Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Lokala, baina unibertsala ere bai

Dokumentuaren akzioak

Lokala, baina unibertsala ere bai

Euskal dantza tradizionalen bidez fikzio bat ontzeko proiektua dauka esku artean Telmo Esnalek

Urte askoan dantzaria izan zen Telmo Esnal zinemagilea (Zarautz, Gipuzkoa, 1967), eta beti pentsatu izan du gustura filmatuko lukeela euskal dantzei buruzko pelikula bat. Bada iritsi da unea. Dantza musikal kutsuko proiektua abiarazi du, eta dantzaz dantza fikzio bat osatzeko, istorio bat josteko, lanean dabil. «Filmak izan beharra dauka oso erakargarria, bai bisualki eta bai soinu aldetik ere». Hamar minutuko pieza bat grabatu dute jada, eta horren minutu pasatxoko trailerra ikusgai dago Interneten. Esnali iruditzen zaio kontatuko dutena lokala bezain unibertsala izango dela. «Hainbat euskal dantzen antzekoak daude Europan, Asian eta Hego Amerikan. Sinbologia aldetik berdintsuak dira». Pentsatzen du balkandar bati, adibidez, ez zaiola arrotza egingo pantailan ikusiko duena.
Egilea
Igor Susaeta
Komunikabidea
Berria
Mota
Albistea
Data
2014/07/19
Lotura
Berria

Txintxua Films eta Iparraldeko Ateka Films ekoizpen etxeen arteko koprodukzioa da —«Euskal zinema indartuko badugu, Iparraldearekin elkarlana bultzatu behar da; egitean zein erakustean»—, eta orain finantzabidea lortzeko ahaleginean dabiltza, hurrengo urtean osorik grabatzeko asmoarekin. Trailerrak inor ez duela ez hotz ez bero utzi, eta hori proiektuarentzat ona dela azpimarratu du zuzendariak. «Goxoki bat da edonorentzat. Zail ikusten dut telebistak ez inplikatzea. Sentsazio onak ditut». Ez du elkarrizketarik, adibidez. Izan ere, musikak, dantzek eta kantuek narratuko dute fikzioa.

Urbeltzen teoriei tiraka

Urte berri on, amona! (2011) bukatu ondoren hasi zen Esnal ideia mamitzen. Koldobika Jauregi eskultore lagunarekin hitz egin zuen, eta konturatu ziren filmaren kontzeptu bera zutela buruan. Ez zeukaten oso argi, ordea, zer ondu nahi zuten. «Beste era batera aurkeztu nahi genituen dantzak. Hasierako ideia zen urtaro bat kontatzea». Beraz, Juan Antonio Urbeltz folklore ikerlariarengana jotzea erabaki zuten. «Urbeltzekin hitz egin ahala joan gara ikusiz zein forma har zezakeen». Haren hipotesietan sakonduta eta dokumentazioa beste bide batzuk ere ibilita osatu ondoren —Juan Inazio Iztuetaren eta Julio Caro Barojaren dantzari buruzko lanak ere irakurri dituzte—, pixkanaka ikusi zuten bazegoela istorio bat kontatzeko aukera.

Agertokitik jauzi egingo dute dantzek. «Beti ikusi izan ditugu oholtza baten gainean-edo». Igartubeiti baserriko dolarean (Ezkio-Itsaso, Gipuzkoa), Aldatzeko harrobian (Nafarroa), Agorregiko burdinolan (Aia, Gipuzkoa) eta Albizturko elizan (Gipuzkoa) filmatutako piezan, adibidez, espazioarekin jokatu dute, dantzei beste dimentsio bat emanez. «Kamera alde batera eta bestera mugitzeko eta laugarren pareta hori hausteko aukera ematen du zinemak». Kontatzeko beste era bat ahalbidetzen duela, alegia.

Aurrera eraman nahi duten lana gauzatzea konplexua delakoan dago, ordea. Jantzitegia ohikotasunetik aldendu nahi dutelako, eta koreografia asko aukeratu eta moldatu beharko dituztelako, esaterako. Grabatutako hamar minutu horietan denbora asko igaro zuten espaziora egokitzen, eta zein pauso sartu eta zein ez deliberatzen. Donostiako Argia dantza taldekoek interpretatu zituzten almute dantzak horretan, eta filmaren gainontzeko sekuentzietan ere haiek edo haien ikuskizunetan aritzen direnek parte hartuko dute.

Jada ikusgai dagoen trailerrean, hiru kontzeptu agertzen dira, lerra larriz, pantailan idatzita: Bizitza, erritmoa, eta sinboloa. Esnalen hitzetan, horiekin pelikulan gertatuko dena sinplifikatzen dute. «Erritmoaren bidez sortzen da dantza; dantzak bere sinboloak ditu, eta horien bidez kontatzen da herri baten bizitza». Esnalek argi utzi nahi du, dena den, ez direla ezer asmatzen ari, «produkzio konbentzionaletatik aldentzen den arren». Badaudela ondu nahi dutenaren gisako ereduak; Carlos Saurak egin izan dituela: El amor brujo (1986), adibidez. «Dantza garaikidearekin badaude adibideak, baina ondokoa da erronka, bere arriskua izanagatik: tradizionalarekin egin al daiteke?». Baietz pentsatzen du, egokitu daitezkeela dantza tradizionalak ere edozer kontatzeko.

Dantzariek interpretatuko dute batean polka dantza bat, bestean aurreskua, almute dantza... Joango dira lotzen bata bestearekin, eta espazio batetik bestera jauzi egingo dute, aldi berean. «Ez dira dantza solteak. Denak daude jarrita leku aproposenetan, historiaren mesedetan».

Kokaleku egokienak bilatzeko, Koldobika Jauregi izan du lagun Esnalek. «Negu osoa igaro genuen Euskal Herriari bueltak ematen». Zuzendari artistikoa izango da, eta alde artistikoa landuko du Javier Agirre argazki zuzendariarekin eta Esnalekin batera.

@ Trailerra ikusi nahiz izanez gero, bisitatu webgune hau: www.txintxua.com/dantza

Argia taldekoak Igartubeitiko (Ezkio-Itsaso) dolarean dantzan, grabatutako hamar minutuko piezako une batean. Argia taldekoak Igartubeitiko (Ezkio-Itsaso) dolarean dantzan, grabatutako hamar minutuko piezako une batean. JAVI AGIRRE

Dokumentuaren akzioak