Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Ligi-Athereiko maskaradak dira Zuberoan zehar ibiliko aurten

Dokumentuaren akzioak

Ligi-Athereiko maskaradak dira Zuberoan zehar ibiliko aurten

Bi aitzindari talde sortu dira eta dantzari horietatik gehienak Lexantzü herrikoak dira.

Egilea
Allande Sokarros
Komunikabidea
Euskaldunon Egunkaria
Tokia
Ligi-Atherei
Mota
Albistea
Data
2001/01/24

Hirurogeita zortzi urte! Bai, 68 urte itxaron behar izan da Ligi-Athereik maskaradak berriro egin ditzan. Azkenengoak 1933. urtean egin ziren eta igande honetan Ligiko eliza ondoko plazan euren lehen agerraldia eskainiko diguten maskaradakarietatik bakar batek ere ez zituen urte hartakoak ezagutu, noski. Ikusliarretan ere oso gutxi izango dira, izatekotan ere. Alabaina, hain tarte luzea egon arren, Ligi-Athereiko gazteriak maskaradak aurten antolatzeak esperantzari leiho bat ireki dio, hots, ez dela sekula ezer behin betiko galtzen.



Iragan urtean, Atharratzeko maskaradak deitu izan zirenak Basabürükoak izendatzea egokiagoa zitekeen, zeren eta herri ezberdinetako arizaleak egon baitziren eta horien artean Ligi eta Athereikoak. Beraz, berriki landutako alor baten ildotik ibili dira Larraine eta Santa-Grazirako bidean kokatuta den herri honetako gazteak. Herri bat erratea ez da sobera egoki, zeren eta, udal berdinean bilduak izan arren, Ligi eta Atherei bi herri baitira eta gainerat aurtengo maskarada hauetan hirugarren bateko arizaleak izango baitira, hain zuzen Athereitik hiru kilometrotan soilik den Lexantzükoak.



Neskak nagusi dantzari taldeetan



Ezen hamar bat herritara egingo dituzten ateralditan ikusiko ditugun maskarada hauetako dantzarietatik gehienak lexanztarrak baitira, herri honetan Zuberoako dantza-jauziak ikasteari tematu baitira gazteak azken urteotan. Lan honek emaitza ederrak sortu ditu, guztira bi aitzindari talde egongo baitira, beraz, binaka entseñari, txerrero, gatüzain, kantiniersa eta zamaltzain. Oso gazteak gainerat, azken maskarada guztiotan nabari den joeraren bidetik. Nagusitu egin den beste ezaugarri bat da, berriz, dantzari hauetatik gutiz gehienak neskak direla eta, hala, aurtengo aitzindarietan bi soilik dira mutilak.



Maskaradakari saldoaren gainontzekoak, haatik, mutilak dira, ez baita oraindik inor ausartu neskak sartzera kauteretan edo buhameetan. Agian, agian egun batez... Baina paper hau deramatenek basaki behar dute jokatu eta ez da, beharbada, neskarik aise ikusten horrelakoetan. Dena den, ikusliarrek betiko atseginez hartuko dituzte Pitxuren (Lucien Larraus Jora) barregarrikeriak, Kabana kauter nagusiaren (Serge Ager Bagaia) perediküaren gatz eta piperrak edota Buhame jaunaren (Beñat Casenave Ager) eta haren lagunen xelebrekeriak.



Pitxu da zuberotar, manex edo Hegoaldekoek begikoena duten pertsonaia eta aurtengo maskaradetan ere ikusleak zain egongo dira nondik aterako ote den, Kerestu eta Xorrotx nagusiek langile bezala behartzeko Ho Pitxu, ho!¡ oihua botako dutelarik. Aurtengo lehen agerraldian behintzat, agertzen ikusiko bezainbat entzungo dutela ziurtatzen ahal dizuegu, baina xo! ez genuke aurretik guztia salatu nahi...



Dantzez, perediküez eta bata zein besteen jokoez gain, maskaradan kantariak ere badira eta paper hori Xorrotxei tokatzen zaie. Izenak ematen hasi garenez, erran dezagun Xorrotxak Peio Kihillalt Barnetxe eta Johañe Etxebeste Elixagarai izango direla. Hauek ezpata zorroztuko dioten Jauna, berriz, Felix Bozom izango da, eta bere Anderea Marie-Pierre Boyrie Espil.



Horiek guztiak eta ez izendatzea barkatuko diguten besteak ikusi ahal izango dituzue igande honetan Ligi-Atherein, beraz, eta hurrengo igandeetan, apirilaren 15era bitartean eta hurrenez hurren, Barkoxen, Muskildin, Atharratzen, Idauze-Mendin, Zalgizen, Larrainen, Altzürükün, Lakarrin eta Lexantzün.

Dokumentuaren akzioak