Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Lierni Kamio eta Iker Sanz: «Irabaztea burua altxatzeko eta ‘balio dugu’ esateko modu bat izan da»

Dokumentuaren akzioak

Lierni Kamio eta Iker Sanz: «Irabaztea burua altxatzeko eta ‘balio dugu’ esateko modu bat izan da»

Dantzari askoren ametsa ukitu eta eskuetan hartu zuten, larunbatean, Euskal Herriko 39. dantza txapelketa irabaziz

Egilea
Itzea Urkizu Arsuaga
Komunikabidea
Tolosaldeko Ataria
Tokia
Amasa-Villabona
Mota
Elkarrizketa
Data
2015/10/20
Lotura
Tolosaldeko Ataria

Jendeak kalean geratzen ditu, oraindik, zorionak emateko. Oinkari dantza taldeko gaztetxoek, berriz, miresmenaren dirdiraz begiratzen diete, ikastolako ganbaran, argazkiak ateratzen ari direla. Nestor Basterretxearen oroigarriak Lierni Kamio (Villabona, 1995) eta Iker Sanzen (Lezo, 1994) izenak ere zizelkatuta izango ditu, aurrerantzean, eta eskulturak Amasa-Villabonako udaletxea izango du aterpe, hurrengo urtera arte.

Zer da zuentzat Segurako txapelketa irabaztea? Ametsa?
Iker Sanz: ETBn txapelketari buruzko dokumental bat eskaini zuten, eta, han Joxe Juan Ugaldek esaten zuen bezala, dantza munduan Segurako txapelketa irabaztea, futbolean Championsa irabaztearen pareko da. Beraz, guretzat horixe da, dantzan eskuratu daitekeen lorpen handiena.
Lierni Kamio: Bai, niretzat ere bai. Dantza Suelto txapelketetan handiena da Segurakoa, gorena, eta hori irabaztea, guretzat, lor dezakegun handiena da.


Urteak daramatzazue bikote moduan dantzan, baina, nolatan hasi zineten?
I. S.: Ni Oinkarin hasi nintzen, duela zortzi urte. Lehenago beste bikote batekin aritzen nintzen, eta hemen Lierni ezagutu nuen. Gero eta konplizitate handiagoa sortzen joan zen bion artean, eta dantzarako gogoa ere bai.

Nola lortzen da konplizitate hori?
L. K.: Ordu asko pasatzen ditugu elkarrekin, eta beste erremediorik ez da geratzen! Berarekin harreman ona izatea ezinbestekoa da, bestela, bikotea hautsi egiten da. Dantzan gozatzera joan behar da, hori da garrantzitsuena, eta zure bikotearekin gozatzen ez baduzu, guztia galduta duzula uste dut. Beraz, denbora da horretarako sekretua.


Duela bi urte hirugarren postua, eta iaz laugarrena. Aurtengo helburua arantza kentzea zen, edo aurreikuspen zehatzik gabe joan zineten?
I. S.: Gu irabaztera joaten gara beti. Baina, egia da, aurten Segurara beste pentsamolde batekin gindoazela, udako azken txapelketetan beherakada egin baikenuen. Horregatik, argazkietan ikusten den bezala, sorpresa handia hartu genuen emaitza ezagutzerakoan. Egia esan, ez genuen espero txapelketa honetan hain gora iristerik.

Poza ere handiagoa, beraz?
L. K.: Bai. Ikerrek esan duen moduan, gu gurea egitera joan gara, ahalik eta ondoen. Irabaztea burua altxatzeko eta «balio dugu» esateko modu bat izan da, elkarrekin dantzan daramatzagun sei urteok zerbaitetarako balio izan digutela ikusteko; aurrera egiteko indarra eman digu.

Jende askok ez du imajinatzen dantzari batek Segurako txapelketa irabazteko zenbaterainoko prestakuntza behar duen.
I. S.: Nik uste dut ezin direla kontatu sartzen ditugun ordu guztiak. Batetik, bakoitzak bere dantza taldeko entsegu orduak ditu, eta txapelketarako orduak hortik kanpokoak dira. Beraz, astean ahalik eta entsegu ordu gehien egiten saiatzen gara, maila horretara iristeko. Esfortzu fisiko handia eskatzen du sueltoan aritzeak, eta hori ikusten da ETBk dantzatu ondoren egiten dizkigun elkarrizketetan.

Lehen konplizitateaz aritu zarete. Zer da zailena?
L. K.: Txapelketetan, urduritasunak jan egiten nau, eta hori gogorra izan da niretzat. Horregatik, emanaldi bat dela pentsatzen saiatzen naiz, eta gozatzera atera behar dudala. Aurten, Segurako txapelketarekin horixe ikasi dut, hain zuzen: pentsamolde horrekin oholtzara ateraz gero irabazi egiten duzula. Uste dut lortu dudala urduritasun horri aurre egitea, beraz.
I. S.: Dantzan gozatzen duzunean, zure dantza punturik onena ateratzen da. Alegia, atzoko entseguan teknika gehiago landu izanak, ez du esan nahi gaur teknikoki dantza hobeto egingo dudanik. Dantza barrutik ateratzen zaizunean, kanpotik nabaritzen da.
L. K.: Hori da, garrantzitsua da hori ere publikoari transmititzea.

Momentuko urduritasunaz gain, txapelketaren aurreko asteetan presio psikologikorik izan duzue?
I. S.: Bikotearekin lasai egotea da onena, nire ustez. Nik, adibidez, beti esaten dut, Segurako txapelketaren egunean etxetik alde egiten dudala, nire ama ni baino okerrago egoten da eta. Mendira joaten naiz, txakurrarekin, eta lasai joaten saiatzen naiz.

Puntuazioei begira jarrita, lehen hiru postuetarako lehia estua izan zen larunbatean. Nola ikusi zenituzten zuen lehiakideak?
I. S.: Zazpigarren lekuan aritu ginenez, ordura arteko bikoteak ez nituen  dantzan ikusi. Eta, hain justu, lehen postuetan sailkatu ziren bikoteak gure aurretik aritu ziren. Beraz, benetan ez dakigu dantza nola egin zuten. Egia esan, gogoz naiz bideoa ikusteko.
L. K.: Nik Ikerri esaten nion: «Dagoen mailarekin, ez dut ikusi ere egin nahi gainontzekoek zer egiten duten, urduriago jarriko naiz eta». Beraz, gure dantza errepasatzen aritu ginen atzean.

Oreka hori ona da dantza txapelketentzat?
L. K.: Bai. batez ere norberak irabazten duenean, garaipen horrek balio handiagoa baitu. Ez duzu erraztasunez irabazi, beraz, sariak motibazio handiagoa sortzen dizu. Bikote batek erraz irabazteak ez du graziarik, eta oreka horrek jartzen du saltsa, bai guretzat, eta baita publikoarentzat ere.
I. S.: Era berean, lehiakideek maila ona emateak, eta zailtasun hori izateak, norbere buruari beste diziplina bat ezartzeko ere balio du.

Zuen garaipen urtea berezia izan da, lehen aldiz bost herrialde ordezkatuta egon direlako txapelketan. Zein iritzi duzue estilo aniztasun horren inguruan?
I. S.: Hori onura bat da txapelketarentzat, beti bikote gipuzkoarrak eta bizkaitar gutxi batzuk ikusteak monotonia sortzen baitu. Euskal Herriko txapelketa da, Euskal Herri osoak parte hartu behar du, eta ea hurrengo urtean bikote gehiago animatzen diren.

Euskal Herritik, Tolosaldera. Zazpi dantzari parte hartzekoak zineten, azkenean bost aritu zineten arren. Dantza bizirik ikusten duzu eskualdean, Lierni?
L. K.: Bai. Eskualdean dantza talde asko daude, eta talde horietatik zazpi dantzarik Segurako txapelketan izena ematea nabarmena iruditzen zait. Gainera, gu ikusita ere jendea animatuko dela uste dut. Eta, nahiz eta telebistan ez atera, txapelketatik kanpo ere dantzari asko aritzen da Tolosaldean, gu bezalaxe.

Txapelketen denboraldia amaitu da, datorren udaberrira arte. Berriro entseguei ekiteko gogoa berpiztu dizue garaipenak?
L. K.: Balio izan digu aurrera begira gehiago saiatzeko, entseguetan motibazio handiago bat izateko.
I. S.: Orain hilabetetxo bat hartuko dugu, txapelketetako entseguetan oporrak egiteko. Taldeko entseguetan jarraituko dugu, beraz, espero dugu forma gehiegi ez galtzea. Besteak ere hasiko dira entseguetan, eta ez dugu atzean geratu nahi!

Dokumentuaren akzioak