Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka «Lizartzako inauterietan festa bere osotasunean berreskuratu da»

Dokumentuaren akzioak

«Lizartzako inauterietan festa bere osotasunean berreskuratu da»

Komunikabidea
Ataria
Tokia
Lizartza
Mota
Albistea
Data
2022/02/03
Lotura
Ataria

Lizartzako inauterien atarian, Gipuzkoako inauterien inguruko hitzaldia antolatu du Otsolar dantza taldeak eta Maddi Dorronsoro izango da hizlaria; bihar izango da, 19:30ean, Lizartzako udaletxeko udal aretoan.

Gipuzkoako inauterien inguruan lanketa bat egiten aritu da azken boladan Maddi Dorronsoro (Berrobi, 1995) antropologoa. Eusko Jaurlaritzarako egin du ikerketa, Labayru fundazioaren bidez, eta tartean, eskualdeko inauterien inguruko informazioa ere jaso du.

Hori baliatuta, eta Lizartzan inauteriak ospatzekoak direla jakitun, girotzen joateko hitzaldia emango du bihar, 19:30ean, Lizartzako udaletxeko udal aretoan, Gipuzkoako inauterien gaur egungo argazki orokorra ateraz.

Azken boladan inauteriak aztertzen aritu zara. Zer egin duzu zehazki?

Gaur egun Gipuzkoako inauteriak nola ospatzen diren biltzen aritu naiz. Herri bakoitzean zer ohitura dagoen eta zer egiten den jaso dut, eta ahal izan dudan neurrian garai batean zer egiten zen ere ikertu dut. Horretarako iturri bibliografikoak aztertu ditut, interneten eskuragarri dagoen informazioa begiratu dut eta hori guztia osatzeko bertako herritarrekin elkarrizketak egin ditut. Guztira 37 herrietako inauterien zerrenda bat osatu dugu.

Dokumentazio lana erraza izan da?

Zati bibliografikoan ikus dezakezu zenbat dagoen idatzita herri horren inguruan. Adibidez, Tolosaren kasuan, informazio asko eta zehatza dago, eta gainerakoetan, osatzeko, jendearekin hitz egin dut. Banan-banan kontaktu guztiak lortzea ez da erraza izan; ideia bat egiteko, Gipuzkoan, 110 elkarrizketa inguru egin ditut, baina elkarrizketa horiek lortzeko 400 deitik gora egin behar izan ditut.

Tolosaldean, herri askotako informazioa jaso duzu?

Tolosaldeko kasuan, gaur egun inauteriak ospatzen diren herriak Amezketa, Abaltzisketa, Lizartza, Berastegi eta Tolosa dira. Hala ere, lehen ospatzen ziren eta gaur egun ospatzen ez diren herrietako testigantza batzuk ere jaso ditugu.

Lizartzan aspaldiko ohitura da inauteriena. Zer jaso duzu bertan?

Herri bakoitzak ditu bere berezitasunak. Lizartzako kasuan, zerbait esatearren, erreparatu diegun elementu guztiak ditu bertako inauteriak. Ikerketa egiterakoan, sei elementutan oinarritu gara edo horiek ba ote dauden aztertu dugu: otordu erritualak, eske errondak, pertsonaiak eta mozorroak, panpinak eta antzezpenak, desfileak eta kalejirak, eta dantzak. Eta orokorrean, hiriko inauterietan panorama beste bat izan da. Aspalditik desfileak egin izan dituzte, mozorro ezberdinak dituzte urtero, eta ohitura da urte batean zerbait berezia gertatu denetan hori imitatzea. Tolosan aspalditik egin izan da zerbait gertatzean parodia moduko bat egitearena. Eta badaude konpartsa batzuk inauterietan hasi direnak eta gero beste izaera bat hartu dutenak. Donostian, esaterako, urtero konpartsak ateratzeko ohitura zegoen, parodiak egiteko. Horrek esan nahi du mozorroak sortzen zituztela, musika prestatzen zutela horretarako, eta horrela hasi ziren, esaterako, gaur egun hain ezaguna den danborrada ospatzen, artzainak eta inudeak, edota kaldereroak egiten. Arrakasta eduki eta urtez urte errepikatzen joan dira, beste data batzuetan bada ere.

Lizartzakoek, beraien dantzak, jantziak, ohiturak dituzte. Inguruko inauteririk osatuenak dira?

Lizartzako kasuan azpimarratzekoa da festa bere osotasunean berreskuratu zela: mozorroak, puska bilketa, dantza, otorduak eta abar. Tolosaldean badaude beste adibide batzuk, Abaltzisketakoa eta Amezketakoa kasu, berreskuratze lanak egin zirenak, festaren zati txikiagoan bada ere. Inauterien inguruan hitz egiterakoan, berreskurapen prozesuak azpimarratu egin behar dira. Izan ere, 1937an inauteriak debekatu egin ziren estatu mailan, eta Hego Euskal Herrian ere bai. Azken finean, inauteriak nahiko festa transgresoreak dira eta egunerokotasunean indarrean dauden balore asko bertan behera geratzen dira egun horietan. Frankismoak eta eliza katolikoak bultzatu nahi zituzten balore eta ideiekin talka egiten zuten inauteriek, eta 1937tik aurrera inauteriak gainbeheran joan eta desagertu egin ziren. Tolosa izan zen salbuespena, mantendu egin zirelako, eta horregatik daukate gaur egun daukaten indar hori, ingurukoak desagertu zirenean bizirik mantendu zirelako. Mantendu ahal izateko, ordea, 1943 eta 1965 artean, Fiestas de primavera izena jarri zieten. Modu horretara izendatuta tranpatxo bat egin eta inauteriak ospatzen jarraitu ahal izan zuten.

Lana ere egin izango da herrietan garai bateko inauteriak berreskuratzeko.

Berreskurapen prozesuak oso ezberdinak izan dira herri bakoitzaren arabera. Kasu batzuetan inauteri tradizionala berreskuratu egin da, adibidez, Amezketa eta Abaltzisketan. Beste leku batzuetan, tradizionala berreskuratu da, baina elementu modernoak sartuz, desfilea edota mozorroen lehiaketarekin adibidez. Lizartzako kasua hauxe izango litzateke, biak uztartzen dituztelako. Beste batzuetan, tradizionala berreskuratu nahi izan da, baina belaunaldi arteko transmisioa tarteko, ezin izan da informazioa bildu eta asmatu egin behar izan dituzte, Eibarren kasu. Eta beste herri batzuetan desagertu egin dira inauteri tradizionalak, eta berreskuratzeko ahaleginak egin badira ere, inauteri modernoak gailendu dira, desfileekin esaterako, Berastegiko kasuan. Badira erabat desagertu diren inauteriak ere. Elduain eta Berrobin, esaterako, txantxoz jantzi eta eskean ibiltzen ziren eta bazkariak ere egiten ziren, baina gaur egun ez da ezer ospatzen.

Hitzaldian Gipuzkoako inauterien argazki orokorra aterako duzu. Nola bideratu duzu?

Inauterietara sarreratxo bat egingo dut. Testuingurua zein izan den, zein gorabehera izan diren, berreskuratzeak nola egin diren azalduko dut, Lizartzakoa erdigunean jarriz. Aurrez aipatutako elementuak ere aztertuko ditugu, zeren, gauza batzuk antzekoak dira, baina ez dira berdinak. Dantza batzuk Abaltzisketan egin daitezke, eta beste batzuk Lizartzan, baina guztiak dira inauterietako dantzak.

Inauteri gosez dagoenari zer esango zenioke?

Zoritxarrez, inauterizalea dena triste egongo da azken boladan. Modu bat izan daiteke Gipuzkoa mailako inauterietan bidaia bat egiteko, kontuan hartuta inauterietan parte hartzea eta festa giroan ibiltzea ez dagoela batere erraza.

Dokumentuaren akzioak