Dokumentuaren akzioak
Libertimendu urte, bozkario urte
Iparraldean hiru inaute mota daukagu: Lapurdiko Ihauteria, Zuberoako Maskarada eta baxenafar kulturako herrietan egiten duten Libertimendua. Jakina da behe-nafarrera izeneko euskara, bere bi aldaeretan: mendebaldekoa eta ekialdekoa, Nafarroa Beherean gain, Lapurdiko ekialdeko herrietan eta Zuberoako ipar-mendebaldean ere egiten dela, eta eskualde horietako kultura baxenafarra dela. Beraz, libertimendua eremu zabal horietan egin eta egiten ohi da.
Bi Gerla Handiek euskararen eta euskal kulturaren gibelatzea ekarri zuten, eta inaute giroko jaiak, beste gainerako kultur ekitaldiekin batera, abantzu desagertzeraino amildu ziren. Hirurogeita hamarreko hamarkadatik ikastolek eta euskaltzaleek egindako lan handiari esker, euskara indartu eta euskal kultura arrapiztu egin da Iparraldeko hiru herrialdeetan. Arrapizte honek libertimendua berriz herrietako karrika eta plazetara ekarri du.
Euskal inautea neguko solstiziotik udaberriko ekinoziora doan denboraldi luze, hotz eta hitsa da. Lurra lo dago eta berotasunaren eta biziaren emaile den eguzkia ama-lurraren kolkoan ezkutaturik daukagu. Hortik atera behar da uztak eta lur azaleko bizimodua itzul dakizkigun. Eta horretarako, erritual eta bide franko ditugu euskal inauteriaren barruan: Zubieta eta Iturengo joaldunak, Arizkungo sagar-dantza, Lantzeko pertsonaiak, Altsasuko momotxorroak eta abar.
Libertimenduan ere gauza bera bilatzen dute. Inaute mota honek lehen bi aldi zituen: Santibateak (urtarril-otsailean) eta Libertimendua (otsail-martxoan). Gaur zenbait herritan biak egiten badituzte ere, beste zenbait herritan lehena egiten dute bakarrik, edota bigarrena soil-soilik. Santibateetan (Santa Agateetan) negua, hotza eta iluna dira nagusi, eta neguko indarrak (zirtzilak) nagusitzen dira. Libertimenduan, berriz, bedatsea (belar hatsa) hurbilago dago eta udaberriko indarrak dira nagusitzen direnak (bolantak, andere xuriak…) Hauxe da libertimenduaren funtsa, eta dantzek, kantuek eta herri antzerkiak honen egitura osatzen eta aberasten dute.
Aurten, libertimendu urtea dugu, hau da, bozkario urtea. Santibateak izan dira otsailaren 1ean Irisarri, Ortzaize eta Suhuskunen, otsailaren 2an Donibane Garazin, otsailaren 9an Amikuzen, otsailaren 23an Baigorrin, otsailaren 9tik martxoaren 2ra Luhuso, Makea eta Lekornen eta martxoaren 9an Urepele, Banka eta Alduden. Libertimendua Luhuso, Makea eta Lekornen otsailaren 9an, Amikuzen otsailaren 24an, Iruñean martxoaren 3an eta Urepele, Banka eta Alduden martxoaren 17an.
Ikusten dugunez, inaute besta hau gora doa. Aurten ez da Donibane Garazin eta Baionan libertimendurik izan, eta hauxe da ukan dugun alde ezkor bakarra. Dena den, iduriz, heldu den urtean garaztarrek berriz egiteko asmo bizia omen daukate. Gaitz erdi, beraz.
Aurtengo lehen libertimendua Luhuso, Makea eta Lekorneko gazteek egindakoa izan zen. Luhusoko plazan egin behar bazuten ere, azkenean, euria eta hotz handia zirela eta, Makeako biltokiaren aitzineko txoko estalian izan zen. Goizeko hamarrak irian aipatu biltokitik arizale guztiak atera ziren. Aitzinean zapurrak eta ondoren makilaria eta bolantak; horien gibeletik andere xuriak, zirtzilak eta gainerakoak. Ehun bat lagun osora. Herrian zehar ibili ondoren, ordurako jendez gainezka zen lehen aipatu dudan txoko estalira itzuli ziren. Estalia bai, biltokiari itsatsirik teilatupeko toki zabala zelako, baina aitzinean eta ezker-eskuinean bat ere hormarik gabea. Horrela izanki, hotz handia zen nagusi hautatu toki berezi hartan.
Iritsi orduko hasiera eman zioten bi oren inguru luzatu zen ekitaldiari. Dantzak, bertsoak eta ohiko antzezpen kritiko eta umoretsuak izan ziren, bata bestearen atzetik, inolako atsedenik gabe. Gaien artean ez zen jaka edo atorra horien aipamena falta izan. Elixabet Etxandi eta Amets Arzallus bertsolariek giroa ederki berotu zuten haien bertso zirikatzaileekin. Bukaera aldera, neguko eta udaberriko indarren arteko norgehiagoka irudikatu zuten, eta libertimendu guztietan izaten den bezala, honetan ere bedatseko edo udaberriko indarrak atera ziren garaile.
Ondotik, publikoarekin batera, ohiko dantza-jauziak eta fandangoak dantzatu zituzten. Eta egunari azken txanpa emateko, biltokiaren giro goxoan, herri bazkari alaia izan zen. Hor izan genuen denok solasteko eta bertso bikainak entzuteko aukera bikaina. Gainerako libertimenduak ere, arrakastatsuak izan dira eta hurbildu den publikoak izugarri gozatu du arizaleen jokoarekin. Donapaleukoa izan zen ikaragarri ona, baita Iruñekoa ere, eta Urepelen egindakoa aurtengo libertimendu saio oparoei amaiera bikaina eman zien saio paregabea izan zen. Heldu den urtean ere, santibatez eta libertimenduz beteriko urte naroa izan dadila.
Dokumentuaren akzioak