Dokumentuaren akzioak
Libertimendua Donibane Garazin barna
«Garaztar guztien memorian Libertimendu ematera ateratzen ziren bolantak, inauteri kari betidanik. Izen horrek libertitzea erran nahi du, jolastea, eta libertimenduak gure adimenean jostatzen ausagailuarekin egiten du oihartzun».
Horrela dio Antton Lukuk 2014an. Pamiela argitaletxearen bitartez, plazaratu zuen Libertitzeaz izenburuko liburu eder eta mardulean. Orduz geroztik, liburu hau dugu gaur egiten diren libertimendu guzien abiapuntu eta arau-emaile, Antton Luku izan baita urte luzez baxenafar ihautea aztertu, landu eta praktikara eraman duena Garazi aldeko gazteekin batera.
Sekulako lana egin du, bai idatziz eta bai urtero libertimendua Donibane Garazin antolatzen; eta ongi egindako lana, bihotzez ereindako hazia, jadanik, landare eta fruitu ederrak ematen ari dira.
Santibateak eta libertimendua (ihaute beraren bi egun ezberdin, lehena neguaren garaipenarekin lotua, eta bigarrena udaberriaren iratzartzearekin) jadanik ospetsuak dira Baxe Nafarroako bazter guzietan, eta baita Euskal Herri osoan ere. Duela urte batzuk, Donibane Garazin egiten zituzten, eta emeki-emeki beste herri eta eskualdetara zabaldu dira: Amikuzen, Baiguran, Oztibarren, Baigorrin, Hazparnen… Eta hau hasiera dela erranen nuke nik, oraindik gehiago zabalduko delakoan bainago.
Zoriondu nahi nituzke santibate eta libertimendua antolatzen eta gauzatzen ari izan diren guzi-guziak, urte orotan bezala, lan bikaina egin dutelako. Aupa garaztarrak!
Aurten, urtarrilaren azken astean, Santibateak egin zituzten Donibane Garazin, eta arizale guziak, bolantak, zirtzilak, andere xuriak, ziganteak… karrikaz karrika eta ostatuz ostatu ibili ziren, ohikoa duten bezala, neguko eta udaberriko indarren arteko talka eta borroka irudikatuz. Azkenean, neguko indarrak atera ziren garaile. Otsailaren 11n, berriz, Libertimenduaren tenorea iritsi zen Donibane Garazira. Arizaleek hitzordua goizeko 10:00etan zuten Luisenia ostatuan, eta hortxe ibili ziren gosaltzen eta egin beharrekoak ongi prestatzen eta lotzen. Ordurako, Donibane Garaziko karriketan leku guzietatik etorritako jendeak ikus zitezkeen. Egun berean libertimendua zen Gipuzkoako Añorgan eta Iruñean, baina hala eta guziz ere, jende ainitz hurbildu zen Donibane Garazi ederrera. Bezperako euriak eta haizeak denon buruan zeuden arren, azkenean, ez zuen horrelakorik egin, eta eguraldi hotza baina polita nagusitu zen Baxe Nafarroako hiriburuan.
10:30ean kabalkadaren abiatzea zen ziutadelako goiko aldean, eta hori jakinik, harantz abiatu ginen. Hantxe zeuden denak jadanik jantzita edo erdi jantzita: zapurrak beren kapelu beltz handiekin, ziganteak, makilaria, banderaria, zuriz jantzitako bolantak, andere xuriak... eta zirtzil tropa handia, eskuan ardaxka handiak eramanez. Ttanko hasi ziren mugitzen, pettar behera, Ziutadelako karrikatik barna, ohiko ihaute doinu alegeren erritmoan. Bazter guzietan bazen jendea, arizaleak animatzen, argazkiak ateratzen, kabalkadaz gozatzen...
Hamabost edo hogei minuturen buruan, kabalkada herriko merkatu estalira iritsi zen, ordurako jendez mukuru zena. Eta berehala libertitzeari ekin zioten, hau da, egiazko istorioak eta gertaerak kontatzen eta antzezten hasi ziren, umorezko kritiken bidez. Arizaleak, horietako batzuk aski gazteak, biziki ongi ari izan ziren, jokoz eta hitzez, mezua ongi helarazten eta bildutakoen bihotzak alaitzen. Miren Artetxe eta Maialen Arzallus bertsolarien saioak ere, bikain-bikainak eta arrunt zirikatzaileak izan zirela aipatu beharra daukat. Dantzariak bikain aritu ziren: Lau ainarak, Ostalerra, Maiana, Azkaindarrak, Xibandiarrak, Lapurtar motxak, Euskaldunak, Sorginak, Sokadantza, Dantzaluze eta horrelakoak eskainiz. Bukaeran, zirtzilen eta gainerakoen arteko borroka irudikatu zuten dantza baten bidez, eta udaberriaren indarrak, hau da, bolantak eta gainerako guziak, atera ziren garaile. Zirtzilek eta neguak ihes egin zuten merkatu plazatik eta bolanteak eta udaberria gelditu ziren garaile.
Gero gerokoak, guziendako mutxikoak, fandangoak… eta herri bazkari goxo eta alaia.
Nik kronika moduko hau bukatu aitzin, zoriondu nahi nituzke santibate eta libertimendua antolatzen eta gauzatzen ari izan diren guzi-guziak, urte orotan bezala, lan bikaina egin dutelako. Aupa garaztarrak!
Eta baita, nola ez, hango bazter batetik libertimendu osoa gogo-bihotzez jarraitu zuen Antton Luku jauna ere, bera izan baita sortzaile, piztaile, eragile eta bultzatzaile nagusia Baxe Nafarroako ihautearen berpizte eta hedatze berrian. Ongi egindako lana ederki loratu da baxenafar lur emankorretan. Biba zu, Antton, eta biba antolatzaile eta parte-hartzaile guziak!
Dokumentuaren akzioak