Dokumentuaren akzioak
Lubakietako lokatzetatik antzokien sofistikaziora
1936ko kultur etena (IV). Erbestea
Lurrik gabeko lurralde bateko lehendakaria zen ordurako Jose Antonio Agirre. Galdua zuen gerra, eta Santanderren zegoen babes hartuta. Baina, galera eta etsipen haren guztiaren erdian, beste inork entzun ez zezakeen sinfonia bat igarri, eta enkargu ofiziala egin zion Gabriel Olaizola kantari famatu eta Donostiako Abesbatzako zuzendariari 1937ko abuztuaren 22an. «Eskutitz hau daramanak Euskal Koru Nazionala sortzeko misio ofizial artistiko garrantzitsua darama, eta Europako eta Amerikako lehen mailako antzokirik garrantzitsuenetan lehen mailako emanaldiak eskaini ahal izateko gai izango diren ahotsik preziatuenak bildu eta talde perfektua osatuko du». Une horretan sortu zen Eresoinka. Lehendakariak antzokien sofistikaziora eraman zuen lubakietako lokatzetan galdutako gerra.
«Euskal kultur enbaxada». Izendapen horrekin deskribatu zuen Eresoinka Jose Antonio Arana Martija ikerlariak gaiari eskainitako liburuan, eta balio dezake izendapen horrek proiektuak izan zuen garrantzia azaltzeko.
Izan, euskal artista errefuxiatuen talde garrantzitsu batek osatutako talde artistiko bat zen, baina argia zen haren propaganda asmoa: Francoren basakeriak suntsitutako herri kultu bat aurkeztu nahi zion taldeak Europari. Manuel de la Sotak egin zituen ekoizle lanak, eta lehen lerroko artistak bildu zituzten Olaizolaren eta bere artean: Pepita Enbil abeslaria, Jose Uruñuela eta Jose Olaizola musikariak, gerora Luis Mariano izenez ezagun bilakatuko zen Mariano Gonzalez Garcia abeslaria, Jose Maria Uzelai eta Antonio Gezala artistak... 110 artistako taldea, guztira.
«Artearekin gerra egitea; hori izan zen gure egitekoa». Esaldi bakarrean laburbildu zion taldearen misioa Inazita Olaizola soprano ohiak Esti Urresola zinema zuzendariari. Eresoinkan aritutako jendearen lekukotzak bildu zituen zinemagileak Paperezko ahotsak dokumentalean, eta Olaizolarena da haietariko bat. Saran hasi zituzten entseguak, eta hiru hilabete eta erdiren ostean egin zuten estreinaldia, Parisko Pleyel antzokian. Ehun emanaldi baino gehiago gero: Brusela, Londres, Amsterdam, Brujas...
Gudan galdu, kulturan irabazi
Bakana da Eresoinkaren kasua Philippe Regnier ikerlariaren hitzetan. Paperezko ahotsak dokumentalean eman zuen azalpena: «Historian ez dago arteen bidez borrokatzea erabaki duen beste ezein ordezkari politikoren adibiderik. Euskal Herriak gudu zelaian gerra galdu zuenean, bera ziur zen guda irabaz zezakeela kulturaren bidez».
Hiru urteren buruan amaitu zen abentura. «Eresoinkak bete du bere misioa». Eskutitz sentitua idatzi zion 1939ko abenduaren 4an Agirrek Eresoinka gidatu zuen Olaizolari, eta esker hitzen artean aitortza bat ere igar daiteke lerro artean: galduta dago guztia. «Probidentziak hala nahita, hamaika bidez egin da ezagun Euskadiren izena, tartean baita artearen bidez ere. Eta probidentziak nahiko du ?horretaz ziur egon gaitezke? gure kausaren justizia garaile ateratzea, eta tiraniak etendako gure herriaren bizitza artearen eta gainontzeko ekintza nazional guztien bidez berrartzea».
Dokumentuaren akzioak