Bigarren azala du dantza Luix Alberdi Beltzak (Aizpurutxo, 1966). Etxean eta etxekoen jatetxeko bezeroen giroan murgilduta hasi zen hankak astintzen, eta ez da gelditu harrezkero. 30 urtetik gora dantzari aritua, taldean zein bikoteka eta txapelketetan, duela berrogei urte ekin zion dantza eskolak emateari, eta horretan jarraitzen du. Orain, gainera, lehen aldiz, dantza irakaslearena bihurtu zaio lanbide bakar.
Aizpurutxon sortua zara, baina ez zenuen denbora asko egin han, ezta?
Aizpurutxon jaiotakoa naiz, bai, Beheko tabernan, Itziar taberna-jatetxean. Aita-amak Aizpurutxokoak dira, aita Bikuinetakoa eta ama Etxebeltzekoa, eta hiru anai-arreba zaharrenak ere bai. 11 hilabete nituela joan ginen Landetara bizitzera, Azpeitira; orain Mendizabal taberna den horretan ireki zuten gurasoek jatetxea, Santio egun batean. Han egon ginen nik 10 urte nituen arte. Soinujole mordoa elkartzen zen Landetako jatetxean asteburuetan: Martirietakoak, Urrategikoak... inguruko denak. Gaur egun gutxituta dago ohitura, baina garai hartan, ezkontzetatik bueltan afaltzera joaten zen jende guztia. Kristoren kuadrillak elkartzen ziren, eta kristoren erromeriak egiten ziren.
Han ikasi al zenuen dantzan?
Han ibiltzen ginen gu, jendearekin batera korroan sartuta. Horrez gain, Koro arreba eta biok jo eta ke aritzen ginen dantzan, goiko jantoki zaharrean tokadiskoa jarrita, geure kasa. Txiki-txikitatik datorkigu zaletasuna. Gainera, gure familian, aita-amak zein izeba-osabak, denak izan dira erromeria zaleak. 7-8 urte nituela, Itsasin hasi nintzen, eta talde horretan ibili nintzen 15 urtera arte. Jendeak pentsatzen du Sahatsan hasitakoa naizela, baina ez, Itsasin hasi nintzen.
Dantza suelto txapelketetan ibilbide luzea osatu zenuen. Noiz eta nolatan hasi zinen?
9 urterekin hasi nintzen txapelketetan parte hartzen. Itsasin hasi berri samarra nintzela, Maltzeta aita-alabak etorri ziren egun batean gurera, Juanito eta Mari Karmen Garate. Dantzarako grina nuela ikusita, txapelketako pausoak ikastea nahi al nuen galdetu zidan Juanitok; eta nik baietz, gustatuko litzaidakeela. Horrela, Juanitorekin hasi ginen, Mari Karmen eta biok, lehendabizi Osintxura eta gero Soraluzera, dantza sueltoa ikastera joaten.
Han al zeuden irakasleak?
Juantxo Urbietarekin hasi ginen, Bergarako alkate izandakoarekin. Astean bitan joaten ginen, astearteetan eta ostegunetan, lehendabizi Osintxura eta ondoren Soraluzera. Mari Karmen eta ni hasi ginen, eta gero baita nire arreba Koro eta Kepa Alberdi ere. Pare bat urte egin genituen hara joanez, eta gero, Azpeitian gelditzen hasi ginen. Mari Karmenek 13 egin zituenean, Hondarribira joan ziren bizitzera, eta bikoterik gabe gelditu nintzen. Itsasiko taldekide batekin hasi nintzen orduan, Nekane Arrietarekin. Itsasin, Mikel [Larrañaga] Enbortxok eta Begoñak [Aizpuru] irakasten ziguten, baina dantza sueltoan Maritxo [Unanue] Muxugorrik erakusten zigun; haren etxera joaten ginen entseatzera Nekane eta biok. Izan ere, 15 urterekin utzi nuen Itsasi, baina sueltoko txapelketetan jarraitu egin genuen. Nekanek utzi egin zuen dantza unibertsitatera hasi zenean, eta orduan, 17 urte nituela, arrebarekin hasi nintzen helduen txapelketetan lehiatzen. Kororekin pare bat-hiru urte egin nituen; lesio bat tarteko dantza utzi beharra izan zuen arrebak. Orduan hasi nintzen dantzan Egurbideko Ainhoa Egañarekin, baina hark ere ikasketak tarteko utzi egin zuen, eta Mirentxu Arizmendirekin jarraitu nuen. Harekin beste hiru bat urte egin ondoren, Idoia Azkoitia Albitxurirekin hasi nintzen, eta hura izan zen dantza suelto txapelketetako nire azken bikotekidea.
9 urterekin hasi zinenetik, sei bikotekide aipatu dituzu. Noiz arte jarraitu zenuen dantza suelto txapelketetan?
40 urterekin lehiatu nintzen azken aldiz Segurako txapelketan. Dantza nire bizitzaren zati garrantzitsua izan da betitik. Dantzak asko eman dit, eta asko ematen ari zait.
"Dantza nire bizitzaren zati garrantzitsua izan da betitik, asko eman dit eta ematen dit"
Sahatsa dantza taldean ere ibilbide luzea egin zenuen.
18 urterekin hasi nintzen Sahatsan. Garai hartan, Juan Mari Sorazuk erakusten zigun dantza sueltoko txapelketetan aritzeko. Belen Sagarzazu, Ixaak Agirre... harekin ibiltzen ginen. Urte hartan, lehen aldiz, Amaia ezpata dantza egin behar zuen Sahatsak sanandresetan, eta mutilak falta zituzten, hemezortzi behar zituzten eta. Horregatik etorri ziren txapelketetarako trebatzen ibiltzen ginenon bila, pare bat hilabetez lagunduko al genien eskatuz; Sorazu bera Sahatsako txistularia zen. Ixaak eta biok hasi ginen, printzipioz, dantza hori egiteko bakarrik. Gustatu egin zitzaidan taldean zegoen giroa, eta bertan gelditu nintzen. Bietan jarraitu nuen, dantza sueltoan eta Sahatsan, eta batera utzi nituen biak, Sahatsan ere 40 urte nituen arte jarraitu bainuen.
Dantzari jarduna eta dantza irakasle lana tartekatu zenituen hainbat urtetan. Nola hasi zinen eskolak ematen?
Azpeitian, garai hartan, dantza taldeak zeuden, Itsasi eta Sahatsa, baina zehazki txapelketetara zuzenduta aritzen zen inor ez zegoen. Neu hasi nintzen, baina halabeharrez bezala. Auzoko bi neskari fandangoa, arin-arina eta aurreskua irakasten hasi nintzen, eta gure etxeko sukaldean aritzen ginen! La Milagrosa ikastetxekoak ziren bi neskak; Gabon inguruan ikastetxean egin zuten jaialdian dantza egin zuten biek, eta jendeari gustatu. Non ikasi zuten galdezka hasi zitzaizkien, eta horrela, guraso batzuk etorri zitzaizkidan, ematen nituen eskoletaz galdezka. Esan nien lagun gisa ematen nizkiela klaseak, besterik gabe, ez neukala ez lokalik, ez ezer. Baina hasierako guraso haiek nahi zuten seme-alabek dantzak ikastea, eta nahi baldin bazuten erakutsiko niela esan nien. Orduan, sukaldea utzi eta geure tabernako biltegira pasatu nintzen; han prestatu nuen txoko bat, eta bertan hasi nintzen dantza eskolak ematen.
"Gaur egun ikasle ditudan askoren gurasoak nire ikasle izandakoak dira"
Ahoz ahokoaren poderioz izan zela esan daiteke, aldez aurretik hartutako erabakiz baino?
Ahoz ahokoaren poderioz eta denak auzoko jendea ginelako, ezagunak. Horrelaxe hasi nintzen dantzak irakasten. Ikasle taldea handitzen joan ahala, sueltoaz gain beste dantza batzuk ere erakusten hasi nintzen, eta 17 urterekin, lokal bat hartu nuen Sanjuandegin, eskolak emateko.
Eta, ikasturte honetan, Azpeitiko Dantza Suelto Eskolak 40 urte bete ditu. Bada zerbait.
Bada, bai, urte asko pasatu dira. Umeei erakusten gustura ibiltzen naiz, bizipoza ematen didate. Bai lehen, bai orain, beti erronkak jartzen dizkiet ikasleei: "Dantza hau ikasten baduzue, halako lekutan egingo dugu", eta horrelakoak. Haien motibazioa mantentzeko era bat da. Ikasturte honetan, Juan Antxieta musika eskolak eta nire eskolak, biek, betetzen dituzte 40 urte; datorren urterako ari gara prestatzen ekintza berezi batzuk, eta, besteak beste, Dantzari Txiki Eguna antolatu nahi dugu Azpeitian.
"Gero eta mutil gutxiago ikusten dira taldeetan, eta hori igartzen da txapelketetan"
Urte hauetan guztietan, zenbat haur pasatu dira zure eskolatik? Gordeta al daukazu datu hori?
Puf! Ezingo nuke esan, baina mordoa izan dira, zientoka. Gaur egun eskolan ditudan askoren gurasoak nire ikasle izandakoak dira, eta hori ez da fenomeno berria niretzat, azken hamar urtetatik hona gertatzen ari zaidana baizik. Gaur egungo ikasleei esaten diedanean beren ama edo aita ere dantza eskolan nirekin ibili zirela, harrituta begiratu eta galdetzen didate: "Zenbat urte dauzkazu, ba?" [barrez]. Harritzen dituen beste gauza bat da dantzako irakaslea gizonezkoa izatea. 5-6 urteko ikasleei atentzioa ematen die horrek, pentsatzen dute neska bat izan behar dela irakasten diena; eta gero ohitzen badira ere, hasieran pixka bat atzeratu egiten dira irakaslea mutila dela ikusten dutenean.
Eta hori?
Egia da garai batean oso ohikoa zela dantzak erakusten aritzen zirenak gizonak izatea. Baina egia da, baita ere, mutilei gizonek eta neskei emakumeek erakusteko joera egon izan dela. Azkoitian, Belen Sagarzazu egundoko lana egindakoa da, eta aurretik beste horrenbeste egina zen haren aita, Julen Txiki; Azkoitiko dantzarien erdiak haien eskuetatik pasatutakoak direla esan daiteke, baina esango nuke Belen gehiago aritzen zela neskekin, eta Julen Txiki mutilekin. Azpeitian ere emakumeak ziren erakusleetako asko Itsasin; lehen aipatu ditudan Mikelez, Begoñaz eta Maritxoz gain, Mailo Goenaga ere ibiltzen zen dantza irakasle. Eta normalean, Mikel ibiltzen zen mutilei irakasten, eta irakasle emakumeak, berriz, neskei.
Ez al da deigarria gaur egungo haurrak dantza irakaslea gizona delako harritzea? Dantza emakumeekin lotzen al da?
Bai. Gero eta mutil gutxiago ikusten dira dantza taldeetan, eta suelto txapelketetan ere igartzen da hori. Gure garaian, 30 bikote inguru lehiatzen ginen dantza txapelketetan; aurten, Segurako txapelketan, bederatzi bikote aritu ziren, bederatzi besterik ez, eta horietatik bost Azpeitiko eskolakoak ziren. Azaroko azken asteburuan, txikien mailako Euskadiko Txapelketa izan genuen Bergaran, 11 bikotek eman zuten izena, eta horietatik zazpi ziren Azpeitikoak; beste hiru bikote Lezokoak ziren, eta bat Oiartzungoa. Azkoitikorik ez, Azkoitia izan denarekin. Idoiarekin bikotea osatu nuen garaian, Azkoitia ordezkatzen genuen guk; Belen Sagarzazuk bikote pila bat atera zituen, eta punta-puntakoak, gainera. Egun gertatzen denaren kontra, garai hartan Azpeitian ez zegoen txapelketetan aritzen zen bikoterik. Urteak dira Azkoitia ordezkatuz bikoterik ez dela irten.
Ikasturte honetan zenbat ikasle dituzu?
Taldean, 58 bat, eta horiez gain, txapelketetarako zazpi bikote; txapelketetan aritzen direnak ere aritzen dira taldean, baina horiek aparte kontatzen ditut. Beraz, guztira 72 bat ikasle dabiltza ikasturte honetan eskolan. Asko direla esan al daiteke? Bai, asko dira. Eskolarekin hasi nintzenean, astean bitan ematen nituen klaseak. Orain, berriz, astelehenetik ostiralera egunero ematen ditut eskolak Azpeitian, eta zapatuetan Errezilera joaten naiz. Duela hamar bat urte hasi nintzen Errezilen klaseak ematen. Hasieran, hiru hilabeterako eman nuen hitza, baina gaur arte.
"Ez daukate zerikusirik taldean aritzeak eta txapelketetan bikotean aritzeak"
Klase guztiak zuk ematen dituzu ala badaukazu laguntzaileren bat?
Errezilen neuk bakarrik ematen dut klasea, baina Azpeitian laguntzaileak izan ditut beti. Hasieretan, ikasle kopurua hazten zihoala ikusi nuenean, Koro arrebak eta biok ematen genituen eskolak. Soldadutzara joatea tokatu zitzaidanean, Koro bakarrik geldituko zela ikusita, Miren Arizmendiri eskatu nion arrebari laguntzeko. Soldadutzatik itzuli nintzenean, Korok eta biok jarraitu genuen eskolan, arrebak lesioa izan zuen arte. Orduan, neure ikasle izandakoa zen eta Sahatsan zebilen Saioa Arizmendik hartu zuen arrebaren tokia. Ondoren, Maite Bereziartuarekin, Irati Arangurenekin eta Maider Arrietarekin ibili nintzen, eta, gaur egun, Jone Arriaran eta biok gabiltza eskolan. Laguntzaile bat edo bi izan ditut beti, eta aspaldiko urteetan denak izan dira neure ikasle izandakoak eta ondoren Sahatsara pasatutakoak. Taldeko saioak emateko behar izan dut laguntza, txapelketetan ibiltzen diren bikoteekin neu bakarrik aritzen naiz.
Azpeitiko Dantza Eskolan herri desberdinetako ikasleak elkartzen dira. Nondik joaten zaizkizu ikasleak?
Ibili izan dira edota ibiltzen dira Azpeitikoak, Azkoitikoak, Zestoakoak, Errezilgoak, Legazpikoak, Beasaingoak, Zarauzkoak eta Donostiakoak. Galdetu izan didate zer egiten dudan eskolak horrelako onarpena eta horrenbeste ikasle izateko, eta erantzun bera ematen dut beti: orduak sartu. Eta uste dut hori falta dela egun. Txapelketetarako irakasleak falta dira, eta hori antzeman egiten da. Inork ez daki urtean zehar zenbat ordu sartu behar izaten diren txapelketetan aritzeko. Txapelketa gogorra da, oso gogorra. Beti esaten diet hasten diren bikoteei: "Probatu egingo dugu, eta gustatzen bazaizue, jarraitu". Zerikusirik ez dauka dantzan taldean aritzeak eta txapelketetan bikotean aritzeak. Dantzan zoragarri jakin arren, denek ez dute ondo eramaten jendaurrean aritzea. Taldean erosoagoa da, baina bikoteka... Jakin egin behar da begirada guztiak zugan jarrita egotea eramaten, eta ez da erraza. Batzuk asko sufritzen dute, eta horrela ibiltzeak ez du merezi. Dantza gozatzeko da. Dantza ez da dantzan egitea eta kito. Eta espresioa? Espresioa ehuneko berrogeita hamarra da. Teknikoki onena izan zaitezke, baina niri, aurpegiak ez badit ezer adierazten, edo tentsioa adierazten badit... Sufrimendu hitza ez dut erabiliko, baina gaizki pasatzen dut nire ikasleak lehiatzen ikusterakoan; bikote asko dauzkat, eta luze egiten zaizkit txapelketak. Nahiago neuk dantzan egitea, besteak hor ikustea baino. Irakasle zorrotza naiz, baina txapelketa bat bukatu berritan sekula ez dizkiet akatsak-eta aurpegiratzen ikasleei, ez dira ez unea, ez modua; eskolara itzulitakoan esango dizkiet zuzendu beharrekoak, baina modu eraikitzailean.
"Teknikoki onena izan zaitezke, baina niri aurpegiak ez badit ezer adierazten..."
Zuek ibiltzen zineten garaitik asko jaitsi da parte hartzea txapelketetan. Irakasleenaz gain, ba al dago beste arrazoirik?
Ikasleek gero eta gazteago uzten dute dantza, eta hori eskolaz kanpoko ekintzengatik dela uste dut. Beti egon izan dira eskolaz kanpoko aktibitateak, baina gaur egun aukera are zabalagoa da. Musika eskola, ingelesa edo frantsesa, pilota, saskibaloia, futbola... kirol guztiak. Azpeitian, futbolak eta saskibaloiak betidanik izan dute indar handia; pilotak, garai batean ez horrenbeste, baina gaur egun, bai. Dantzak ere eskolaz kanpoko eskaintza zabal horren barruan kokatzen dira, baina jendearen joera da dantza neskena dela pentsatzea. Nire eskolatik pasatu dira Lagun Onaken, Anaitasunan edota Realean ibilitako jokalariak, futbolari oso onak izandakoak; eta saskibaloian oso ondo moldatzen ziren Iraurgiko jokalariak ere bai. Esan nahi dut, dantzan ibilitako jendea kirolean ere oso-oso ona izan dela. Ez diot nik, entrenatzaileek esan izan dute. Dantza terapia bat ere badela uste dut nik, eta masajistek esaten dute dantza dela kirolik osoena; ehun metro lauekin alderatzen dute batzuek. Dantzan hankak eta eskuak mugitzen dituzu, eta gainera, burua ere lantzen duzu; koreografiak ikasteko, lan handia egin behar duzu buruarekin, denbora tarte txikian aldaketa asko daudelako, eta sarritan, segundo bat besterik ez duzu hurrengo mugimenduaz akordatzeko eta hura gauzatzeko. Oso terapeutikoa da dantza. Ume zein heldu, badago ezkerra eta eskuina bereizteko zailtasunak dituen jendea, eta dantzan hasitakoan ikasten dute ondo bereizten. Guztia kontuan hartuta, dantzak gorputz hezkuntzan sartu beharko lituzketela iruditzen zait.
"Zorrotza naiz, baina ikasleei sekula ez dizkiet akatsak lehia bukatu berritan aurpegiratzen"
Helduei ere irakasten dizkiezu euskal dantzak. Zer moduz?
Oso gustura. Egundoko hartu-emana daukagu, eta oso esperientzia politak bizi izan ditugu. Duela sei urte, esaterako, Argentinan izan ginen, Necoechean, eta batere espero ez genuela, egundoko arrakasta izan zuen gure emanaldiak. Negarrez bukatu genuen agertokian, hunkituta, jende guztia zutik guri txaloka ikusita. Azpeitian eta Zestoan ere urtero egiten ditugu emanaldiak, Napar Zuzterrak taldekoekin. Ikasberriko gurasoei dantzak ematen hasi nintzen ikastolaren eraikina eraikitzen hasi baino bi urte lehenago. Hasieran egundoko ibilerak egin genituen, ikastola banatu berriko garaiak ziren. 28 urte joango ziren honezkero, eta gaur egun ere jarraitzen dut. Hasierakoak uzten joan ziren, beste batzuk sartzen joan dira, Ikasberrikoak eta Ikasberrikoak ez direnak. Orain mutxikoak erakusten dizkiet, gehienbat. Astelehen eta asteazken iluntzetan elkartzen gara, eta une honetan 20-21 lagun dabiltza taldean. Aurten guraso gazte batzuk hasi dira, baina gehienak 60 urtetik gorakoak dira. Askok esaten didate terapia bat dela berentzat, bururako zein gorputzerako.
Inoiz pasatu al zaizu burutik dantza uztea?
Ez. Beti esan izan dut hankak ondo dauzkadan bitartean dantza eskolak ematen segituko dudala, hori argi daukat. Alde batetik, gaur egun nire ogibidea delako; eta bestetik, poz asko ematen dizkidalako. Amorruak ere ematen dizkit, baina pozak gehiago dira, zalantzarik gabe.