Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka «Lokalizazioak narrazioa laguntzen du, baina behin dantzan hasita ahaztu egiten da»

Dokumentuaren akzioak

«Lokalizazioak narrazioa laguntzen du, baina behin dantzan hasita ahaztu egiten da»

Telmo Esnal - Zine zuzendaria

'Agur Etxebeste'ren filmaketatik denbora atera beharrean dago Telmo Esnal (Zarautz, 1966) Zinemaldira gerturatzeko. Urte berezia du aurten; 'Dantza' filma Sail Ofizialean estreinatuko da gaur, lehiaz kanpo. Eta ez da erraza izan horraino iristea.
Egilea
Ariane Kamio
Komunikabidea
Naiz
Mota
Elkarrizketa
Data
2018/09/24
Lotura
Naiz

Esan izaten da bizitzak buelta asko ematen dituela, zinema ere halakoxea dela dirudi. Iaz Glocal in Progress sailean izan zineten, denbora daramazue filma amaitu nahi eta ezinik, eta azkenean Sail Ofizial bete-betean dago 'Dantza'.
Nahiko larri geunden eta bultzada ikaragarria izan zen Glocal in Progress saria eskuratzea. Iaz aurkeztu ginen film honekin, grabazio batzuk faltan genituela, eta postprodukzio asko falta zen. Digitalak sartzen hasiak geunden dagoeneko, baina irudi tratamentua, soinu tratamentua, eta abar falta ziren. Bultzada oso handia izan zen filmarentzat eta gauzatu ahal izan dugu azkenean.

Sarrera guztiak agortu dira Zinemaldian. Ze sentipenekin zatoz jaialdira?
Sekulako sentsazioa dugu. Halako film berezi batekin halako ikusmina egotea oso gauza polita da.

Filma partikularki oso ausarta iruditu zait. Dantza da protagonista nagusia, ez dago apenas elkarrizketarik. Esentzia osoa hartzen saiatzen da.
Hori zen asmoa. Dantzaren bitartez historia bat kontatu nahi izatea. Dantza izatea protagonista bakarra. Pertsonaia batzuk ere badaude, baina puntualki, protagonista bakar bat egon gabe. Apustua hori zen. Juan Antonio Urbeltzek dio kolektibitatea dela euskaldunon ezaugarrietako bat eta horregatik ez dago protagonista zehatzik. Azkenean zen dantzan dauden hainbat sinbologia erabiliz historia xume bat kontatzea. Eta badirudi ikusi dutenek ulertu dutela historia. Mundu guztia harritzen da elkarrizketarik ez duelako. Baina ahaztu egiten zaigu zinea hala hasi zela, hitzik gabe. Oso konplikatua izan da proiektua aurrera ateratzea baina ikustea jendeak ulertzen duela historia eta gustora ateratzen dela zinematik, oso pozgarria da eta poztu egiten nau.

Historia hori ulertzen eta kontatzen estetikak asko kontatzen du. Koldobika Jauregik egindako diseinuak daude hor.
Hori zen beste gauza bat. Ez da berdina pelikula bat kontatzea ohiko dantza estetika baten barruan edo beste era batera ematea. Aurrekoan esan zidan norbaitek egin dugula dantza tradizionalarekin pelikularik kontenporaneoena. Eta egia da, badauka hori. Hartu dugu euskal dantza tradizionala eta eman diogu buelta bat. Koldobika saiatu da jantziak, lokalizazioak eta atrezzo guztiak egotea narrazioaren menpe. Laguntzea hobeto ulertzen historia hori. Badauka magia hori.

Zineak ere ematen dio beste ikuspuntu desberdin bat. Ohituta gaude ikustera dantzak eta dantzariak ikuspuntu bakar batetik. Zauden lekutik ikusten dituzu normalean. Eta zineak ematen du aukera ikuspuntu horrekin jolasteko eta aberasten du asko ere kronologia.

Paisaiak ere garrantzia handia dauka filmean. Neguan hasten da kontakizuna, Bardeetan. Argi joko oso interesgarriak ditu. Javier Agirre argazki zuzendariaren lana oso garrantzitsua izan dela nabari da.
Fundamentala da bere lana. Baita Koldobikarekin hartu emana izatea. Zein tonutan joan behar duten jantzitegiak eta agiak, nondik nora. Javiren lana oso zaila da. Baina ez nituzke ahaztu nahi lan digitalak egin dituen taldea ere.

Juan Antonio Urbeltzen unibertsoan oinarritu zara filma egiteko. Bere ikuskizun askotan Urbeltzek koadroak eramaten ditu eszena gainera. 'Martin Zalakain' bere azken ikuskizunean badu eszena bat elurrarekin egiten duena eta oso ikusgarria dena, esaterako. 'Dantza' ikustean ere momentu askotan dago ikuslea koadro baten aurrean. Ez dakit zure helburua izan den efektu plastiko hori bilatzea.
'Martin Zalakain' egin gabe zuten 'Dantza' egiten hasi ginenean baina urteak daramatzagu dantzari buruz hitz egiten. Uste dut hor elkar hartu eman bat badagoela eta filmean badaude hainbat pasadizo. 'Dantza'ren ondoren dantza mundua beste era batera ikusiko dela esaten ari dira batzuk. Koldobika eta biok hasi ginen zerbait egin nahian, pelikula bat edo ikuskizun bat. Ni zine zuzendari naizenez film bat egitea erabaki nuen. Eta bai, jokatzen dugu Juan Antonio Urbeltzen unibertso horrekin baina eramaten dut nire eremura. Azkenean bere hipotesiak ezagutu, koreografiak, sinbolismoak… hori guztia jaso eta ondoren nahiko libre sentitu naiz lanerako. Ez dit inolako eragozpenik jarri historia hau sortzeko. Bere lanetan oinarrituta dago gauza asko baina era berean oso aske utzi nau pentsatzen nuena egiteko. Oso eskuzabala izan da alde horretatik.

Momentu ikusgarriak ere eskaintzen ditu filmak, adibidez, ur gainean egindako dantzak, Igartubeiti baserrian grabatutako desafioak edo Arantzazun gauez egindako Irradaka.
Bagenekien pelikulari ikusgarritasun handia eman behar geniola eta ikuslea harritzen saiatu behar ginela. Badago argi joko bat oso ondo doana eta izan zena Javi Agirreren apustu bat. Lan ikaragarria dago.

Filma prestatzen ari ginenean, beti esaten nuen lekua, lokalizazioa, oso garrantzitsua zela, oso ondo aukeratu behar genituela lekuak, batez ere dantzan hasi arte. Lekuak eman behar dio historiari ikusgarritasuna eta lagundu behar dio narrazioari, baina behin dantzan hasten direnean hori guztia ahaztu egin behar da.

Urbeltz bera ere dantzan atera duzu.
Hasierako gidoi batean ez zegoen bera, txistulari bat agertzen zen diana jotzen eta jendea elkartzen. Baina momentu batean pentsatu nuen polita izango zela bera sartzea sekuentzia horretan. Uste dut asmatu genuela horrekin.

Zerorrek kameo bat egiten duzu…
Baina hori esan egin behar al da? (Barreak)

Azken eszena grabatzeko zain zineten duela urtebete. Madrilgo Kristalezko Jauregian egin nahi zenuten. Non grabatu da azkenean?
Zarauzko Torreoian. Arazoak izan genituen Kristalezko Jauregia eta ezinezkoa izan zen. Nik Torreoia buruan neukan aspalditik, leku eder bat izan zitekeen. Eta krisi egoera hartan Koldobika eraman nuen lekura eta ederra iruditu zitzaion. Zarauzko Udaletxearekin hitz egin genuen, zeren une hartan itxita zegoen, berrikuntza lanetan ari zirelako. Konpondu zuten, grabatzeko moduan jarri zuten eta hantxe egin genuen.

Zenbat dantzarirekin egin duzue lan?
Leitzan ziren 200 gehi Juan Antonio, 201. Eta gero badakit dantzari gehiago egon zirela. Baina 200dik gora.

Aurten 'Dantza' da Sail Ofizialeko euskarazko film bakarra. Aurreko urteetan 'Handia', 'Amama' eta 'Loreak' izan ditugu. Ohitura bihurtuko da euskarazko zinea sail horretan ikustea?
Espero dut ez egotea hor ohituragatik, eta egotea merezi duenean. Ohitura izatea ez litzateke ona euskal zinemarentzat. Asko kosta izan da horraino iristea, pelikula asko egin ditugu, eta badirudi ohitura dela horra iristea, baina espero dut hala ez izatea, eta hor egotea merezi dugulako.

Bukatzeko. 'Agur Etxebeste'ren grabaketan zaude buru-belarri orain Asier Altunarekin batera. Hitz pare bat proiektu berriaren inguruan?
Elkartu ditugu berrio Etxebestetarrak 14 urte beranduago beste egoera larri batean, aurrekoarekin zerikusirik ez duena. Aurreko filmaren amaiera abiapuntu hartu genuen pentsatuz, ‘zertan ariko dira hauek 14 urte beranduago?’. Hortik tiraka sortu genuen istorio berri bat eta horraino konta dezaket. Oso ondo goaz filmarekin, laugarren astean goaz eta gustora gaude egiten ari garenarekin.

Telmo_naiz

(Marisol RAMIREZ/FOKU)

Dokumentuaren akzioak