Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Ligatzeko eta mozkortzeko tenpluak

Dokumentuaren akzioak

Ligatzeko eta mozkortzeko tenpluak

1960ko hamarkadan hainbat dantzaleku zeuden Donostian, eta igande arratsaldeetan, jendez betetzen ziren. Nahi eta ahal zutenek, ligatu egiten zuten, eta horretarako aukerarik ezean, parranda ederrak ere egiten zituzten.
Egilea
Sara Ibarguren
Komunikabidea
Irutxuloko Hitza
Tokia
Donostia
Mota
Albistea
Data
2024/04/26
Lotura
Irutxuloko Hitza
igeldoko gaztelua
Monte Igeldo kasinoa, 1912an inauguratu zutena. Monte Igeldo elkartea
Dantzaren Nazioarteko Eguna ospatuko da astelehenean, eta gaur egun ia horretarako ohiturarik ez badago ere, garai batean, duela 60 urte inguru, Donostian eta beste hainbat herritan dantza egitera joaten ziren herritarrak: dantza gustuko zutenak, edo besterik gabe, giroaz gozatzea nahiago zutenak, igande arratsaldeak lagunartean pasatuz.

Ahotsak.eus atariak 2009ko irailean Jokin Muxika Lasa donostiarrari egindako elkarrizketa batean, dantza egiteko tokien inguruan galdetu zioten, eta hainbat kontu interesgarri kontatu zituen Muxikak. Ligatzeko toki nagusiak ziren dantzalekuak, haren hitzetan: «Bikote zirenek, tabernetan egiten zuten dantza, baina igandeetan, Igeldon izaten zen horretarako aukera. Orain hotela dagoen lekuan, garai batean, kasinoaren gisakoa zen eraikin horretan, hain zuzen ere. Grosen ere bazegoen frontoi bat, Fronton Gros, eta haren azpian Salon Vitoria zegoen. Han ere dantza izaten zen. Horrez gain, ibaiaren ondoan, Principe de Saboya hotela zegoen, eta han ere dantza izaten zen».Ramon Maria Lili pasealekuan zegoen Principe de Saboya hotela, eta 1926tik 1968ra bitarte egon zen zabalik.

Loiolan ere bazen beste dantzaleku bat: Txomiñenea. Eta Errenterian eta Hernanin ere dantzalekuak zeudela kontatu zuen donostiarrak. Muxikaren arabera, leku horietako bakoitzean jende desberdina ibiltzen zen. «Igande arratsaldeetan, jendea sakabanatu egiten zen dantza egiteko», azaldu zuen.

Ordea, denak ez zirela dantzara joaten ere nabarmendu zuen: «Zenbat aldiz joan ote garen Igeldora kuadrillan, eta dantzarik egin gabe, han garagardoa edaten aritu, eta berriz Donostiara».

Kazetariak, Igeldora dotore jantzita joan behar ote zen galdetu zion orduan, eta Muxikak erantzun zion hori ez zela oso ohikoa Igeldon; bai ordea, Principe de Saboya hotelean. Horrekin lotuta, oso abesti polita» atera zutela ere oroitu zuen Muxikak: «Los Barbies al Monte Igeldo, los fueles al Urumea —Principe de Saboya hotela, edadean sartutakoak joaten zirena— y los que no tienen dos reales se van a Txomiñenea».

Igeldo, dantzalekuen errege

Igeldoko Juan Kruz Baldak Monte Igeldoko dantzalekuaren inguruko xehetasun gehiago azaldu dizkio hedabide honi. Baldaren hitzetan, «aberats itxura egin behar zuten pobreak» joaten ziren hango dantzalekura: «Ligatzeko, aberatsak zirela sinetsarazi behar genuen, eta trajea jantzita, gorbata eta guzti joaten ginen dantzalekura».

Aurretik aipaturikoez gain, «oso famatua» zen beste dantzaleku bat ere oroitzen du Baldak; Igeldoko Ku dantzalekua, gaur egun Pedro Subijana sukaldariaren Akelarre jatetxea dagoen tokian zegoena. Hara, «Jesukristoren parranda» egitera joaten omen zen jendea, eta denak nahiko hordituta ateratzen omen ziren bertatik, Baldaren arabera. «Gazteenak 17:00etatik 21:00etara edo 22:00etara joaten ziren Kura, eta ordu horretatik aurrera eta 06:00ak bitarte, jende helduagoa izaten zen dantzalekuan. Denak ere mozkor-mozkor eginda irteten ziren Kutik», adierazi du.

Poliziak horren jakitun zirelarik, alkoholemia kontrolak egiten hasi ziren Ku dantzalekuaren kanpoaldean. Baldak azaldu duenez, berehala aurkitu zuen jendeak kontrol horiek ekiditeko modua, eta Murgiletik eta Pillotegitik hasi ziren Donostiara autoz jaisten. Ordea, gogoratu behar da «mozkor-mozkor eginda» irteten zirela dantzalekutik, eta beraz, Murgilen eta Pillotegin hainbat istripu gertatzen zirela. «Azkenean, hor ere kontrolak jartzen amaitu zuten», azaldu du Baldak.

Pedro Subijanak berak El Diario Vasco egunkariari 2020an azaldu zionez, «Ku iraultza bat izan zen Donostian, modernitatearen punta bat, Londrestik iristen ziren talde harrigarrienak aritzen ziren leku bat, non frantsesak hurrengo goizera arte dibertitzen ziren eta donostiar askok ilea harrotzen zuten».

Ordea, gizarte ohituren aldaketak eta zorrak medio, 2004an itxi behar izan zuten Igeldoko dantzaleku ospetsuena.

Dokumentuaren akzioak