Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Lizarren basoa eta Bordon dantzari eskainitako monolitoa inauguratu dituzte

Dokumentuaren akzioak

Lizarren basoa eta Bordon dantzari eskainitako monolitoa inauguratu dituzte

Atzo izan zen ekitaldia, Larramendi auzoko haur parkearen ondoan. 40 urte dira, ikerketa bati esker, Bordon dantza berreskuratu zela Tolosan. Aurrerantzean, 10 urtez behin, Larramendi auzoko eremutik hartuko dituzte San Joan egunean kaleak atontzeko erabiltzen dituzten lizarrak.
Egilea
Josu Artutxa Dorronsoro
Komunikabidea
Tolosaldeko Ataria
Tokia
Tolosa
Mota
Albistea
Data
2019/06/21
Lotura
Tolosaldeko Ataria

“Aurten, Bordon dantzaren aro modernoko 40. urteurrena dela eta, keinu polit bat iruditzen zitzaigun Lizarren basoa deituriko espazio berri bat zabaltzea” adierazi zuen Juan Urretabizkaia dantzariak. Horrela, bordon dantzariek, San Joan egunean goizean goiz kaleak apaintzeko jartzen dituzten lizar guztiei espazio fisiko bat eman nahi zaie, inguruko mendietan hartzeaz gain, Tolosan bertan ere aukera izateko.

Hori dela eta, Arramele ondoan, oraindik eraberritze fasean dagoen Larramendi auzoko haur parkearen ingurua, leku egokia iruditzen zitzaien bordon dantzariei nahiz udalari. “Orain, hamar urtez behin, bertatik lizar hostoak hartu eta kaleak horiekin atontzea da asmoa”, adierazi zuen Urretabizkaiak. Espazio hori gehiago nabarmentzeko, udalak monolito txiki bat jarri du. Honela dio bertako mezuak: “etengabe urberritzen delako”.

Patxi Amantegi zinegotziak eskertu egin zien bordon dantzariei urtero egiten duten lana. “Oso garrantzitsua iruditzen zaigu historiarekin jarraitzea. Sinboloak tokietara lotzea ezinbestekoa da. San Joan egunean Arrameleko ermitara etorriko gara, lizarrez atondutako kaleak igaro ondoren. Beraz, keinu polita iruditzen zaigu, jendeak tradizio hau zer den eta nondik datorren ulertu dezan”.

Helburua, lizarrak biltzera joateak eragiten duen mobilizazio masibo hori ekiditea edo gutxitzea dela nabarmendu zuen. “Lan hori autogestioan egingo da aurrerantzean. Bertatik hartuko da, gure herrian, gure lurretik datorren lizarra, gero, herriari eskaintzeko”.

Atzoko omenaldia, baina, ez da ekitaldi xumean geratuko. “Aurten egin dugu, baina hemendik hamar urtetara, 50 urte egiten dituzuenean ere benetako omenaldi bat gauzatuko da, oso ondo landutakoa, tolosarrok bihotzean eramango duguna”, gehitu zuen Amantegik.

Bordon dantzarien izenean ere, Urretabizkaiak esker hitzak izan zituen udalarentzat, espazio berria eskaintzeagatik. “Guretzako oso garrantzitsua da herrian horrelako toki bat edukitzea, eta egindako lan guzti horrengatik eskerrak jasotzea ohore bat da". Ondoren, agurra dantzatu zuten Xanti eta Miren Nazabal Udaberri Dantza Taldeko kideek. Ekitaldia amaitzeko, taldeko argazkia atera zuten Bordon dantzan parte hartzen duten dantzariek.

Dokumentuaren akzioak