Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Libertimenduak: ihaute herrikoiak, euskararentzat arnasgune

Dokumentuaren akzioak

Libertimenduak: ihaute herrikoiak, euskararentzat arnasgune

Euskal Herriko kulturan funtsezko diren ihaute garaiko libertimenduak heldu dira. Aurten, udaberriari ongi etorria emateko, Euskal Herriko zortzi herrik errezibituko dituzte. Amikuzeko gazteak Kazeta.eus atariarekin mintzatu dira.
Egilea
Irati Esparza--Guimon
Komunikabidea
Kazeta
Tokia
Amikuze
Mota
Albistea
Data
2023/02/08
Lotura
Kazeta

 Amikuzeko gazteak urtarrilaren 28an egin errepikan Domintxinen.

Amikuzeko gazteak urtarrilaren 28an egin errepikan Domintxinen. (Patxi BELTZAIZ)

Aurtengo ihauteri garaia abiatu da eta baxenafar kulturako herrietan erroak dituen libertimenduaren aldi izanen da laster. Negua, hotza eta iluna islatzen dituzten Santibateak iragaten ari dira lehenik hainbat herritan, neguko indarrak nagusitzeko. Libertimenduan, berriz, bedatsea hurbilago dago eta udaberriko indarrak izanen dira nabarmenduko direnak. Hauxe da libertimenduaren funtsa eta dantzek, kantuek eta herri antzerkiak aberastuko dituzte bazterrak.

Izan ere, aurten ere, egutegia aski betea izanen da, zortzi libertimendu deskubritzen ahalko baitira otsaila eta martxoa bitartean Euskal Herrian gaindi. Otsailaren 12an iraganen da Baigurakoa Lekornen, ospakizunari hasiera emanez. Hurrengoa Añorgakoa izanen da, otsailaren 18an. Biharamunean, Donibane Garaziko libertimendua itzuliko da, joan den urtean ezin izan baitzen ospatu. Iruinkokoak ere Iruñeko karrikak hartuko ditu egun berean. Hilabetea ongi borobiltzeko, 26an Donapaleuk hartuko du Amikuzeko libertimendua. Martxoko hiru hitzorduei dagokienez, 5ean Baigorrin, 11n Hazparnen eta 12an Bunuzen iraganen dira.

«Zirtzilek haien azken berriak ematen dituzte eta urte batez joaten dira, bakea utziz» azaldu dute Amikuzeko zirtzil taldeko kideek KAZETA.EUS atarian. Herrietako gazteek antolatzen duten ikusgarrian, bertako edozein gai aipatzen dute, mundu mailako aktualitatearekin batera: politika, ekonomia, ekologia, gizartea… Bukaeran bost antzerki parte ematen dituzte, herriko plazan ikusgai direnak.

«Hitza hartzen dugu plazan, euskaraz ari gira, eremua hartzen dugu» diote gazte amikuztarrek

«Bederen hemen segur gira euskara aritzeaz»

«Oro har libertimenduak arrakasta duela erran behar da, jendeak hitzordu hori itxoiten baitu» adierazi dute amikuztarrek. Haien helburuetako bat euskal kultura atxikitzea da, euskaraz bizitzea eta noski ondorengoei transmititzea. Gazte taldearentzat libertimendua euskara hutsean pentsatu eta egiteko leku bakarrenetarikoa da. «Arnas gune bat da, bai aritzen denarentzat bai ikusiko dutenentzat. Erakusten dugu badela bizi bat euskaraz, batzuk ez baitakite». Alta, ez da ahantzi behar «helburua irri egitea» eta ongi pasatzea ere dela.

Amikuzeko libertimendua prestatzen ari dira hamar zirtzil, beste hainbeste musikari, 30 dantzari eta bi bertsulari, 2022ko urritik. «Lagun talde bat gira eta libertimendua plaza gainean egin eta, giroak gogoa emaiten du berriz parte hartzeko hurrengo urtean» azaldu dute errepika egunean. Libertimenduan parte hartzeak «euforia» delako bat sortzen du, denen arteko kohesioa sortzen eta sentitzen dutelako. «Baina publikoak ematen du indarra», azpimarratu dute. Haien hitzetan, sentimendu azkar horrek du euskal komunitatea sortzen: «hitza hartzen dugu plazan, euskaraz ari gira, eremua hartzen dugu» jarraitu dute gazteek.

Gazteek antolatzen duten ospakizuna denez, normalki jendea 30 urte izan aitzin gelditzen da, belaunaldi berriak jasotzeko, transmisioa helburuetako bat baita. «Lizeora iristean hasten da jendea libertimenduan parte hartzen» diote, baina gehienetan dantzari gisa izaten da. Aurten, dantzari taldean «egiazko belaunaldi aldaketa» izan da Amikuzen, «sartze handia» izan dutenez, gazte askoren «lehen libertimendua» izanen da.

Azken hogei urteetan sua pizten eta hedatzen aritu direnen artean Antton Luku eta Mattin Irigoien izan dira pertsonarik garrantzitsuenak, haiek berpiztu baitzuten duela zenbait urte libertimenduarekiko jarrera. Gerora, bereziki gazteek berreskuratu dute joan den mendean galtzear izan zen ohitura eta urteak pasa ahala, indarra hartzen joan da berriz ere.

Dokumentuaren akzioak