Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Libertimendua, iruindar estiloan

Dokumentuaren akzioak

Libertimendua, iruindar estiloan

Egilea
Uxue Gutierrez Lorenzo
Komunikabidea
Argia
Tokia
Iruñea
Mota
Kritika
Data
2024/02/23
Lotura
Argia
Argazkia: Iruinkokoa                       

IRUINKOKOA

Noiz: otsailaren 11n.

Non: Iruñeko Alde Zaharreko kaleetan.

----------------------------------------------------------

Iaz kale egin ondoren, 2024an bueltatu naiz Iruinkokoa ikustera. Sortzaileentzat seigarrena izan da aurtengoa, niretzat bigarrena. Estreinakoan ez bezala, aurten badut espektatibarik sortua emanaldiaren bueltan. Ezagutzen ez duenarentzat (duela gutxi arte, niretzat barne), Iruñeko inauteri euskalduna da Iruinkokoa, libertimendu formatuan emana. Dantza, musika, herri antzerkia eta bertsoak uztartzen ditu emanaldiak eta pil-pilean dauden gai lokalei (eta ez hain lokalei) egiten die erreferentzia kontakizunak. Urteko errepaso satirikoa.

Goizean goiz hasi dira kokoxuriak eta kokobeltzak Iruñeko Alde Zaharrean gora eta behera asaldurak egiten. Kalez kale ibili ondoren, 12:30ean heldu dira kokoxuriak, kokobeltzak, musikariak eta bertsolariak plazara, eta hasi da festa.

Gogoan dut 2022ko emanaldian Hedoi Etxarteren sortaldekoak, Chill Mafia, Kai Nakai, Ernai eta GKS izan zituztela hizpide, besteak beste. Aurtengoan, berriz, politikangintza instituzionalak hartu du pisua. Nafarroako egoerak eman du zeresana azkenaldian eta Ameriketako Estatu Batuetako institutuetan egiten diren ikasturte amaierako dantzaldia bailitzan irudikatu dute. Txibite quarterback-ak nor aukeratuko du dantzaldira joateko? Zurekin Nafarroako kideak noraezean dabiltza, Asiron neskatoari lerdea dario Txibite ikusten duen bakoitzean eta inguruan dabiltza Ibarrola, Caballero eta Euskal Herriko Kontseilu Sozialista ere bai.

Kontakizun horrekin barre algarak sortuta, lekua egin diete Sarai Robles eta Sustrai Colinaren bertsoaldiei. Segidan bueltatu dira kokoxuriak dantzara, eta horrela osatu dute hiruki segida lauzpabost aldiz protagonistek. Satirarekin segituta, Palestinarekiko elkartasuna eta kontraesanak azaleratu dituzte kokobeltzek. Zein da manifestazio egokia? Bilbokoa, Donostiako ala Iruñekoa? Argi borobildu du Sarai Roblesek: “Gu hobeto sentitzeko modua besterik ez da”. Eta punto.

Gai zerrenda luzea jorratu dute antzezleek: 5G-a, Euskal Herriko Topagune Sozialistaren baimen eskaera, LABAko alkoholik gabeko garagardoak, anarkisten desagerpena… Eta, noski, Jon Maia. Eta, jakina, Nafarroako kanpinak ‘inbaditzera’ doazen gipuzkoarrei egur pixka bat. Ia bi orduko emanaldia osatu dute, eta bukaeran borobilean jauziak dantzatu dituzte kokoxuriek eta ikusleetako askok (hor nabaritu da nortzuk diren iruindarrak eta nortzuk garen kanpotarrak).

Oxala Iruinkokoa Euskal Herriko txoko guztietan sortzeko aukera, kompromisoa eta ausardia izango bagenu. Iruinkokoak erakusten digu gure buruari barre egitea sendagarria eta beharrezkoa dela. Kritika, autokritika, dibertimendua eta herrigintza. Iruinkoko gehiago behar ditu Euskal Herriak.

        

Dokumentuaren akzioak