Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Loraldia jaialdiak 28 emanaldi antolatu ditu, martxoaren 1etik 23ra

Dokumentuaren akzioak

Loraldia jaialdiak 28 emanaldi antolatu ditu, martxoaren 1etik 23ra

Kirmen Uribe, Jon Sarasua, Lorea Agirre, Miren Narbaiza, Neomak, Toti Martinez de Lezea, Mikel Urdangarin, Nerea Arrien, Jon Maia, Rafa Rueda eta Patxo Telleria izango dira, besteak beste, parte-hartzaileak.
Komunikabidea
Gaztezulo
Tokia
Bilbo
Mota
Albistea
Data
2024/02/15
Lotura
Gaztezulo

 Loraldia jaialdiak 28 emanaldi antolatu ditu, martxoaren 1etik 23ra

Loraldia jaialdiaren hamargarren edizioak Munduari begiratzeko modu bat izango du leloa eta euskal kulturako 120 sortzailek parte hartuko dute. Martxoaren 1ean hasi eta 23ra bitarte, antzerkia, bertsolaritza, musika, literatura, eta ikus-entzunezkoen alorreko eta diziplinak ere euren artean nahastuko dituzten hogeita zortzi emanaldi izango dira.

Aurtengo leloak, Munduari begiratzeko modu bat, Kirmen Uribek idatzitako poema bati egiten dio erreferentzia. Hain zuzen ere,  Munduari begiratzeko ikuskizuna eskainiko dute Kirmen Uribek, MIkel Urdangarinek, Rafa Ruedak, Bingen Mendizabalek eta Mikel Valverdek, duela hogei urte sortutako proiektuaren hariari jarraituz.

Loraldiak ematen duen Sormen Digitala bekaren emaitza ere ikusi ahal izango da. 2022ko bekaren onuradunek mundu digitala analogikoarekin lotzen duen Gorputzaren atzean aurkeztuko dute. Dantza eta ikus-entzunezkoak uztartzen dituen antzezlana da, Katixa Agirreren gidoia duena.

Jaialdiak edizio honetarako berariaz sortutako proiektuak ere izango dira. Natura eta kultura nahasten dituen Goroldirik ez. Andreak eraztun berdean izango da horietako bat. Mendian barrena gidatutako ibilbide horretan, Bilboko zenbait emakumeren bizitzak ezagutzeko aukera egongo da. Irati Agirreazkuenaga izango da gidaria, eta Miruak eta Jatorki abesbatza taldeen musika entzun ahal izango da.

Literatura, musika eta bertsolaritza lotuko dituen Bihar, Atzo, Gaur, Bihar ere estreinatuko dute jaialdian. Etorkizunari buruz hausnartzeko testua sortu du Iban Zalduak, eta Ibil Bediren musika eta Miren Artetxe eta Alaia Martinen bertsoak izango dira, Amaia Agirreren gidaritzapean. 

Patxo Telleriak Ai gure juaneteak! estreinatuko du martxoaren 15ean. Mikel Laboaren zenbait kanten berrinterpretazioak izango dira eta horrekin batera, Adrian Garcia de los Ojos eta Maider Lopez arituko dira oholtzan. 

Neomak, Jean Mixel Bedaxagar eta Jon Maiaren kontzertuak ere izango dira. Josune Mendizabalen eta Ane Gebararen eta Aitor Vinagreten antzerki pieza txikiez gozatu ahal izango da, Artxibo Biluzia obraz, Bilaka kolektiboaren Mitologia Txikiak eta Harrobi dantza konpainiaren Geure(R)a ikuskizunez, zein Oihana Iguaran eta  Amaiur Luluagaren AMAraun emanaldiaz. 

Gogoetarako eta literaturako tartea
Euskararen etorkizunaren inguruko gogoetak egingo dituzte Euskara Bihar izeneko hiru hitzalditan. Jon Sarasuak, Xan Airek eta Gartzen Garaio Atxurrak gure hizkuntzaren etorkizuna, hizkuntzak dauzkan eta izango dituen erronkez, Iparraldearen eta Arabaren egoeraz… hausnartuko dute.

Bestetik, Uxue Alberdik eta Begoña Durrutyk ahozko ipuin, istorioa edota pasadizoak biltzen dituen Belarriko kilkerra liburua aurkeztuko dute.

Horretaz gain, Hiria Lokatzetan podcastaren zuzeneko emanaldia izango da. Hiriaz, naturaz, kontrolaz, turistez eta beste hamaika kontuz egingo dute gogoeta. Ainara Lasa. Amagoia Gurrutxaga, Idurre Eskisabel. Lorea Agirre, Miren Narbaiza, Miren Amuriza eta Lizar Begoña izango dira bertan, narrazioak, irudiak, bertsoak eta musika uztartuz.

Talentu gazteen topagunea
Loraldia Terminalaren barruan, sormen berriaren espazioan, hiru ekintza egongo dira: Itzal(iko) bagina; Doodem, Trigger; eta Sarri min ematen du akordatzeak. Lehena, bertsolaritzan oinarritutako antzezlana da eta oholtzan hiru pertsonaia izango dira: lehia, lotsa eta gorputza. Bertsotan komunikatuko dira, eta botere posizioaz, familiaz, osasun mentalaz… jardungo dute.

Bigarrena, musika emanaldia izango da eta biolontxeloa eta saxuaren laguntzaz, zazpi kanturen bidez, zazpi herrialdetatik igaroko dira ikus-entzuleak.

Azkenik, Batxilergo artistikoko ikasleekin elkarlanean gauzatutako Sarri min ematen du akordatzeak emanaldian, Joseba Sarrionandiaren mundu literarioan sartuko dira burubelarri, dantza, teatroa, poesia eta musika uztartuz.

Ekintza guzti hauek martxoaren 22ko arratsalde-iluntzean zehar izango dira Zorrotzaurre irlako La Terminalen.

 

Dokumentuaren akzioak