Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Lizartzako inauterien kantu eta dantzak bildu dira CDan

Dokumentuaren akzioak

Lizartzako inauterien kantu eta dantzak bildu dira CDan

10 urte eman ditu Otsalar taldeak inauteriak berreskuratzen

Egilea
Joxean Agirre
Komunikabidea
Gara
Tokia
Donostia
Mota
Albistea
Data
2003/02/16

Orain hamar urte hasi zen Lizartzako Otsalar dantza taldea galdurik zituzten inauteriak berreskuratzen, eta aldi berriko inauterien hamargarren urtea ospatzeko CD bat jarri dute kalean. Bertan, hamar urteotan herriko musikariek egindako piezak eta berreskuratzen joan diren dantzen doinuak bildu dituzte, hamaika kanta eta 19 dantza doinu guztira.



«Enkarguz egindako piezak direla esan daiteke. Horietako bat Kaxianorena berarena da, eta beste bat haren anaiarena, Manuel Ibargurenena. Eusebio Etxeberria, Iñaki Azpiroz eta Jesus Mari Esnaolarenak dira. Guztiek hartu dute parte diskoaren grabaketan instumenturen bat joz, tamalez Kaxianok izan ezik, diskoa txaranga handi batek grabatu baitu», esan zuen Malentxo Arrospidek, Otsolar taldeko kideak.



Duela 50 urte hasi omen zen Lizartzako inauterien beherakada, ia erabat galtzeraino, eta orain hamar urte hasi ziren Otsolar taldekoak galdutako dantzak berreskuratzen.



«Dantzak berreskuratu bakarrik ez, garaiko ohiturak berreskuratuz ere joan gara eta hamar urteko lanaren urteurrena ospatu nahi izan dugu nolabait diskoa kaleratuz», esan zuen Malentxok.



Grabaketan parte hartu duen txarangan txistulari batek, atabalariak, lau akordeoilarik, txirulak, dultzainak eta beste hainbat instrumentuk esku hartu dute. Kriskitinak, esaterako, lau lagunek jo dituzte; eta abesten, hogeita hamarren bat lagun izan dira.



«Berreskuratu diren ohituren artean puska-biltzea dago. Mafarroako herri askotan eta Gipuzkoan ere Abaltzisketan mantendu den ohitura da, eta Lizartzan orain 50 urte arte bizirik iraun zuena. Zekorra hil eta lagunartean jatea ere lehengo ohitura zen», esan zuen.



Dantzariak eta txantxoak

J. A.



DONOSTIA



Lizartzako Otsalar dantza taldeak ez du inoiz inguruko herrietako inauteri ospetsuekin lehiatzeko asmorik izan. «Gureak herri txikiko inauteriak dira ­esan zigun Malentxo Arrospidek­. Hilaren 22an, esate baterako, puskak biltzera aterako dira dantzariak eta txantxoak, batzuk egutera aldera eta besteak laiotzera lehenik eta alderantziz ondoren. Txantxoak zaratatsuak dira eta zarpailak. Dantzariak, berriz, txuriz jantzita joaten dira, beste herri askotako inauterietan bezala».



Lizartzako inauterietako egitaraua gaur zortzi zabalduko da eguerdiko hamabietan, datorren larunbatean, frontoian burruntzian erreta jango den zekorraren gibela dastatuz. Ondoren, Otsolar dantza taldearen emanaldia izango da. Datorren larunbatean, kalejira egingo da goizeko zazpietan dantzariekin, txantxoekin eta txistulariekin. Puska-biltzea hasiko da ondoren. Mozorro, gurdi eta txarangaren irteera egingo da hamabietan, eta beste hainbat ekitaldiren barruan lagunarteko afaria egingo da gauean. Afari horretan laurehun bat lagun bildu ohi dira.



Biharamunean, hilaren 23an alegia, puska-biltzea egingo da kalean, mozorro, gurdi eta txarangarekin lagunduta.



Lizartzako inauterietako dantzen erakustaldia egingo da ordu batean herriko plazan eta herri bazkaria Aztinondo pilotalekuan ondoren. Gauean, 24.00etan, egitaraua amaitzeko, Ijitoa erreko dute.

Dokumentuaren akzioak