Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Lipotimia eta guzti

Dokumentuaren akzioak

Lipotimia eta guzti

‘For Heaven Sake’

Egilea
Agus Perez
Komunikabidea
Euskaldunon Egunkaria
Mota
Kritika
Data
2002/12/17

Emanaldia hasi baino lehen, ilunpetan gaudela, kolpe erritmikoak entzuten dira, norbaitek bere buruari zaplaztekoak emango balizkio bezala. Apurka-apurka argia egiten da, geldiro, eta gizon parea ikusten dugu eszenako lehen lerroan, beren gorputzari kolpeak emanez. Ez dira nolanahiko zapladak, ez. Benetako blaustadak banatzen dituzte gorputz atal guztietatik, bereziki bularrean, sabelean eta izterretan, arropa eranzten duten bitartean, ia biluzik geratu arte.



Zenbait minutu luze irauten duen ariketa izugarri horrek zigor kutsu argia du, penitentzia fisiko baten itxura ia-ia, eta mortifikazio eitea areagotu egiten da hamaika dantzari bat-batean agertzen direnean pandero banarekin, zaplaztekoek sortutako erritmo biziari jarraipena emateko.



Nekaldiaren irudia etorri zaigu burura Itzak Galili israeldarrak gerraren kontra sortutako alegatu honetako lehen pasartean, baina beste hainbeste erreferentzia izango ditugu emanaldian zehar, zein baino zein eraginkorragoak irudiak sortu eta emozioak pizterakoan.



Haien artean, eta aipatutakoaz gain, bereziki gogoangarriak izan daitezke batucada erako danbor hotsen azpian garatzen diren capoeira moduko bikote-eboluzioak edota gorputzen alde fisikoaren aurreko miresmena eta dantzarien kokapen geometrikoa agertokian zehar, XX. mendeko erdialdeko dantza modernoaren estetika gogorarazten diguna.



Mugarik ez Galilirentzat



Galilik, baina, ez du mugarik ezagutzen eta gorputzek sortutako eskultura mugikorrek ez dute edertasun hutsean geratzeko asmorik, ideia goreneko baten zerbitzura daudelako. Gaurko denborak ez digu permititzen hutsalkerietan ibiltzea eta Herbeheretan finkaturiko koreografoak ondotxo daki baliatzen bere jakituria azaleko produktuetatik izurrite beltzetik bezala ihes egiteko.



Lerrook idazten ditudan bitartean, ezin dut nire oroimenak ikusitakoaz aldendu eta burura etortzen zaizkit dramaturgia arin baina eraginkorrari esker txertaturiko pasarteak. Errefuxiatuen ihesaldi neketsuak, protesiez osaturiko gorputzek eta ogiarengatiko borrokaldiek ederki islatzen dute gerren laztasuna, dantzaren perfekzioaren gainetik, baina irudi guztien artean, dudarik gabe gailentzen da azken pasartean argi bakarrerantz doan bikotearen zeharkaldi korapilatsu eta leun-leuna.



Azken laburpen modura, hona hemen koreografoaren esaldiok: «Nondik natorren tokia eta inguratzen duen mundua gogoratzearen obligaziotzat ikusten dut obra hau. Nik planteatzen dudana ez da hartu behar iseka edota salaketa moduan, baizik eta oinazean pentsatzea baino haratago doan saiakera moduan, emozioak altxatzeko saiakera bat, zeuenak ere bai, eta nahikoa da! oihukatzekoa».

Dokumentuaren akzioak