Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka 'Lur Sagar', azken uzta

Dokumentuaren akzioak

'Lur Sagar', azken uzta

Dantzaz konpainiaren eta Biarritz Balletaren azken elkarlana hilaren 18an estreinatuko da Donostian

Egilea
Erik Gartzia
Komunikabidea
Berria
Tokia
Donostia
Mota
Albistea
Data
2008/06/11

Dantzaz elkarteko zuzendari Filgi Claverieren hitzetan «hiru alde» aurki daitezke Lur Sagar obraren eta aurrekoen artean. Lehena konpainia «Europara begira jartzea» izan da. Zehazki Ingalaterra, Frantzia eta Herbehereetara, Lur Sagar obrak dituen hiru piezen egileak -Thomas Noone, Gael Domenger eta Itzik Galili, hurrenez hurren- herrialde horietakoak baitira.

Bigarren aldea Gipuzkoako dantzariekin duten kolaborazioa estutzea da Claverieren arabera. Orain arte lan egin duen Iñaki Landaz gain, Urtzi Aranburu, Mentxu Medel -Lucia Lakarraren irakasle izan dena- edota Josu Mujika dantzariekin lankidetzan aritu dira. Claveriek azaltzen duenez, «lankidetza horrek gure konpainiaren lana Gipuzkoan sustraitzera laguntzen du».

Bidasoa ibaiak ezartzen duen muga gaindituz elkarlana «indartzea» da azkeneko ezberdintasuna.

 

HIRU PIEZA. Lur Sagar izenburua Itzik Galiliren Earth Apples piezatik hartua da, errepresentatzen den azken piezatik. Claveriek azaldu duenez, «Earth Apples obra honek gorazarre egiten die laborariei. Gainera, euskal kulturarekin harremana ikusten diogu koreografia horri, eta horregatik erabaki genuen obra osoari izenburu hori jartzea». Pieza hori errepresentatzean patatak agertzen dira agertokian. Dantzaz konpainiako zuzendariaren arabera, Mercedes Sosaren musika erabiltzen duen pieza hori «ikusgarria, dinamikoa eta fisikoa» da.

Bigarren pieza Biarritz Ballet eta Dantzaz konpainiarekin lan egiten duen Gael Domenger-en Jaar Eden da. Bi dantzarientzat egina dagoen pieza horretako musika Francisco Lopez eta Jesus Auredek egin dute, Auredek zuzenean akordeioa jotzen duelarik. Bi dantzariek Eden ibaiaren iturria bilatzen saiatzen dira, modu oniriko batean; egunerokoa zalantzan jartzen da.

Thomas Noonen Futil piezak irekiko du saioa. 26 minutura laburtua dago Lur Sagar-en errepresentatuko dena. Hiru dantzari bikote agertzen dira, erlazio baten egoera ezberdinak azaltzen dituena, alderantzizko ordena kronologikoan. Bakoitzak bere nortasun propioa du, baina guztiak gauza beraren parte dira.

 

 

«'Earth Apples'-ek euskal kulturarekin harremana du, eta hortik atera dugu obraren izenburua»

filgi claverie

dantzaz konpainiaren zuzendaria

Dokumentuaren akzioak