albo bateko pertsiana metalikoak, ordea, lantegi kutsua ematen diote eszenari. Noizean behin entzuten diren sirenek eta bozgorailutik ailegatzen zaizkigun aginte-ahotsek presondegi edo psikiatriko bateko aisialdi gelan gaudela esaten digute, baina beharbada ikastetxe bateko gimnastika gela baino ez da. Jakin ezinean gabiltza eta horrek ere nolabaiteko artega sortzen du gugan.Groteskotasuna, umore subliminala, probokazio apurrak eta sujeritze ahalmen izugarria dauzkan lan honetan leku berezia hartzen du soinu-munduak. Horrela izanik, irratitik entzundako saltsaren ostean rock kementsu batek astinduko gaitu eta beranduago isilune luzeak, pianoa, akordeoia, dantzarien arteko esaldi solteak eta txakur urrunen zaunkak etorriko dira. Soinu-mundu estrainio horren gorabeherei jarraiki, gorputzen energia eztandak ikusiko ditugu bata bestearen atzetik, hala norbanakoenak nola euren arteko elkarketa indartsuetatik sortutakoak, taldeko kide guztiek dantzarako duten dohain naturalak argi baino argiago utzi arte. Une jakin batetik aurrera nik jada ez dakit zer etorri ote den, hain dira aberatsak muntaiaren planteamendua eta egikera! Bizitza arrunteko keinuekin eraikitako mugimendu segidak borroka pasarte isilekin nahasten dira nire baitan. Eta era berean gogoratzen dut neska biek elbarri itxurarekin osatu duten koadro harrigarria, baina pasarte guztien artean, George Harrisonen kanta zoragarri bat pianoan jo, abestu, antzeztu eta dantzatzen dutenekoa betiko geratuko da gure gogoan. g Agus Perez

Dokumentuaren akzioak