Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Luis Alberdi: "Gaur egun, dantza sueltoko bikote gehien Azpeitian dugu"

Dokumentuaren akzioak

Luis Alberdi: "Gaur egun, dantza sueltoko bikote gehien Azpeitian dugu"

Aurten 25 urte beteko ditu Luis Alberdik dantza erakusten

Egilea
Nerea Uranga
Komunikabidea
Urola Kostako Hitza
Tokia
Azpeitia
Mota
Elkarrizketa
Data
2006/09/08
Nolatan hasi zinen dantzan?

.6-7 urte nituela Itsasin hasi nintzen, eta gero Osintxura joaten nintzen dantza sueltoan ikastera. Maltzeta aita-alabak trikitilarietako pandero-jotzailea izan zen dantzako nire lehen bikotekidea, Mari Carmen Garate. Urte piloan ibili eta txapelketatan parte hartzen hasi ginen, lehen txapelketan zortzi urterekin atera nintzen. Txapelketetarako bikotekide asko izan ditut; Nekane Arrietarekin Gipuzkoako Txapeldun gelditu nintzen. 31 urterekin txapelketak utzi egin nituen, orduan Ana Azkoitia nuen bikotekidea.

Gero dantzan erakusten hasi zinen, eta aurten horretan 25 urte beteko dituzu.

Bai, halaxe da. 16 urterekin hasi nintzen dantzan erakusten. Etxepeko bi neska-koskorri erakusten hasi nintzen, Ongi Etorri tabernako sukaldean. Gero, beste batzuk ere etorri ziren dantza ikastera, eta tabernako biltegira pasatu ginen. Ikasle taldea handitu egin zen, eta lokal bat hartu nuen alokairuan. Joan den ikasturtean 115-120 ikasle izan nituen.

Horrek orduak eta orduak eskatzen ditu, ezta?

Bai, halaxe da. Gu ikasle kopuru aldetik ondo ibili gara beti, baina laguntza gutxi jaso dugu. Udalak azken sei urteotan eman digu diru laguntza, eta materiala ere utzi egin izan digute beste dantza talde batzuek (Sahatsak, Floreagak, Mollarri dantza taldeak...). Orain, Betharrametan lokal bat utzi digute eta alokairurik ordaindu behar ez dugunez dantzarako materiala lortzeko erraztasun gehiago izango dugu. Aurten, gainera, Juan Antxieta Musika Eskolarekin elkarlanean ariko gara.

Gaur egun dantza sueltoa eta taldekako dantzak erakusten aritzen zara. Zenbat dantza sueltoko bikoteri erakusten diezu?

Sei bikoteri, Euskal Herri mailan dantza sueltoko txapelketetan ibiltzen diren bikote gehien Azpeitian dugu. Beste herrietan bat eta bi daude. Nik 5 urtetik 16 urtera bitarteko ikasleak ditut.

Dantza sueltoko txapelketak asko aldatu al dira?

Bai, bai. Asko. Bai janzkera aldetik eta baita giro aldetik ere. Gaur egun lehiakortsaun handia dago dantzarien artean. Lehen ere lehia bazegoen, baina lagunarteko giroa gehiago zegoen. Gaur egun, askotan bikotekideen artean ere arazoak ikusten dira. Guk, txapelketetan Azpeitia izena asko zabaldu dugu Euskal Herri mailan. Aurten dantza suelto txapelketak azpeitiarrek salbatu dituzte. Txapelketak galtzen doaz, eta galdu egingo dira. Gu txapelketetan ibiltzen ginenean 28 eta 30 bikote ibiltzen ginen, eta aurten Euskal Herriko txapelketan 14 bikotek parte hartu dute eta Gipuzkoakoan bederatzik, horietatik lau bikote azpeitiarrak izan dira.

Zeuk beste dantza batzuk ikasteko tentaziorik izan al duzu?

Bai. Salsa eta merengea eta flamenkoa dantza garaikidearekin nahastuta ikasteko tentazioa beti izan dut, eta oraindik ere igoal hasi egingo naiz. Baina taberna, ikasketak, tailerra eta gero dantzan erakusten eta entseguetan... Astirik ez dut eduki.

Dokumentuaren akzioak