Dokumentuaren akzioak
Lizarratik plaza guztietara
Alfontso XIII.a erregeak Lizarrara egindako bisita batean dantzatu zuten lehen aldiz larrain dantza. Ehun urteren ostean, ikuskizun bihurtu dute pasarte hori.
Taula gainean erakutsiko duten moduan, 1903ko abuztuan, Alfontso XIII.a erregeak erabaki zuen Lizarrara joatea, karlisten hiriburutzat hartzen zen tokira, hain zuzen. Orduan, herritar guztiak ados ez egon arren, hainbat ekitaldi prestatzea erabaki zuten. Horietako bat gaur egungo larrain dantzaren lehenengo bertsioa izan zen. Raquel Ugartondo eta Jabier Lana lizarratarrek larrain dantzaren jatorria aztertu dute, eta, Udal Artxiboko dokumentuetan egiaztatu dutenez, egun horretan jo zuten partituraren sortzailea Demetrio Romano dultzaineroa izan zen, Modesto Iribas mediku folklorezalearen laguntzarekin. «Romanok gaita jotzaile lana egin zuen, eta dantzaren ardura hartu zuen. Iribasek, besteak beste, entseguak egiteko tokia utzi zuen: bere baratzea», azaldu du Ugartondok. «Erregearen bisitaren egunean, Anselmo Elizaga dultzaineroak ere hartu zuen parte, Romanoren bikotekide gisa».
Orduan sortu zuten partitura gaur egun jotzen denaren antzekoa zen, baina zenbait ezberdintasun zituen. «Egungoak zazpi zati ditu: sarrera eta kalejira, katea, fandangoa, balsa, jota zaharra, bolerak eta kalejira; orduko partituretan, aldiz, ez da balsa agertzen, aurrerago erantsi omen zutelako. Piezen ordena ezberdina da». 1940ko hamarkadan hasi ziren kanta oraingo moduan jotzen.
Larrain dantzaren aurrekariei dagokienez, zalantzak daude. Hala ere, Ugartondok eta Lanak ondorioztatu dute, aurkitu dituzten dokumentuei esker, Romanok partitura osatzeko erabili zituen piezak haren aita Julian Romanorenak zirela. «Lizarrako XIX. mendeko dultzainero garrantzitsu bat izan zen, gaitari balio handia eman ziona», azaldu du Ugartondok. «Izan ere, Lizarra erromesaldi hiri bat zen, eta kalean beti musika eta dantza zeuden, kanpotik zetorren jendea erakartzeko erabiltzen zituztelako. Hortaz, gaita kaleko instrumentu bat zen, juglareena; baina Julian Romanok ganbera musikaren mailara igo zuen». Hori dela eta, haren lana omenduko dute, gaur aurkeztuko duten ikuskizunean.
Herritarren bultzada
1903aren ondorengo urteetan, larrain dantzak behera egin zuen; horregatik, 1929tik aurrera, herritarrek dantza sustatzeari ekin zioten. 1929an, Hilario Olazaran lizarratarrak pianorako partitura konposatu zuen, eta bizilagunei eskatu zien larrain dantza kalean dantza zezatela, idazki baten bitartez. Ondoren, 1933an, Larrain dantzaren Aldeko Batzordea sortu zuten, eta eskoletan dantza hori ikasteko ikasgaia ezarri zuten. Lizarrako Euskal Etxeak ere garrantzi handia izan zuen sustapen lanean. Bestalde, 1933an, Puiko Andre Mariaren festan —herriko ospakizun garrantzitsu batean—, larrain dantza dantzatu zuten, baita urte horretako San Fermin jaietan ere.
1936ko gerrarekin, ordea, euskal kulturaren adierazpide anitz desagerrarazi zituzten, eta larrain dantzak ere behera egin zuen. Hala ere, ez zen guztiz galdu, eta mendearen erdialdean, berreskuratzen hasi zen. Ugartondok esan du une garrantzitsu bat 1944 urtea izan zela, Lizarrako Udalak larrain dantza dantzatzeko talde bat sortu baitzuen.
Hedapen geografikoaren inguruan ere zalantzak daude. «Dirudienez, beste herri batzuetan izen bereko dantzak sortu zituzten. Izan ere, antzina, herrietan, uzta biltzeko egunetan, ezkaratzetan dantza egiten zuten, ospakizun moduan; hortik dator larrain dantzaren izena». Izendapen generiko hori Euskal Herriko hainbat tokitan aurkitu dutela azaldu du Ugartondok. Julian Romanok konposatutako pieza, ordea, XX. mendearen amaieran zabaldu zen, eta 1978an «ofizial» egin zuten. «Iruñean Dantzari Eguna ospatu zuten, eta, dirudienez, dantza nazional izendatu zuten».
Hitzak jarri dizkiote
Dantzak beste moldaketa bat izan du oraingoan: Larrain dantza: Nafarroatik lau haizeetara egitasmoaren sortzaileek hitzak jarri dizkiote. Mikel Tabernak hartu du hitzak sortzeko lana. «Nahi nuena kontatzeko askatasuna eman zidaten, eta saiatu nintzen idazten niri doinu horiek iradokitzen didatena», adierazi du idazleak. Alaitasuna, poza, sedukzioa eta baikortasuna islatzen saiatu da. Euskaraz idatzi ditu, uste baitu, dantzarekin gertatu zen moduan, hitzak «Lizarratik lau haizeetara» zabaldu daitezkeela. Maxi Oloriz musikariak harmonizatu ditu, lau ahotsetara kantatzeko.
Tabernak adierazi du proiektua aurrera ateratzea «lan kolektibo izugarria» izan dela. «Horrek balio erantsia ematen dio lanari». Ikuskizunean, 180 bat lagunek hartuko dute parte: Atarrabiako San Andres, Iruñeko Mirua eta Lizarrako Ereintza abesbatzako abeslariek; El Bardo taldeko antzezleek, Lizarrako Herri Dantza Tailerreko dantzariek eta Ezpelur taldeko abeslariek.
Espektakuluaren hari nagusia antzerkia da, eta erregearen bisitaren aurreko egunak antzeztuko dituzte. Amaitzeko, lau abesbatzetako kideek Tabernak idatzitako kanta abestuko dute, erregeari kantatuko baliote bezala. Obraren zati batzuk euskaraz egin dituzte, eta beste batzuk, gaztelaniaz. «Lan hau Lizarran aurkeztea oso berezia izango da, hiriak dantzaren jabetza puntu bat duelako», adierazi du Tabernak. Otsailean, beste bi emanaldi egingo dituzte, Atarrabian.
Lizarrako plaza, larrain dantza lehen aldiz dantzatu zuten egunean, Alfonso XIII.aren bisitan.
Dokumentuaren akzioak