Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Luma galdu baten bila

Dokumentuaren akzioak

Luma galdu baten bila

Egilea
Agus Perez
Komunikabidea
Berria
Mota
Kritika
Data
2021/09/14
Lotura
Berria

Donostian egin zuen bere lan berriaren estreinaldia Cielo Raso dantza konpainiak.

Donostian egin zuen bere lan berriaren estreinaldia Cielo Raso dantza konpainiak. DONOSTIA KULTURA

'Hâmaïkà'

Konpainia: Cielo Raso. Koreografia, zuzendaritza eta eszenografia: Igor Calonge. Zuzendari laguntzailea: Gabriel F. Jantziak: Amalia Elorza. Argiak: Sergio Garcia. Dantzariak: David Candela, Joan Ferre, Emma Riba, Ainhoa Usandizaga. Lekua: Donostiako Gazteszena aretoa. Eguna: Irailak 11.

Umore puntu batekin hasi da Hâmaïkà dantza lanaren estreinaldia, Gazteszenako aretoa azken besaulkiraino beteta zegoela, gaur egun indarrean dauden neurri murritzaileak gordeta.

Galtzontzilo zuriak, hankak eta besoak agerian zituen dantzari batek eman dio hasiera guztiari —enborra artile berdezko jaka batekin estali du—, eta biluztasun absurdo horretan jaso du alboko bi laguntzailek kaxa saredun banatatik administratu dioten elur artifiziala. Emanaldian zehar bina emakume eta gizon aritu dira guztira, elur banatzaileak dantzariak ere izan direlako, eta hasiera horretan zilar koloreko janzkera zeraman emakumearen pertsonaiak eman digu atentzioa, bere betaurreko beltzekin eta itsuek darabilten makila tolesgarriarekin. 

Egia esan, nik esango nuke umore uneak ez direla ugariak Igor Calongeren lanetan, baina dena den, nik uste dut kasu honetan ia jokoz kanpo utzi gaituzten irudi horiek haren barne mundura egindako bidaia baten parte izan direla, eta jarraian etorri diren pasarte nahasiek geure artega, barne-gatazka eta bilaketa antzuen irudikapena izan daitezkeela. Soinu bandan ere igarri da horrelako zerbait, in crescendo zihoan musika elektroniko inguratzailea moztua izan delako noizean behin Brasilgo samba, forró eta beste erritmo zoro batzuen bidez.

Hala ere, une batetik aurrera denak hartu du forma koherentea, lau dantzariak agertokitik bueltaka zihoazela batak besteari beso batetik heldu eta behegainetik arrastaka eraman duenean, denen arteko alternantzia etengabean eta besarkada birakari laburrak han-hemenka tartekatuta. Biraka ibiltze horrek ez zirudien antolatua, eta agian horregatik iruditu zaigu hain kosmikoa, hain gure galaxiaren erakoa, non kaosak eta noizbehinkako errepikapenek edertasun gaindiezina sortzen duten ezinbestean. Pasarte zoragarri horretan jaso dugu benetako dantzak soilik eman ahal digun denbora hipnotiko haietariko bat, koreografoaren inspirazioari eta dantzarien prestakuntza eta sakrifizioari esker.

Geroago bi emakumeek zorutik egindako eboluzio paraleloek eta bi gizonek elkarren pisuari aldizka eusteko ahaleginek bete dute gure gogoa, eta dena ohiko dantzaren parametroetara zihoala uste izan dugunean, hara non bi emakume klonikoren agerpen artegagarriak misterio eta enigma betean utzi gaituen, agian haietariko bat gizonezko izateagatik, biek femme fatale itxura perfektua hartu duten arren.

Hortik aurrera, hasierako anabasa pasarteetara itzuli gara aldi labur batez, eta amaierako koadroan itsuaren makilak gidatu du taldea bazter batean ahaztua zegoen aingeru baten luma abandonatu baterantz, esangura subliminaleko koadro ordainezin batean. Mila esker, Calonge, irudi eta metafora horiekin gure izpiritu pobretuak hain eskuzabal elikatzeagatik.

Dokumentuaren akzioak