Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Lorrenako Balletak Forsythe, Petronio eta Robberen lanak emango ditu gaur Bilbon

Dokumentuaren akzioak

Lorrenako Balletak Forsythe, Petronio eta Robberen lanak emango ditu gaur Bilbon

Frantziako konpainia ezaguna Dantzaldia jaialdiaren egitarauaren barruan izango da Euskalduna jauregian

Egilea
Irune Berro
Komunikabidea
Berria
Tokia
Bilbo
Mota
Albistea
Data
2009/05/03

Frantziako ballet entzutetsuak hiru pieza eskainiko ditu, beste horrenbeste koreograforenak: William Forsytheren Steptext, Stephen Petronioren Brokenman eta Herve Robberen Les ombres d'une guerre sans nom.

Forsytheren pieza Gregory Beaumont, Mikael Conte, Fabio Dolce eta Nina Khokham dantzariek interpretatuko dute. Johann Sebastian Bachen doinuek markaturiko bideetatik dantzatuko dira. Alabaina, antzerkiak finkaturiko oinarriak gaindituko dituzte, egitura tradizionalari buelta emanez eta berau interpretatzeko kodeak birrinduz. Hutsetik abiatuko dira dantzariak eta suspense musikal, eszenografiko eta koreografikoetan mugituko dira, sendo eta ziur, narrazio trinkoa osatuz.

Bestalde, Stephen Petronioren Brokenman koreografia Lorrenako Balleteko dantzari bakar batek interpretatuko du: Dmitri Domojirovek. Dantzaria bat-batean igaroko da bihotza gelditzerainoko laztanetatik estutzerainoko mugimendu hautsietara. Mutur batetik bestera ariko da, beraz, Domojirov.

The New York Times kazetaren arabera, Brokenman piezak iradokitzen duen tristeziak eta bizitzari buruzko zalantzek gogora ekartzen dituzte irailaren 11ko erasoak, eta horiek sorturiko beldurra. Une batetik bestera egoera errotik alda daitekeela erakusten baitu Petronioren lanak.

Azkenik, Herve Robberen Les ombres d'une guerre sans nom askoren artean eskainiko dute. Alegia, Lorrenako Balleteko sei dantzarik: Agnes Boulanger, Mickael Conte, Justin Cumine, Valerie Ly-Cuong, Dmitri Domojirov eta Laure Lescoffyk. Pieza berria da Les ombres d'une guerre sans nom; iragan otsailean estreinatu zuen Robbek. Koreografo frantziarraren iritziz, «basakeriaren atarikoa erretorika eruditua praktikatzen den gunea da, eta espazio horretan aurrez iragarritako tragedia baten zauriak markaturik dituzten heroien gorputzak ageri dira». Ideia horretatik tiraka osatu du Robbek Lorrenako Balletak Bilbon aurkeztuko duen obra.

Polaroiskaren lan berritzailea

Euskal Herriko zenbait koreografok sortutako Polaroiska taldearen obra misteriotsuarekin egingo du aurrera Dantzaldiak hurrengo asteburuan. Alaitz Arenzana, Maria Ibarretxe, Jorge Lastra eta Izaskun Santamariak osatzen dute taldea, eta Natxo Montero, Arrate Etxebarria eta Amaia Pascualekin emango dute Animalia, topaketa eta autopistei buruzko oharrak lana hilaren 8an, 9an eta 10ean. Zein tokitan eskainiko duten ez dute aurreratu, ikusleak ezin du-eta azkenera arte jakin. Parte hartu nahi dutenek www.dantzaldia.org webgunean eman behar dute izena.

Dokumentuaren akzioak