Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Loraldia Festibalak munduari begiratzeko modu bat erakutsiko du bere hamargarren urteurrenean

Dokumentuaren akzioak

Loraldia Festibalak munduari begiratzeko modu bat erakutsiko du bere hamargarren urteurrenean

Komunikabidea
Hiruka
Tokia
Bilbo
Mota
Albistea
Data
2024/02/26
Lotura
Hiruka
Loraldia Festibalaren aurkezpena. © LORALDIA

Martxoaren 1ean hasita, eta hilaren 23ra arte, euskarazko kulturaren bilgune nagusienak 28 ekintza antolatu ditu, euskal kulturaren adar guztiak ukituko dituztenak. Bilboko hainbat gune 120 artista baino gehiagoren ekitaldiez beteko dira martxoan zehar 13 espazio ezberdinetan.

"Munduari begiratzeko modu bat", horixe da Loraldia Festibaleko aurtengo edizioaren leloa. Lelo hori, Kirmen Uribek idatzitako poema batean jasoa, aurtengo festibalaren programazioan parte hartzen duen Munduari begiratzeko ikuskizunak eskainiko du, hain zuzen ere.

Aurtengo Loraldia Festibalak martxoko hiru astetan zehar euskaraz sortzen den kultura eskaintzaren munduko txoko guztien erakusleihoak herritarren aurrean jarriko ditu: bertsolaritza, teatroa, musika, zinea, dantza, ikus-entzunezkoak… 

Euskal kulturaren bilgunea izanda, euskal munduan erreferenteak diren hainbat izen aurkituko dira: Kirmen Uribe, Jon Sarasua, Lorea Agirre, Miren Narbaiza, Toti Martinez de Lezea, Mikel Urdangarin, Nerea Arrien, Jon Maia, Rafa Rueda eta Patxo Telleria, besteak beste; 120 sortzailetik gora, denera.

Gainera, Loraldia Festibala sortzaile gazteentzako gunea ere bada, eta, horregatik, Loraldia Terminalean zenbait artista emergente aurkituko dira: Araitz Katarain, Izaro Bilbao, Iñigo Xalbador, Janire Arrizabalaga, Amaiur Luluaga, Eñaut Zubizarreta,… 

Euskal kulturaren erakusleiho izateaz gain, Loraldia Festibala kulturaren eragile ere bada, eta horregatik, aurten ere, ekoizpen propioak diren edo Festibalerako propio sortu diren piezak izango dira.

2024 Festibalerako sortutako piezak

Urtero-urtero, Loraldiak euskal kulturan parte hartzen du Festibalerako produkzio propioak ekoiztuz. Gainera, sortzaile askok Loraldiaren agertokia erabiltzen dute beraien azkenengo obrak plazaratzeko.

Kulturaren sustatzaile den bezala, 2022. urtetik, Loraldiak Sormen Digitala Beka deitzen du, euskal sortzaile zein eragileei zuzendutako proiektu digital bat sortu eta ekoizteko laguntza. 2022ko bekaren irabazleen uzta aurten estreinatuko da: Gorputzaren atzean izeneko emanaldia, mundu digitala eta analogikoa bilduko dituena. Osagaiak, teatroa, dantza eta ikus-entzunezkoak. EHUko irakasle talde bat da eragilea, eta Katixa Agirrek idatzi du gidoia.

Obra 2050. urtean gertatzen da, eta etorkizun horretan pertsona guztiek biki digital bat izatea normaltzat jotzen da. Poluxek, protagonistak, bere biki digitalarekin (Xulop) konexioa galdu du. Xulopek datu asko galdu ditu, baina bere bizitzaren inguruko zenbait oroitzapen ditu oraindik. Martxoaren 3an, Azkuna Zentroan taularatuko dute.

Aurtengo festibaleko ediziorako espresuki sortu diren egitasmoak ere izango dira. Goroldirik ez. Andreak eraztun berdean, esaterako, da horietako bat. Natura eta kultura, gure identitatearen zutabeetako bi, uztartzen dituen proiektua da. Mendi ibilbide gidatu horretan, Bilboko hainbat emakumeren bizitzak ezagutzeko aukera eskainiko da, beti ere Bilboko mendi eta basoen ikuspegiez gozatuz. Irati Agirreazkuenaga izango dugu gidari, eta, tartean, musikaz gozatzeko aukera izango dugu, Miruak taldea eta Jatorki abesbatzaren eskutik. Martxoaren 16an izango dugu ibilaldi kultural honetaz gozatzeko aukera.

Bihar, Atzo, Gaur, Bihar ikuskaria ere 2024ko festibalean ikusiko da lehenengoz. Loraldia festibalak sortutako formatu horretako ikuskaria urtero antolatzen da, bertsolaritza, musika eta literatura uztartuz. Idazle bati eskatzen dio Loraldiak geroari begira jarri eta testu bat asmatzea; eta horren gainean musika sortu eta bertsolariak arituko dira. Martxoaren 17an, Guggenheim Museoko entzungelan, Iban Zalduak sortutako testua irakurriko du, Ibil bedik musika jarriko dio eta Miren Artetxe eta Alaia Martin arituko dira bertsotan, Amaia Agirreren gidaritzapean.

Musika

Aurtengo festibalak hasiera hasieratik izango du musikaren presentzia. Sustraien Matxinada ekitaldian, kasu, folklorea, jazza eta musika klasikoa uztartuko dira, eta literatura izango dute lagun. Tradizioa eta modernitatea elkartuko dira Bidebarrietako liburutegiko oholtzan, martxoaren 5ean, kulturaren XXI. mendeko ikuspegi berri bat bilatzeko. Lantalde apartak eskainiko du: Gorka Hermosa, Garikoitz Mendizabal, Toti Martinez de Lezea, Nerea Arrien eta Leire Bilbao.

Munduari Begiratzeko proiektuaren hazia duela 20 urte jaio zen New Yorken. Kirmen Uribek, MIkel Urdangarinek, Rafa Ruedak, Bingen Mendizabalek eta Mikel Valverdek euskal kultura eta euskara beste kontinente batera eraman zuten, eta euskal poesia, kantagintza, zinema, rock alternatiboa eta ilustrazioa mundura zabaldu zituzten. Bi hamarkada geroago, proiektu hori berreskuratu dute, mugarri bat izan zena, mugarri berriro izateko martxoaren 13an, Arriaga Antzokian. Sortzaileek ospakizun gisa bizi gura dute emanaldi hori eskaintzeko aukera. Hala, ekitaldia baino lehen, Ixiar Orejak gako interpretatiboak eskainiko ditu, Loraldiak antolatu duen ikusletegian. 

Egungo euskal musika taldeek ere euren tokia izango dute Loraldia Festibalean. Martxoaren 14an, Arriaga Antzokian, Loraldiako oholtzan Neomak taldearen sorginkeriaz betetako doinu hauskorrak entzungo dira. Gainera, kontzertua baino lehen, taldea hobeto ezagutzeko aukera egongo da Agurtzane Intxaurragak eskainiko duen ikusletegian.

Ai gure juaneteak! Patxo Telleriaren proposamen berria da eta Loraldia Festibalean estreinatuko du. Musika eta antzerkiaren nahasketaren emaitza da. Mikel Laboaren zenbait kanten berriz interpretatuko dira agertokian, "gure ondare emozionalaren ezinbesteko zatiak gaur egungo begiradatik ikusteko aukera izango dugu". Harekin batera izango dira Adrián Garcia de los Ojos eta Maider Lopez. Estreinaldi martxoaren 15ean izango da, ItsasMuseumean.

Hurrengo egunean, martxoaren 16an, eta leku berean ere, Jean Mixel Bedaxagar musikariak bere seigarren lana aurkeztuko digu: Erresiñula kantari. Idagoienean argitaratutako lan berri hori ezagutzeko aukera paregabea izango da, izan ere, Bedaxagarrek 30 urte daramatza bere artea fintzen: dantza, txirula eta kanta.

Jon Maiaren azkenengo lana, Kantu berri bat gara, 2021. urtean ateratako Kantu bat gara lanaren jarraipena da. Kasu honetan, berriak diren abestiak izango dira ekitaldi horren protagonista, nahiz eta beste zenbait abestiren bertsioak ere egongo diren. Gonbidatu bereziak ekarriko ditu Maiak. Kontzertu horretaz gozatzeko aukera izango da martxoaren 23an, Euskaldunan.

Literatura, berbaldiak eta gogoetak

Gogoeta egiteko eta pentsarazteko tartea ere izango da Loraldia Festibalean. "Euskara Bihar "berbaldi-saioak hirutan izango ditugu festibalean, euskararen etorkizunaren inguruko hiru gogoeta diferente. Jon Sarasuak, Xan Airek eta Gartzen Garaio Atxurrak gure hizkuntzaren etorkizuna, hizkuntzak dauzkan eta izango dituen erronkez, Iparralderen eta Arabaren egoeraz… hausnartu egingo dute hiru saiotan.

Etorkizunera adi egotea garrantzitsua da, baina nondik gatozen argi izateak bere inportantzia du. Askotan, istorioak, ipuinak, kontakizunak… literatura ahoz aho transmititu den zerbait izan da. Uxue Alberdik eta Begoña Durrutyk belarritik sartzen diren ipuin horiek liburu batean batu dituzte: Belarriko kilkerra. Liburu horren aurkezpena Loraldia Festibalaren barruan egingo da, martxoaren 7an, Elkar dendan.

Aurtengo esperientzia digitala Hiria Lokatzetan podcastaren zuzeneko emanaldia izango da. Podcastek izugarrizko gorakada izan dute azken urteotan, eta kultura garaikidearen parte bihurtu dira. Martxoaren 10ean, Lokatza podcastaren egileek hiriaz, naturaz, kontrolaz, turistez eta hamaika gai gehiagoren inguruan hausnartuko dute.

Goiz horretan Guggenheim  Museoaren entzungelako agertokian arituko dira Ainara Lasa, Amagoia Gurrutxaga, Idurre Eskisabel, Lorea Agirre, Miren Narbaiza, Miren Amuriza eta Lizar Begoña, narrazioak, irudiak, bertsoak eta musika uztartuz.

Dantza, zinema, teatroa

Dada ü Lala eta Arma Tiro Pum aurtengo festibalean estreinatuko diren bi teatro pieza txiki dira. Alde batetik Josune Mendizabalen eta Ane Gebararen umore absurdoa bueltan izango dugu oholtzetan, “dadaismoa” jorratzen duten bitartean. Eta, bestetik, Aitor Vinagret izango dugu foku azpian. Hitz gutxiko obra honetan haur bat patinetearekin jolasten dabil, munduko tokiren batean, eta ondoren…. Martxoaren 10ean, La Fundiciónen.

Artxibo Biluzia ekintza eszenikoa, dokumentua, performancea eta antzerkia lotzen dituen obra da. Bi aktore izango dira oholtzan, Joan Mari Torrealdairen kasuaren ikerketa abiatzen. Obra hasi baino lehen, ikusletegia izango dugu, kasu honetan, Lorea Agirreren eskutik. Emanaldia martxoaren 12an izango da, Arriaga Antzokian.

Iparraldeko dantza talderik nabarmenenetariko baten esfortzuaren fruitua da Bilaka kolektiboaren Mitologia Txikiak ikuskizuna. Euskal mitologia oinarri hartuta, zenbait dantza pieza sortu dituzte gure irudimen kolektiboa osatzen duten ipuin eta kondaira desberdinak irudikatuz. Martxoaren 19an taularatuko dute lana, Azkuna Zentroan.

AMAraunek amatasunaren gaian zehar bidaia bat egitera gonbidatuko du ikuslea. Oihana Iguaranen proposamenak Amaiur Luluaga izango du bidelagun, eta, horretan, dantza, gorputzak, ahotsak eta bertsoak protagonista izango dira, baita, nola ez, amatasuna ere. “(Ama) izan ala ez izan” izango da ekitaldi horren abiapuntua, eta hortik hasita, amatasunaren ereduez (ezagutzen ditugunak eta ezagutu nahi ditugunak), erabakia hartzeko momentuan eragiten duten faktore desberdinez, zalantzez… hitz egingo dute martxoaren 20an.

Zinemak ere bere presentzia izango du festibalean, Bizkarsoro pelikulari esker. Guztira, 5 istorio kontatzen dira pieza horretan, Euskal Herriko edozein herri izan daitekeen herri imajinarioan. Proiekzioa martxoaren 17an izango da, EHUko Bizkaia Aretoan.

Harrobi dantza konpainiaren Geure(R)a ikuskizunarekin agurtuko da Loraldia Festibalaren 10. edizioa. Benetan berezia den pieza kulturala da. Zenbait diziplinaren uztarketaz gain (musika, poesia, ikus-entzunezkoak eta dantza), diziplina horien forma benetan berezia eta bakarra da. Dantza bertikala eta bideo-mappingaren arteko elkarrizketa izango da protagonista, eta hari narratiboak emakumeen inguruko memoria zalantzan jarriko du: "Nortzuk dira gaur egun sorginak? Eta nortzuk dira zapaltzen dituztenak?". Martxoaren 23an, Kantu berri bat gara emanaldiaren ondoren, Euskaldunako eraikinaren horman egongo da ikusgai.

Loraldia Terminala, sormen berriaren harrobia

Urtero bezala, Loraldia Festibalak talentu berriarentzako gune bat erreserbatuko du: Loraldia Terminala. Edizio honetan hiru ekintza egongo dira Loraldiako sormen berriaren harrobian: Itzal(iko) bagina; Doodem.Trigger; eta Sarri min ematen du akordatzeak. Ekintza horiek guztiak martxoaren 22ko arratsalde-iluntzean zehar izango dira, Zorrotzaurre irlako La Terminalen.

Itzal(iko) bagina ekimena bertsolaritzan oinarritzen den teatroa da. Oholtzan hiru pertsonai aurkituko ditu ikusleak: lehia, lotsa eta gorputza. Bertsotan komunikatzen dira, eta botere posizioaz, familiaz, osasun mentalaz… jardungo dute.

Atlantiko Beltzean zehar bidaiatzea. Horixe da Doodem. Trigger musika emanaldiaren helburua. Horretarako, biolontxeloa eta saxoa izango dira musika tresnak, eta 7 kanturen bitartez 7 herri ezberdinetatik pasatuko dira ikusleak. 

Aurtengo Loraldia Terminaleko azkenengo ekintza Ibarrekolandako Batxilergo artistikoko ikasleekin egindako elkarlanaren fruitua da. Sarri min ematen du akordatzeak ekitaldian, gazte horiek Joseba Sarrionandiaren mundu literarioan sartu dira buru-belarri. Ondoren, hainbat arte diferente uztartuz (dantza, teatroa, poesia, musika), ikuskizun paregabea sortu dute. 

Lorazainak eta Lorazain Eguna

Loraldiarekin eta euskal kulturarekin harreman hurbilago eta zuzenago bat nahi duten pertsonek Lorazain egiteko aukera daukate. Guztiz doakoa den ekintza horrekin hainbat abantaila lortzen dira: urtean zehar egiten diren zenbait ekimenetan parte hartzeko aukera, egingo diren ekintzei buruzko informazio esklusiboa eta aurretiazkoa, sarrerak lehentasunez eta prezio berezian hartzeko aukera, Lorazainentzako bakarrik diren ekintzetan parte hartzea…

Loraldia Festibalean, kasu, gure Lorazainentzako bereziki prestatzen duten ekintza horietako bat aurkezten dute urtero-urtero: Lorazain Eguna. Aurten, Oma ikuskizunaren estreinaldia eskainiko dute, Basabi taldearen azkenengo musika lana. Pieza horretarako, txalapartarekin, musika elektronikoarekin eta musika klasikoarekin jolastu dute, naturari eta egungo egoerari buruz gogoeta egitera gonbidatzeko. Aurten, Lorazain Eguna martxoaren 9an ospatuko dute, Campos Antzokian.

Gainera, aurten abantaila berezi bat gehitu dute jadanik Lorazainek dituzten onuren katalogoari: 2024ko Loradia Festibaleko ekitaldi pakete berezi bat erosteko aukera prezio murriztuan.

Dokumentuaren akzioak